Ze izen dozu?
Norbaiten izenagaitik itaun egiteko, zenbat biderrez gaur ez dogu entzuten: Nola deitzen zara? edo antzekoren bat, gaztelaniazko cmo te llamas? esamoduaren kalko ordaina, baina euskaldun zaharren ezpanetan nekez entzuten dana. Errazago entzungo ditugu honen ahoz, edo Zelan dozu izena? edo Zelan daukazu izena? edo Zelan jatzu izena? Bizkai itsasertzeko leku batzuetan hirugarren hau (Lekeitio).
Eretxi aditza erabilten zan lehenago sarri esangura horregaz, gaur klasiko sundea dauena, baina ha ta guzti be ondo aitzen dana batez be deritxo eta eritxon hirugarren pertsonakoak. Peru Abarka elabarrian Peru pertsonaiak bere burua Maisu Juani aurkeztu orduan, honetara agertzen deutso bere izena: Niri derist Peru Landetako, eta aurreratxuago barberu soineko apaindunari berarena itauntzen deutso, jakingureak edo kortesiak eraginda: Jakin gura neuke zelan deritxun. Eta biok bazkaltzen dagozan ardanetxe edo bentako neskamearen izena jakin gurarik, Peruren itauna: Ze izen dau? Eta Peruren erantzuna: Praiska deritxo. Barberuak atzera barriro Fraiska honi itauntzen deutso ugazabandrearen izena: ze izen dau? Eta neskatilearen erantzuna: Andra Madalena deritxo. Eta bada hirugarren aditz bat be, esan, horretarako erabilten dana. Obra bereko pasarte honetan birritan darabil idazleak, ez itauntzerakoan, ezpada erantzuterakoan: Niri esaten deuste Don Juan Jauna, erantzuten dau behin barberuak, eta Peruk be era beretsuan hari: Niri esaten deuste Peru batzuk, besteak Periko.
Peru eta Mari, Perua eta Maria
Pertsona bat, gizaki bat, izen berezi batez identifikatzen dogu euskeraz zein beste edozein hizkuntzatan, toki-izenak egiten ditugun legetxe. Izen berezia edo propioa izateak esan gura dau, izen hori gizaki bakarra izentetako erabilten dogula. Hori dala-ta mugatzailerik ez dau behar giza izenak, ez dau eskatzen a mugatzailerik, izen arruntak lez: Peru badau izena gure lehengusuak, Peru deitzen deutsagu, baina beragazko senidetasuna adierazoten dauen izena erabilten badogu, lehengusua deitzen deutsagu, hau da, lehengusu + -a. Nor da hor datorrena? itaunari erantzun geinkio, edo Peru, bere ponte-izenaz edo lehengusua, senidetasun izen arruntaz.
Kontu jakina da berez, badirala izen arrunt batzuk be mugatzaile barik izentetan ditugunak, batez be senidetasun hurrekoak eta norbera baino zaharrago edo goragoko mailakoak: aita, ama, aitita, amuma, aitabitxi, amabitxi, sarritan baita osaba eta izeko be eta lehenagoan holan erabilten ziran errege, erregina eta halangoren batzuk be. Mugatzaile barik erabilten ditugu hondino: ugazaba (ez ugazabea), aita ginarreba eta ama ginarreba eta hatariko gitxi batzuk. Baina mugatzaileaz ahoskatzen ditugu gehien-gehineak, ostera: aitaxea eta amaxea, anaiea, nebea eta arrebea, suina eta errana, senarra eta emaztea edota andrea eta gizona, koinatua eta koinatea, lehengusua eta lehengusinea hau bestetara be bai: lehengusina? eta horreen harikoak.
Persona-izen bereziak be erregistro arruntean batzuetan mugatzaileaz erabilteko ekandu zaharra ez da galdu. Durangoaldean herri-ipuineko pertsonaia ezagunak dira hondino Perue eta Maridxe, gaztelaniaz el Pedro y la Maria liratekeenak. Gernikaldean herri-mailan izen ezagunak dira Pedroa, Pabloa, Karmentoa edo Pilartxea, gaztelaniaz el Pedro, el Pablo, Carmen la grandota, la Pilarcita liratekeenak.
Matxalen Busturiko
Ponte-izenaren ondoan abizena, deitura, izelonbrea edo goitizena dogu guztiok. Abizen hitza aba-izen bikotxaren konposatu gisa sortu eban Sabino Aranak eta arrakasta handiz iraun dau gaur arte, deitura izena lekua kentzen bajoako be. Abizen edo aba-izen horrek persona bat bere aurretikoakaz, asabakaz dauen lokarria gogorazi gura dau, funtsean, urliaren seme edo jatorrikoa dala. Halan Ortiz, Ortiren semea litzateke, latineko genitibo-atzizkiaren bidez. Perez, gaztelaniaz Pereren semea dan legetxe. Edo Danielson edo -sen, Danielen semea hizkuntza anglogermaniarretan. Honetariko izen-deiturei deritxe patronimikoak, aitaren jatorria izentetan dabelako.
Euskeraz horretariko abizenak be badira, baina indar handiagoa hartu dau luzarora nongo semea erispideak, noren semea dalakoak baino. Eta nongo izate horretan etxea, auzoa, herria edo dana dalako toki-izena aitatzen da; bestela esanda, toki-izena bihurtzen da deitura edo abizen. Eta eremu batzuetan, batez be Araba partean, bitariko abizenak gorde dira: patronimikoak eta toponimikoak. Eta abizen konposatu honeei de preposizinoa erantsi izan jake: Diez de Txintxetru, Martinez de Albizua edo Lopez de Gereu, esaterako.
Beste euskal lurraldeetan be baziran antxina eredu horretako abizenak, baina luzarora toponimoa nagusitu izan da, ez aita-izena.
Izen toponimiko hori ponte-izenagaz alkartzeko, gaztelaniazko administrazinoak de preposizinoa erabili izan dau tradizinoz, alemanez von edo holanderaz van egiten zan antzera. Gaur egungo deitura batzuetan badirau de horrek, baina gehienetan galtzera egin dau, traba astunegia zalako.
Euskaldunen artean ko erabili izan da, administrazinoa gorabehera, deitura toponimikoen atzizkitzat: Erridrogitxu Baltzategiko, Peru Abendaoko, Errodrigo Zarateko, Inazio Loiolako, Andra Mari Begoako. Agiri zaharretan gitxitan baino ez dira gorde horretarikoak, letraduek gaztelaniara bihurtu barik geratu diran bakanak. Nafarroako dokumentazino zaharrean eredurik gehienak. Halakoak dira: Santxo Dorreko, Lope Gorteko, Nuo Miotako, Pero Iturrietako eta beste batzuk.
Norbait identifikatzeko, administrazino mailan abizena darabilgun moduan, herri ohituran hondino be nor nongoa dan esanaz errazago banakatzen dogu pertsona bat. Abizena alde batera itxi eta izenaren ondorik nor hori bizi den edo jatorri dauen herri, auzo edo etxearen izena emon. Halan sortuak dira, kasurako, herri-kopla zahar edo aspaldikoetan aitatzen diran andra-pertsonaia bi: Matxalen Busturiko eta Tretatxu Atxuriko.
Bide beretik sortuak dira erlijino munduan be: Andra Mari Martiko edo Kristo Andako.
Etxea izan da, funtsean, euskal deituretan emankortasunik gehien erakutsi dauena. Etxea, etxe tipo berezi bat, eraikuntza bat… Zenbat abizen dira etxe izena ointzat dabenak: Etxebarria, Etxezarra, Hormaetxe, Bazterretxe, Bengoetxea, Iturrikoetxea. Eleizea erreferentziatzat dabenak: Eleizburu, Elizondo, Elizegi, Elexalde, Elexabarri. Edo torre dabenak: Torre, Torrontegi, Torrealdai…
Martikorena
Halakoren edo urliaren etxea aitatzen daben abizenak be ez dira gitxi, batez be euskerearen ekialdean, ipar zein hego. Abizenon amaierak -ena eta enea izan ohi dira. Pertsona-izen edo ofizio-izen baten gainean eregiten da en edute-genitiboko atzizkia, mugatzaile eta guzti. Persona-izenen gainean eregiak dira sarri: Perurena, Errandonea. Ofizio-izen baten gainean eraikiak be badira: Arginarena, Marinelarena.
Deitura zahar-zaharrak
Agiri zaharretan ugari samarrak, baina XVI. mendetik honanzko deituretan bakanagoak, badira goitizenetatik datozan abizenak be.
Baltza lango kualidade adjektiboak. Norbaiten ezaugarri fisikoren bat jatorritzat daben goitizen batetik datozanak, adjektiboa izen bihurtuta. Batzuetan kolorea (baltza, gorria, begiurdina, zuria), besteetan neurria (handia, txipia, gutia) edo gorputzezko kualidaderen bat (ezkerra, sendoa, gogorra) edo izaerazkoa (latza, leuna). Holako deiturak ugariak dira berariaz Erdi Aroko dokumentazinoan.
Etxajauna, umea edo seina lango giza-izena edo otsoa edo erlea lango abere-izena jatorrian dabenak. Gorputz atalak be bai: buztaina, sabela eta halangoak. Nafarroako Erreinuko lehen buruzagi ezagunak, Eneko Aritzak, zugatz-izena eban goitizentzat, berbarako.
Abizenen gai honek hari luzea dauka. Harilaren zati bat baino ez dogu askatu oraingoan.
Iturriko
2014-05-12