[ARDURATSU] [ARDURABAKO] [ARDURAZKO] [ARDURA HANDIKO]
Aspalditxuon sarritxo edo gehiegiz entzuten gabiltzan berba bat, eta batzuetan bere lekuz kanpo erabilita, arduratsu adjektiboa dogu.
Gaztelaniatiko itzulpenetatik sartu jakola-ta nago arduratsu berbeari, eremu zabalagoetan erabilteko lizentzia. Gaztelaniaz ‘responsable’ hitzak erabilten dituan izen-adjektibo konbinazino guztietan modu automatikoz erabiltera jo dogu arduratsu adjektiboa. Ez bakarrik ekoizpena, baita kontsumoa, turismoa, jokoa, erosketa, arkitektura… guztiak bihurtu dira arduratsuak, gaztelaniaz ‘responsable’ ziran arlo zabal eta anitz guztietan.
Objektu bizibakoakaz, kontzeptu abstraktuakaz erabilteko, egokiagotzat joten genduzan ardurazko eginkizunak, ardura handiko proiektoa, ardura askoko zeregina eta hareetarikoak, eta arduraTSU, batez be bizidunon esparrurako laga, gizakion barrutirako berariaz.
– Arduratsu, sarri be sarri adberbio lez darabilgu, ‘ibili, jokatu, jardun’ moduko aditzekin. Halan: “Tentazinoiak egiten gaitu zur eta arduratsu; bada ikusirik zelako pelleburuan gagozan pekatuan jausteko, pelleburuak gaukaz iratzarri eta arduratsuago” (Astarloa UD II 264).
– Arduratsu adjektiboa danean, gizakiei buruzkoa da nagusi: “Izan zaitezala […] senar eta emazte leiala, aita arduratsua” (Astarloa UD II 42). “San Efrenek dino, zelan merkatari arduratsu batek egunoro egiten daben alegina jakiteko zelan doian bere saldu-erosietan” (Iturzaeta Azalduera 139). “Zer esan gura dau arduratsua izateak? Ardura andiagaz egin bear dogula geure arimako azterrena” (ibid. 138). “Geure altasun eta ezaupera laburraren gaiñetik dagozan ezkutapenak ezagutu eta sakonduteko ez gareala izan bear jakinaiak eta arduratsuak” (ibid. 26). “Ain azkar, arduratsu ta ausardi andikoak ginanak” (Dom.Agirre Sermoiak 528). “Beste langillea arduratsu ta begiratuagoa da: bear-bearrekoa baiño eztau eralgi nai” (J.B.Eguzkitza Gizarte.Auzia).
Erakundeak be pertsonifikazino horretan sartzen ditugu: “Diputazino arduratsu onek egin daben konbeniua” . (BBatzarN 201).
– Arduratsu adjektiboa erabilia da bizibako izenakaz be, baina maila apalagoan. “(Asunto, quehacer, conversación, nota…) lleno de interés, interesante, importante”. Hara ingurune batzuk: “Zer dakazu edo zek zakaz, gizona, honen goiz?[…] Garatz arduratsu batek gakaz, adiskidea” (Azkue Bein.Betiko 79). “Ohar arduratsua. Moldatu ta argitaratu dogu errosario egunerako […] berbaldi eder bat” (Azkue Euskalzale 1897, 308b). “Erri hatako gizadi onak izu ta baltz egozan, aldratxoetan, inoiz ez legezko jardun bizi arduratsuan” (Agirre Kresala 206). “Gazte biak ate aurreko larraiñean zebiltzan, batera ta bestera, astiro astiro, ezetz ta baietz, lelo arduratsuagorik etzeukaten ta, aspaldietakoa berriro aztertzen” (Agirre Garoa 173).
– Zein beste aukera emon, gaztelaniaz ‘responsable, diligente, cuidadoso’ esangurearentzat izen bizibakoakaz, edota eremu semantiko neutroetan erabilteko?
Ardura handiko: “Zer bada orain? Orren ardura andikoak izanik gorputzeko gatxetan, bakarrik izango zara nagi nasaiak arimearentzat?” (Añibarro Lora,Sorta 116). “Sekulan ere jokatu gabe / beste iñoren kaltera, / maitasun dana ixuri dezu / zeu jaio ziñan lurrera. / Ontan, Basarri, ardura aundiko / gizona izandu zera” (I. Olea Auspoa).
Ardurazko: / kontuzko: Honeexek doguz bizibako kontzeptu eta izakiakaz erosoen erabilteko hitzak. Gazt. “De consideración, importante; interesante. » (De) consideración, (c.) kontuzkoa, ardurazkoa «, «importancia, (c.) kontuzko gauza, […] ardurazkoa » Añ. «(FSeg), interesante» A.).
Idatzi klasikoetan: “Ezta ordu bateko zeregiña lan andi ardurazko au” (Esku librua 1802). “Ze ardurazko lana dan Salbaziñoa” (Esku librua 1802). “Misionarien lan neke, buru-auste, ta ardurazko alegin guztiak” (Lora Sorta). “Bada dakizue, au dala bear-lanik ardurazkoena” (Lora Sorta). “Erlijinoe baten sartu gura dabenari senideak, adiskideak, ezagunak ta aragiak irakoiten deutseen dudazko, ardurazko ta bildurrezko gerra illuna ta astuna” (Ikasik III).
Idatzi modernoagoetan: “Gauza onak ondo egin behar direala, gauza ardurazkoak edo arduragarriak arduraz” (Euskalzale 1897, 113b). “Horreik gauzok ardurazkoak eta ondo gogartetu beharrekoak dira” (Kresala). “Ardura gitxiko gaietan, nahiz ezaguera argi edo gogo oso barik ardurazkoetan” (KIkV 59). “Zer jazo ete da? Aringa dabiltz hara ta hona. Ardurazko zerbaitek darabiltz hain axolati” (Toma.Agirre GaGo).
Gudu denporako Eusko Jaurlaritzaren Agintaritza boletinean: “Lagun urkoaren bahituraz erantzun beharra bere gain daukaten nekazariak. «Responsable solidario personal del deudor» . EAEg 6-3-1937, 1219).
Adolfo Arejita