Hedabideetan administrazino-ordezkari bati entzuniko esaldi bat: “Gaur-bihar argitaratuko da boletinean deialdia”.
Berez bidezkoa da gramatika aldetik gaur-bihar argiratuko dala zeozer esatea, bihar-etzi ezkonduko dala urlia esatea lez. Diferentzia da, bihar-etzi etorkizun edo gero zehaztubako bategaitik esan ohi dala, eta ez bihar eta etziko egun seinaladuakaitik. Eta gaur-bihar argitaratuko dala dinoan horrek, edo gaur edo bihar adierazo gura dauela, egun jakin eta zehatzak aditzen emoteko.
Gaur-bihar eta bihar-etzi egitura alkartuen artean dagoan diferentzia erabilerarena da: lehenengoa ez darabilgu hiztunok, eta bigarrena eurrezean. Gramatikaz zuzena dan guztiak ez dau hiztunen onespena beti irabazten eta hori da gaur-bihar egituraren kasua. Eta zein dogu hori adierazoteko egitura ohikoa? Edo juntagailuaz jositakoa: gaur edo bihar, edo aukeran: gaur ez bada bihar.
Baina badogu euskeraz beste hitz-alkarketa egitura bat, pluralez adierazoten dana, eta esangura honetara ondo ekantzen dana; baina gaur eta bihar izen kategoriara ekarririk, ez adberbio modura. Halan esan daiteke: gaur-biharretan. Halanda ze, gaur edo bihar darabilgun moduan, gaur-biharretan egiturea be erabili geinke eta esan: Gaur-biharretan argitaratuko dala boletinean. Baina gaur-bihar ez neuke bultzatuko.
Edozelan be askoz ugariagoa da bihar eta etzi hitzen alkarketa, beti be “geroa, etorkizuna” adierazoteko. Kasu honetan be egiturarik ohikoena edo juntagailuduna da: bihar edo etzi. Bigarrena eta laburrena, alkarketa soila: bihar-etzi. Eta hirugarrena, izen kategoriako bihurtuta: bihar-etziak, baina mugatzaile pluralaz.
Azkuek honetara argitzen dau kategorien arteko korapilo hau: “Hay alguna que otra locución en que se expresa la desinencia de este caso aun con adverbios; por ejemplo, gaur-biarretan, (en) hoy y mañana, biar-etzietan, (en) mañana y pasado, geroagoetan, en tiempos posteriores» (Morfología Vasca 668). Eta Azkue lekeitiarrak bere elabarri baten be txertatu eban egitura hau, “algun día” esangurakoa. Dino: “Iloba bihar-etzietan Leaburura, han izateko, baletor, zu berehalaxe leheneratu, berehalaxe sendatuko zinake.” (Ardi galdua 92).
Denporan atzerago jota, Lazarraga poeta arabarrak XVI. mendean darabil bihar-etziak izen alkartua: “Biar-etziak urrean datoz; arren, betorke ebetik”. (Lazarraga 21r).
Gaur-biharrak be bardin erabili daiteke, baina nekez agiri da gure tradizinoko idatzietan, eta gitxiago egunean eguneango berbetan.
Adolfo Arejita