Euskaldunon artean hitz ezagunak dira urlia, sandia eta berendia, edo euretariko bat edo bi behintzat, aldi batetik gorakoen artean; berariaz jente eskolatuaren artean –ez dakit zenbaiteraino gazte jentearen artean–.
Euskerazko izen hirukote horrek baditu gaztelaniaz kide-kideko ordainak; beste izen hirukote bat: fulano, zutano eta mengano. Bide paraleloak ezagutu izan dituela esan daiteke hizkuntza batean eta bestean.
Hirukote horretatik gehienetan lehenengoa baino ez da erabilten solasaldietan, urlia hatan be. Baina hiztunek batzuetan biren segidaz baliatzen be badakie. Urlia eta berendia dira neuri entzunen subertau jatazanak, baina bigarren aukerea be hor da: urlia eta zandia. Mehatzago entzuten da, ostera, enparauko ordenea: zandia eta berendia. Baina hori be aukeran da.
Urlia eta zandia izen bikotea lehen biziago ebilen, gerora baino. Hara Mogelen idatzietan: “nola dan esatea: urlia ta sandia bizi dira deungaro, edo alkarri lagunduten deutse giberri edo beste gauzaren batzuk ostuteko; neuk ikusi, edo leku onetik jakin nituan” (Erakuspena). “Eta gero uka ta uka. Orduan asmau ta ardura baga esan, eztala berea [sabeleko seina], ibili dala urliagaz ta sandiagaz” (Serm). Lhanderen hiztegian be horrelantxe: “Urliak edo sandiak erraiten badautzu gaizki dela, ez kasurik eman”.
Hiru izenok batera alkarren jarraian gitxitan agiri dira euskal idatzietan. Larramendik, halanda be, bere hiztegian, batera aurkezten ditu: “Fulano y zutano, urlia ta sandia ta berendia” (DT).
Urlia hitzak, eta bardin zandiak edo berendiak, bakotxak berak bakarrik ordezkatzen dau gehienetan izen sintagma. Izen propio batez identifikatu beharrean nor edo ha, nor jakinik izentau barik aditzen emon gura danean norbanakoa, anonimatua gorderik.
Hizlari edo idazleek batzuetan urlia erabiltera jo dabe, jazoera susmagarri, kaltezko edo damugarriren bat tartean izan danean, egilearen izena estalian jagoteko. Mogelen berbaz on egin daigun baieztapen hau: “Eta alan ez deutsa ume batek obeditu bear gurasoari, aginduten badeutsa jaiegun katigatuetan bear egiteko errazoe baga, urliaren basotik egurrak ostuteko” (Erakuspena).
Antzera frai Bartolomek, nogaz ezkondu autua dala: “Urliagaz ezkonduten ez bazara, ez deutsut aziendea emongo; edo ez deutsut doterik emongo”. “Ugazaba batek bere esan leio otseinari edo errenteruari: ‘Urliagaz ezkondu bear dozu’; edo, ‘Urliagaz ezkonduten ez bazara, etxetik aterako zaitut’, edo ‘ez dozu ene etxean zereginik izango’” (Ikasik III).
* Urlia, pertsonazko kanpoko eremuetan
Xabier Bovedak mezua erantsi deusku puntu honen garrantziaz ohartu gaitezan. Halan dino: “URLIA berbearen beste erabilera bat azpimarratu gura neuke, determinatzaile zehaztubako erabileran, hau da, izenaren aurrean HALAKO edo HAIN berben adieran”.
Añibarroren adibide mordoa zerrendatu deuskun ondore, denpora, espazio eta beste eremu batzuetakoak. Hara horreetariko batzuk: “urlia denporan bere zorra pagatu deutsela”, “bazenduan joatea urlia elexa, santuario, ermitara”, “joango nas urlia ermitara”, “urlia erri edo erreinura”, “jauna, nik topatu dot urlia gauza”, “edo urlia lekutan sartzen direanak gaiti ixilka ta ezkutuka”, “urlia egunerako prest eukiko dabela euren lana”, “zu egon zara urlia etxe edo lekutan”.
* Urlia eta urlezea, jenero bereikuntza
Urlia horri sartalderengo euskeran femeninoa erne jako alborik hara, : urlizea darabile batzuek, urlezia beste batzuek, berbeta batzuetan behintzat. Gainerako euskera eremuetan ez da sexu bereizkuntzarik hiru izenokin: urlia hitzak generoz neutroa dirau, gizonezko zein andrazko izan.
Sexu-bereizkuntzaren lekuko diran testigantza batzuk. Pedro Astarloaren lumaz: “Enago ziertu-ziertu nok ostu edo kendu izango deustan, baiña neure iritzian urliak edo urlizeak izan biar eban lapurreta au egin eustana” (UD II). Eta Añibarro arratiarrak, jentearen esamesa eta txutxumutxuak astintze aldera, honelan dirausku: “Urliak hau dinoala, urlizeak bestea dinoala”.
Mateo Zabala predikari-idazleak be sutsu dihardu sermoiginen neska-mutil gazteen haragi-garrak baretu edo amatau gurarik, gordin eta zorrotz salatzen dituala gehiegikeriatzat dituan joerok: “baia ez dituez itxi gura urlia edo urleziagazko berba-aldiak, amurruturik dagoz beragaz egoteko al daien guztian, berbaz dagozanean sentietan dabe euren biotzean infernuko su edo berotasun zorigogorreko bat, zeinek erretan dituzan azurretaragino, eta orregaitik bere ez daude alangoetatik urrun egin gura” (Irun). Edo: “Tabernara edo ondreetara bein joan ezkero, edo urlia ta urleziagaz izan ezkero, orditu oi direanak” (Irun).
Adolfo Arejita