Gabonean, nik dakidala, ez da inon esaten, hedabideetan lokutore bati edo besteri entzun izan arren. Gabon, soil-soilik da zelebrauko dogun gauaren izena, eta ez *Gabona. Halanda ze, noiz itaunari ez deutsagu erantzungo *Gabonean esanda. Ia beti esaten dogu, egun edo gau izena lagun dala, Gabon egunean, Gabon gabean. Edo esan daiteke mugagabez be, Gabonez.
XVIII. mendearen akabuko, 1794ko Bilboko gabon-kanta baten ahapaldiak dino: “Urte guztietako / Gabongo legea / da soinu eder baten / kantea imintea”. Gabongo legea, dino. Eta karlistate-gerra aurretxuan, 1831an ondu eta kantau izan zan Bilboko beste gabon-kanta baten hitzak dira: “Gaur gabon gabon dogu,/ dirautse alkarri;/ gesi baten ez gara / izango egarri”. Eta herri-tradizinoan guztiz ezaguna dogun beste gabon-kanta zahar batek dino: «Dringilin dron / gaur Gabon, / sabela betea daukat eta / besteak hor konpon!».
Gabonzaharrean be ez dogu esaten, eta ez genduke erabiliko. Egun edo gau izenaz batera esan ohi dogu: Gabonzahar egunean, Gabonzahar gauean, edo esan lei be: Gabonzaharrez.
Jai-ospakizun izenok pluralez be sarri erabilten ditugu, eguna baino gehiago aldikada osoa batera hartzeko: Gabonak, Gabonetan…, Gabonzaharrak, Gabonzaharretan.
Baina singularrez, -a mugatzaile eta guzti, sekula be ez. Ez dinogu euskeraz, ez *Gabona, ez *Gabonzaharra. Ez eta noiz aditzen emoteko, *Gabonzaharra, ez *Gabonzaharrean.
Adolfo Arejita