0. Aurkezpena
“Bizkaieraren Ataria” honetan -tzat atzizki prolatiboaren era eratorri biren gainean jardun dogu honezkero: -entzat benefaktikoaz (2017-02-24) eta -tzakoa dalakoaz (2018-05-04), baina ez dogu zuzen jo -tzat atzizkia aztertu eta arakatzera. Horixe da, bada, oraingo idatzi honen xedea.
Arrazoi praktikoak be badira horretarako; sarritan sortu ohi diran zalantzak, noraezak eta, txarrago dana, okerreko erabilerak. Batzuetan lez edo bezala ikusten dogu -tzat horri lekua kentzen, beste batzuetan izen edo adjektibo mugagabedun sintagma soila, -tzat bakoa, hau eta guzti hobeto legoken kontestuetan, eta azkenez, hizkera batzuetan, erdi eta ekialdekoetan sintagma mugagabea ohi darabilen kontestu batzuetan, sartaldekook -tzat erabiliko geunkenak.
Adibide bidez argitzeko: Zer emongo dabe saritzat? # Zer emango dute sari?
1.Atzizki prolatiboa, -tzat, ez da deklinabide-kasu berezi bat
Badira euskeraz atzizki bi, deklinabide-paradigma barruan zerrendaturik ohi dakusaguzanak, baina funtzino-marka berezi edo propio izan barik; funtzino-marka oinarrizkoen ordez baldintza berezi batzuetan darabilguzanak: -ik partitiboa da bata eta –tzat prolatiboa, bestea.
IS-nor baten ordezkoak beteten agiri dira kontestu jakin batzuetan eta berezitasun semantiko jakin batzukaz euskeraz: kasu absolutiboaren lekuan. Ingurune sintaktikoak halan eskaturik batzuetan, baina batez be maila semantikoan balio berezi bat adierazoteko.
Deklinabideko funtzino-markak, izen bategaz lotu orduan, erregulartasun batez darabilguz: edo mugagabez (/) edo mugatzaileaz, eta mugatzailea dabenean, singularra (-a, -ori/-au) edo plurala (-ak, -ok) onartzen dabe bitartean. Atzizki prolatiboak ez dau horrelako baldintzarik beteten: zuzen eransten jako aurreko izen edo adjektiboari: ume-tzat, gizon-tzat, oker-tzat, hil-tzat, ezerez-tzat. Hitzaren era soilari, mugagabeari. Eta horretan be ez dau onartzen izenkiaren eta atzizkiaren artean -e- bokal protetikoa, kasu-atzizki ohikoek onartzen daben moduan: gizon-e-k ergatiboak onartzen dauen antzera. Era berean ez dau onartzen mugatzailerik izen eta atzizkiaren artean: *gizon-a-tzat. Ez dau onartzen, beraz, sing./plur. partiketarik. Zenbatekoa, “numeroa”, neutralizatua dago beraz. Gizon-tzat horren azpian bat zein asko egon leitekez, baina ez dator harira.
2. Hitz kategoria diferenteen eta hitz-kate edo izen multzo konplexuen atzizki izan daiteke
Atzizki mugagabetzat aitatu izan da behin baino sarriago gramatiketan. Berez ez da ez mugagabe, ez mugatzailedun. Atzizki gramatikala da, baina soila. Guztientzakoa, edo edozeinentzakoa.
Egia da, berau dautsan izen edo adjektiboa gehienetan balio mugagabez erabilten dala. Txabola-tzat dinogunean edozein txabolaz ari gara, eta barritzat dinogunean be, barri izate soila predikatzen da, ez besterik.
Baina esaldia balitz “Perutzat hartu nau”, Peru ezagun batez dihardugu, eta ha eta guzti be -tzat atzizkia guztiz gramatikala da hor; izen sintagma semantikoki mugatua dogu Peru.
Atzizki honek malgutasun handia darakus hitz kategoriakaz alkartzeko orduan. Sarrien agiri diranak izen edo adjektiboak izanda be, hitz bakarreko beste kategoria batzuei be erraz eransten jake, eta unitate konplexuagoei be bai.
Hitz banangoen artean, honangoak aitatu leitekez, agirienak lez:
– Izen arruntak dira ohikoenak: senar-tzat, emazte-tzat, mendi-tzat, sorki-tzat, domeka-tzat;
– Adjektiboa dogu beste hitz-kategoria nagusia prolatiboaz: zoro-tzat, zahar-tzat, derrior-tzat, ezerez-tzat;
– Izen bereziak, gitxitan erabiliak, baina bideragarriak: Peru-tzat, Begoña-tzat, Bilbo-tzat, Europa-tzat, Gabon-tzat;
– Izenordainetan, zehaztugabe jakin batzukaz erabilten da batez be: nor-tzat, zer-tzat, edozein-tzat, zeozer-tzat, beste-tzat, inor-tzat, ezer-tzat. Pertsona-izenordainak berez posibleak izan leitekez, baina nekezago onartzen dira: Ni-tzat hartu zaitu edo Zu-tzat hartu dot erako esaldiak berez aukeran ditugu, baina nekez erabiliko gendukez. Erakusleakaz beste hainbeste jazoten da: Hatzat euki dot edo hautzat hartu dot nekez erabiliko gendukez. Egitekotan be: Hatakotzat hartu edo honetakotzat euki erakoak.
– Aditz partizipio soila be ugaria da, adjektiboaren paraleloa dan aldetik batez be: galdu-tzat, jakin-tzat, egin-tzat. Baina nekezago aditz partizipioak inguru-argumentuak ondoan dituala. Onartu-tzat emon errazago esango genduke Ez onartu-tzat emon baino. Ikasi-tzat daukat errazago esango genduke Zuri ikasi-tzat baino. Galdu-tzat euki errazago onartuko genduke Lagunek galdu-tzat euki baino. Baina hizkuntzak gramatika-legez bigarren honeek be onartzen dituala esango neuke.
– Zenbatzaile zehaztubakoetan, berariaz asko, gitxi eta nahiko dira erabiliak. Ezagunak dira: asko-tzat, gitxi-tzat, nahiko-tzat, baina bideragarriak hainbeste-tzat eta beste gehiago be.
– Zenbatzaile zehaztuakaz be, batzuekaz berariaz, eraz erabili daiteke: bi-tzat, zazpi-tzat, hamar-tzat.
Izen multzo, adjektibo multzo edo berba-kate konplexuagoei be eransten jake, gitxiagotan izan arren. Halan:
– izen + adjektibo multzoa: neska gazte-tzat, etxe barri-tzat, mendi altu-tzat;
– adjektibo multzoak: erdi zoro-tzat, guztiz santu-tzat, oso laztan-tzat;
– izelagun + izenaren multzoa: etxagun handiaren ume-tzat, erregearen seme-tzat;
– adnominal + izenaren multzoa: etxe oneko alaba-tzat, erakundeko zuzendari-tzat, gobernuko presidente-tzat.
3. Maisu joan ala maisutzat joan?
Izen sintagma mugagabe soila edota -tzat atzizkiaz markatutako izen sintagma, biak izan leitekez gramatikalak eta zuzenak kontestu askotan. Baina biak zuzenak izan arren, ez dabe beti gauza bera adierazoten. Bereizkuntza semantikoa egon ohi da bataren eta bestearen artean. Partiketa bat egingo bagendu, bata markatubakoa dala esanez eta bigarrena, markatua.
Urlia jauna maisu dago herrian dalako esaldian “egoera” markatzen da: urlia hori hain herritan maisu dala edo maisu dagoala adierazote hutsa da: norbait zer dan denporaldi jakin baten.
Maisutzat dago dinogunean, esangura bat baino gehiago adierazo leitekez beharbada, baina biak dira markatuak. Egon aditza lagun dauela, -tzat horrek presuposatzea edo aurre-eretxia adierazoten dau zelanbait: maisu dalakoan, maisu dalakotzat, maisu dala-ta gagoz edo dago ‘jentea‘, ‘norbait’ edo ‘norbera’, hitz egiten dauena, edo ‘bera’, maisu lanetan dabilena.
Bigarren adiera edo esangurea helburuagaz, xedeaz, egitekoaz loturik egon daiteke: maisu izateko, maisurako…, hau da, ‘zertarako’ esanguraz.
4. Prolatiboaren (-tzat) sintaxi eta esangurazko balio nagusiak
Sintaxi funtzinoaren aldetik, perpauseko IS-nor absolutiboaren –subjektua izan, zein objektu zuzena izan– predikatutzat, atributo ohi deritxan funtzinotzat joten da gaur egun gramatikan. Baina ezelan be ez adizlaguntzat, ez bestelako funtzinokotzat. Bestetara esanda, IS-nor predikatu baten kidekoa dogu prolatiboa, -tzat atzizkia aldean eroatea gorabehera.
Esangura aldetik, balio nagusi bi egotzi ohi jakoz euskal hizkerarik gehienetan.
Azkuek bere Morfología-n esangura baten ipinten dau indarra:
“Es elemento figurativo o hipotético que equivale a una de las muchas acepciones de la preposición ‘por’. Yainkotzat (Joann. Saind…) por Dios, como si fuera Dios; ontzat (Lard. Test. 305-14) por bueno, como si fuera bueno; dongatzat, lapur-usainekotzat, sorgintzat ta guzurtitzat (Per.Ab. 168-3), por malvado, por casi ladrón, por brujo y por mentiroso.” (Morf. 246).
Azkueren “por” horrek be esangura banak euki leiz berez, baina darabilzan kontestuetan “aurre-ustea”, “aurrezko eretxia”, gaztelaniazko “presunzinoa” dalakoa dau balio nagusia. Esanguraz hurrekoak izango lirateke: -lakoa menderagailua edo balitz lez aditz egitura, berbarako. Mogelen adibide hau balia bekigu: “On itxureaz ez zaite arrotu, / okerra zuzentzat ez dagizun artu” (Ipuinak).
Helburua, zertarakoa, da atzizki honen beste balioa, beharbada balio “tronkaltzat” hartu leitekena.
Zamarripak bere gramatikan izan eta ikasi aditzak joten ditu helburu balio hau adierazoten daben aditz adierazgarrientzat, gaztelaniaz honelan argitzen dauela: “puede significar para en el sentido de para desempeñar el oficio de y en el de para ser, respectivamente”. Eta honango adibideak ipinten ditu: “Ona da alkatetzat. Ez da gauza alkatetzat. Abadetzat ikasten dau”. (1931, 211).
Nafarroako ezkontza-fede formula zahar bategaz (Uterga 1547) on egin geinke atzizkiaren balio hau. Hara testua gaurkoturik:
“Nik, Martin, i Joana arzen aut neure alarozatzat [esposatzat], eta hik ar nazan ire esposotzat, eta prometatzen dinat ez berze emazterik egiteko i baizen bizi naizen artean, eta guardatzeko lealtala. Ala fede, ala fede.”
“Nik, Joana, i Martin arzen aut neure esposotzat, eta hik ar nazak eure esposotzat, eta prometatzen diat ez berze senarrik egiteko bizi naizen artean eta guardatzeko lealtala. Ala fede, ala fede, ala fede.”
Zeozeren ordez, beste zeozer dalakoan, gazt. “en sustitución de” balioaz erabilia da batzuetan, ibili, erabili aditzakaz eta besteren batzukaz. Zamarriparen adibide bat geuretuz: “Harri bat darabil mailutzat” (Emplea una piedra por martillo) (Gramática Vasca 1931, 210).
Balio beronen beste adibide bat: Katua atera eben erbi-tzat mahaira. Hau da: erbi orde, erbia dalakoan.
Mogelen hurrengo esaldi biok be balio hau on egitera datoz: “Okelatzat ipini jaku aketirenaren aragi gazitua” (Peru Abarka), hau da, okela orde. Edo idazle beronen beste hau: “ez dabee oetzat […] lasto zatiren bat baiño” (Konfesino). Eta akabukoz,
5. Prolatiboagazko aditzak
Eretxi, uste, suposatze eremuko adieraz darabilguzan aditz edo aditz lokuzinoak izaten dira -tzat atzizkidun sintagma bat hartzeko gai diranak. Maiztasunez agiri ohi diran batzuk izan leitekez:
Hartu, -tzat hartu segida barruan, gazt. ‘considerar, tomar por’ esangura eremuan. Hatarikoak dira: etxekotzat, kanpokotzat, adiskidetzat, areriotzat, ontzat, txartzat… eta beste izen edo adjektibo asko. Ildo horretakoak dira lelotzat, kokolotzat, inuzentetzat, tontotzat… hartu erako multzoak be.
Euki –eta edun– aditza be esangura beretsuaz edo hurrekoaz sarri agiri danetarikoa, predikatutzat aurrekoen antzeko izen edo adjektiboak lagun dituala. “Zeuk ez dozu pentsauko, baina harek zu zorotzat zaukaz”.
Ezagutu, ‘ezagun izan’ eta ‘birrezagutu’ adiera bietan: “Donga ta okerrean artua dala beti donga ta okertzat ezagutua” (Mogel Ipuinak)
Ipini, jarri tipoko aditzak: “Jainkotzat ipinten ditu bere etxekoak, eta beste guztiak ezereztzat”.
Jo, epaitu, ebatzi tipoko aditzak: “Ontzat jo beharko dogu daukaguna, hoberik agertzen ez dan bitartean”.
Ikasi, irakatsi, erakutsi tipoko aditzak: “Gauza apartekotzat erakutsi euskuen, gauza normala zana”.
6. Aditz lokuzino bihurtzeko bidean /-tzat + aditz/ multzoa/
Aditz multzo eginetariko asko -tzat hartu egituraz onduak dira. Batzu-batzuk aitatzeko:
– Aintzat hartu eta aintzakotzat hartu aditz multzo finko eta eginak dira gaurko hiztunontzat. “Inorena aintzat hartzen jakin behar da.” “Norberak ondo gurean esan eta, bada be ez, aintzat hartu be ez esan jakona.”
– Txartzat hartu eta ontzat hartu, gazt. “tomar a mal / tomar a bien”, guztiz ezaguna dogu: “Esaten jakon guztia txartzat hartzen dau”. “Zeuk gura izan ez arren, ez dau hain erraz ontzat hartuko”.
Euki aditza be oparoa dogu aditz lokuzinoen sorkuntzan. Ezagunenetariko batzuk aitatzeko:
– Zorotzat euki edo hartu. Hurrengo esaldiotan, berbarako: “Mundu guztiak zorotzat dauka, baina argia eta zolia da.” “Ez esan holakorik, norbera zorotzat hartzeko be!”.
– Zertzat euki, zeozertzat euki, edo nortzat euki be, maiztasunez erabiliak dira “considerar a alguien como” esamoduaren ordaintzat. Halan: “Zertzat naukazu zuk ni ba? Sorkitzat? Trapuzahartzat?”. “Zeozertzat dauka bere burua, ez edonortzat”.
– Ontzat euki eta txartzat euki multzoak be ondo finkatuak dira idatziz zein ahoz: “Ontzat daukeezanak diriala kaltegarrijak, ta txaartzat dagozanak, onak” (Mogel Ipuinak).
Emon aditzaz eregitako multzoen artean aitatzekoak dira:
– Jakintzat emon aditz multzoak be esangura finkoa irabazi dau, gaztelaniazko “dar por sabido” esamoduaren ordaintzat: “Ikasi ez doguna edo ez dakiguna jakintzat emoten bada, ostekoa be ez dogu ondo ulertuko”.
– Ontzat emon, gazt. “aprobar, dar por bueno” adieraz sarri: “Emon deutsadazan arrazoiak entzunda, gehiagoko barik ontzat emon deust azterketa”.
Eroan aditza be lehenago gehiago erabilia zan ontzat eroan lokuzino barruan erabilirik. Halan J. Mateo Zabalaren honetan: “Uste zenduan, bada, ontzat eroango eutsula Jaungoikoak gauza guztien jaubeak gastetea diruak joko eta banidadeetan, egonik pobretxu asko zer jan ezteukeela” (Bermeo).
7. Atzizki prolatiboa beste batzuen gainean
Puntu honetan ez gara luzatuko, baina -tzat beste erlazino-hizki baten gainean eregirik agiri daneko kasu batzuk aitatu bai laburzurrean.
– Daiguntzat eredua, helburu eremuko menderakuntza eregiteko atzizki zahar edo klasikoetariko bat -ntzat dogu, bizkaieraren sartaldean XIX. mendea ondo aurreratu arte bizirik iraun dauena. Añibarro idazlearen adibide bategaz on egingo dogu dinogunau: “Asmetan dodazanean gogoraziño ta tentaziñoak, enaz izutuko, ezpada, usoak usategira legez, egaz egingo dot laster, ta estalpetuko naz Jesusen biotzean, an sendatu ta erre nagiantzat bere amorezko suaz” (Lora Sorta).
– Etortekotzat eredua. Aditzizenaren gainean -tekotzat atzizkia. Iparraldeko tradizinoan sakon erroturiko eredua dogu, helburu-zentzu garbiagaz. Baina bizkaieraren sartalderengo partean be bizirik dirau: “Joatekotzat nago”, hau da, joateko usteaz nago. Zeanuriko lankide gazte bati jasoriko esaldia: Maider Etxebarria. 2016). J. Mateo Zabalaren idatzian: “bein egitekotzat artu ezketiño, ona izango da konfesiñoa” (Irun).
– Egindakotzat eredua. Aditz partizpioari -takotzat atzizkia dautsala. Ohiko erabilera gaur egun be: “Norberak egindakotzat erakutsi inork egindakoa.”
– Besteentzat eredua, benefaktibo kasuarena, -en genitiboaren gainean -entzat garatzen dala. Hau be helburuaren eremuari loturiko atzizkia.
8. Prolatiboaren aplikazino bitxi bat: /Aditz partizipio soila + sari/ edo /Aditz partizipioa + saritzat/
Gaztelaniaz “a cambio de, en recompensa por” egituraren balioaz, batez be berbaz, sarri darabilgun egitura honegaz amaiera emon gura geunskio idatzi honi. Egitura honetan, IS mugagabearen eta IS –tzat prolatibodunaren arteko zibuzabua agiri dalako, hain zuzen.
Ekintza adierazoten dauen partizipio soilari atzean sari edo saritzat gehitzea ohituren arabera, hizkera batzuetan sari, beste batzuetan saritzat gauzatu ohi da. Adibide bi, lekuko. Bata: “Zer emongo deustazu ortura satsa eroan sari?” (Barrutia. Bitoriano Uruburu). Bestea: “Berrogeta hamar euro emon deutsoz karterea topau saritzat” (Mungia. Iraile Iturri).
Iturriko
2019-04-12