Atari honetan bertan sarbidea dago Fonoteka webgunerako. Labayru Fundazioak kudeatzen dauen Fonoteka horretan, astean-astean gehitzen doaz audioak, aurten honezkero 340 inguru.
Audioak Bizkaia Irratiak sortzen dituan materialak dira. Izan be, erakunde bion arteko lankidetzaren bitartez, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz, aurrera ateratako egitasmoa da fonoteka hori ugaritzea.
Ze eratako audioak dira? Ze eduki topau leiteke bertan? Ba era askotakoa, izan be, irratiak egun osoan emititzen dau eta hortik aukeratutakoak dira hemen gordetakoak. Gehienak multzo bitan sartuko ditugu.
Alde batetik, alkarrizketak, zeozegaitik zeresana dauken personei egindako alkarrizketak: artistak, idazleak, gizarte-gaietakoak, arlo bateko edo besteko adituak, kirolariak…
Beste aldetik, ohiko kolaboradoreen saioak. Era horretakoak dira Adolfo Arejitak euskerari buruz, Jose Ignacio Perez Iglesiasek eta Miren Bego Urrutiak zientziaren zabalkunderako, Iñaki Goioganak eta Hector Ortegak historiari buruz egiten dituenak. Holangoetan, bakotxaren hainbat saio egongo dira, astean-asteko kolaborazinoa gordeten dalako.
Egitasmo honen bidez, irratian bestela haizeak eroango leuken entzuteko materialari beste bizitza bat emon gura jako, bai informazino aldetik bai euskera aldetik, beste era batera erabilteko eskura euki daigun.