Gatza eta zentzuna alkarregaz batuta agiri dira hainbat atsotitzetan, eta goiko horretan be bai.
– Bada esapide polit bat, gatzaren ardurea hartu, batzuetan zentzuna hartzea, beste batzuetan bizimoduaren erantzukizuna norbere gain hartzea aditzen emoteko, irudi gisa erabili izan dana gure berbakuntzan. Eta lokuzino horregaz eihoriko errefrauak badira, bizitzako ziklo aldaketaren biderakusle gisa erabiliak, gaztetasunetik heldutasunera, ezkongai izatetik ezkondu egoerara igarotea.
Azkue euskalari handiak baturiko aldaera bi, esaera batenak. Sartaldekoa bata: «Hartu dagizunean gatzaren ardura, akordako jatzu gazte-denpora»; erdialdekoa bestea: «Hartzen dezunean gatzaren ardura, etzera olgatuko, maitea neurea“ (EY 1271).
– Gatza zentzunaren irudi da gure tradizinoko esapide eta egitura finkoetan. Gatza eukitea, zentzuna eukitea aditzen emoteko.
Ildo horri jarraituaz, gatza, Gatzaga herri-izenagaz berba-jokoa egiten agiri jaku errefrau batzuetan. Azkuek dakarren batek Gatzaga eta Mariña leku-izenak lotzen ditu: «Gatzagan da zentzuna, Mariñen Marin, hankak arin.» (EY 1570) Mariñe, auzo-izena da. Baina gatza eta zentzuna dala-ta koherentzia sendoagoa agiri dabe hurrengo biok : «Gatza Gatzan, seiñe Motrikun» entzun neutsan aspaldi J. L. Lizundia euskaltzainari, Abadiñon ikasitakotzat. Zer esateko? Gauza bakotxa bere lekuan topau behar dala, ez okerrekoan: gatza Gatzagan (Salinas de Leniz) eta seina Motrikun. Labayru Hiztegiak antzera dakar, ez bardin: “Gatza Gatzagan eta zentzuna Mariñen”.
– Gatz isuriaren irudia be agiri da bilduma zaharretan. Hau da bat: «Gatz esuroa galduro batu doa. // La sal vertida malamente se recoge.» (RS 353). Behera isuri eta sakabanatzen dan gatza batzen gatx dala; hain da zehea eta birrina! Aditzen emoteko: txarto egindako beharra zuzentzen gatxa be gatxa dala.
Oihenart zuberotarrak XVII. mendeko bere atsotitz bilduman dakar: “Batzuren gatzontzian ere harrak sortzen dira. // “Il y en a de si malheureux, que les vers s’engendrent, iusques dans leur saliere.» (Prov 72). Zentzunik ez!
– Oinazpiak gatzezkoak dituana ez dedila lexibea, poiata edo gobadea egiten joan, aholkatzen dau Iparraldeko atsotitz zahar batek. Oinak urtu eta behera etorriko dalako. Dino: “Eztoala latsara, gatzez duena oinzolara. // N’aille laver la lessive, qui a les pieds faits de sel.” (Porv. 166). Norbera ahul edo makal dabilen alderditik ez inori ekiteko, norbere kaltetan izango dalako.
– “Bakoitzak bere eltzeari gatza” (Mokoroa OE 23199) esan ohi da, bakotxak bere suari putz egiten deutsala esatea lez, edo gaztelaniaz «arrimar el ascua a su sardina» esan ohi dan antzera.
Baina eltzeari gatza egitearenirudi hau berau erabili izan da baita, bakotxak bizitzari ertza hartzea edo hartzen hastea irudikatzeko. Bizimodua bere aldetik egiten hasi ez diran gazteakaitik esan ohi da: “Ez dire beren eltzeari gatza botatzen hasi”. Damaso Intzak argibide honegaz azaldu eban errefraua: «Ez dire beren sakeleko diruz bizi.» (Intza EZ 399).
– Behar asko eginda ostean, etekinik atera ez jakonean be esan ohi da: «Gatzetako be ez dogu egin gaur.» (J.M. Etxebarria).
– Pertsona bat hasarre biziz sutan jarri dala adierazoteko be Nafarroa aldean gatzaren irudia ezaguna da: «Gatza suen bezala, irakiten yarri da. Su ta gar yarri da» (Inza 2032).
– Amaitzeko, esamodu polit eta eder bat dakart: gatza loratu, aspaldi zaharretik datorrena, baina hondino be leku batzuetan bizirik dirauena. Zer esateko erabilten da gatza loratu irudia? Ezinezkoa dan zerbait jazotea irudikatzeko. Halan: “Nik hari barriro berba egin orduko, gatza loratuko da!”. “Nik zuri barriro ezer kontau orduko, gatza loratuko da!”. Markinan Jabier Kalzakorta irakasleak baturiko esakerak. Baina XVI. mendeko errefrau zaharretara bagoaz be, idoroko dogu honen antzeko bat, dinoana: “Gatza lora ditean artean, beste gauza lekuske. «En tanto que la sal floreciese, otra cosa se vería»” (RS 145). Sekula ikusiko ez dan gauza bat, gatza be sekula loratuko ez dan lez.
Beste hainbat be badira, eta mezu diferenteen adierazle diranak, gatzaren izenaz onduak. Begoz hurrengo baterako.
Adolfo Arejita