Aldi baten gaur baino sarriago entzuten zan kantu aberkoi hau, behin txistu soinuan kalerik kale edo tabernarik tabera jaietan, edo bazkaloste baten lagunarte umoretsuaren kantu jarioan. Ez daukat ahaztuta, neure gaztetxotan behin, Geuria da-ta… txistuaz joten eta kuadrila ugaria kantetan taberna batera sartzen goazela, atean egoan gizon heldu batek erantzun eustala: Zer da zuena ba? Euskal Herria danona da, ez zuena bakarrik, esan gura eban karlatar zahar harek.
Euskera zuzenean egozan, bai kantuaren hitzetan, bai erantzulearen ahoz, erabilitako izenordain edutezko biak: geurea eta zuena. Geurea, bihurkari edo indartua (intentsiboa) deritxona, eta zuena, neutroa, markatubagea.
Kantuak argiro markatu gura eban geurea da Euskal Herria baieztapen horri jarkiteko, kontrako eretxidunak bere itaun erretorikoa beste era honetara be egin zeikean: zuena zer da ba?. Era markatubagea erabilte horren arrazoia, mintzagaia dala hor izenordain hori, eta ez galdegaia. Eta edozein kasutan be, esaldi horretan beste berba bat da galdegaia: Zer galdetzailea, beti markatua ohi dana.
Baina aspaldion ugaritu dira gure artean euskaltzale batzuk sasiko euskerea haizeratzen hasi diranak, inoizko abertzaletasunik gorienaz itxura baten, behar ez dan lekuan edo toketan ez dan lekuan geurea eta geurea aupadaka dabilzanak.
Moda barri horren lekuko diran slogan bi, paper inprimatuetan neuk neure begiz ikusiak, eta lapitz zorrotzaz berehala kuadernoratuak. Bata, Gernikakoa. Karteleko slogana: Geurea Ikurrina. 2013ko abuztuaren 18an, Gernikako jai barruan, Sanroketxu egunean ikurrinari omenaldia egiteko atonduriko esaldia. Bigarrena, oraintsukoa. Errege-erregina barriek, Pelipe eta Letiziak, kargua hartu eta lasterrekoa edo alditsukoa. Bilboko Areatzan zubiaren aurrez aurreko etxe ederrenetariko bateko balkoian letra handiz idatzita egoan slogan bat: Geurea Euskal Errepublika. (2014-06-29).
Berehala emon eustan gogoak. Slogan bi honeek gaztelaniaz pentsauta dagoz eta gero euskeratuta. Eta slogan sortzaileon buruan egozan esaldiak honakoak izan behar dabe: Lo nuestro, la ikurrina lehenengoa, eta Lo nuestro, la repblica vasca bigarrena. Gramatika begiz epaituta, esaldi biotan geurea dalako biok mintzagaiak dira, baina ez dabe adierazo gura geurea dala zeozer, ezpada gureak edo ikurrina edo euskal errepublikea dirala. Fokuaren indarra atzeko izen bietan dago, ez aurrekoan.
Gauza jakina da joera diferenteak daukaguzala gure/geure, zure/zeure era neutro eta markatuak erabilteko orduan euskerearen erdian eta sartaldeetan, batetik, eta ekialdean (Iparraldean eta Nafarroan) bestetik. Zenbat eta sartalderago etorri, neure-geure-zeure sailekoen esparrua, erabilgunea, ugaritu egiten da, eta ekialdean, aldiz, erabilgune mugatua izan dau, denporea igaro ahala galbidean egoteraino.
Geure, zeure, bere. bihurkariak dira berez: aditz jokoan pertsona hori agiri danean, edutezkoak era markatua hartzen dau: Nik neure etxean be ez dot agintzen edo Gu pozik gagoz geure bizimoduagaz esan lei bat edo batek, eta zuzen ibiliko da nik eta gu neutroak batetik, eta neure eta geure bestetik. Eta azkenengo bion era markatuak, bihurkariak diralako da, galdegaiak izan barik bata ez bestea. Mogelek idatzi eban errefrau batek dino: Bakotxa bere zoroak bizi dau. Eta horren esangurea zehaztu gurrarik, Peruren ahoz honan dirautso Maisu Juan solaskideari: Ha bizi dau bere zoroak, eta zu [bizi zaitu] zeureak.
Hemen garandutakoez ostean, hainbat kontestu dira gure euskeran geure ereduko edutezko markatuak erabilten ditugunak. Batzuetan aurkakotasuna adierazoteko izan ohi da. Halan, esaten badot: Arkondara hau neurea ez da behintzat!, aitzen emoten doguna da, gurea barik, beste norbaitena dala.
Eta akabukoz, deikietako erabilera aitatuko neuke. Egia esan, deiki edo bokatiboetan, era neutroak dira berezkoak, ene eta guzti lehenengo pertsona singularrean: Ene alabatxi, ene laztana, ene amatxua Baina markatuak be ohi darabilguz kontestu batzuetan. Bai, ama neurea! errrepikatzen da behin eta barriro Frantzie-kortekoa baladan. Eta norbaitegazko senidetasuna edo hurkotasuna adierazo gura danean, bokatibo izan barik be, era indartuaz markatzen dogu adierazkortasuna: Ama zeuriak neuri, / parian pasata,/ ez deust agurrik egin, / burua jirauta. // Ama zeuriak neuri / agur ez eiteko, / ze palazio dauko / zeuri emoteko. Horra, zabal dabilen herri kantuaren sartalde honetako bertsino ezaguna.
Iturriko
2014-07-11