Ez hitza uste baino emonkorragoa da herri-berbetan. Ez ezeztapen hitz hori aurrizki izateraino heldu da euskeraz, inguru-hizkuntzetako antzera, oin-hitzaren kontrako esangurea hartuta; oin-hitzaren antonimo gisa.
Berez hitz alkarketa, konposaketa, da hor jazoten dana: ezlekua, berez ez dan edo ez jagokon lekua da, bere lekua ez dana. Baina praktikan, aurrizkien legera obendu dala esan leiteke.
Izen kategoriako /ez + izen/ egiturak ez dira asko be, baina baten batzuk maiztasun handikoak bai:
Ezbeharra, istripua.
Ezbidea, okerreko bidea, bidebakokeria. «Ezbidean dago, no tiene razón» batu eban Azkuek hiztegirako gipuzkeraz.
Ezeukia. Adieretariko baten personen ondasunen gorabeheran, eukitsu izatearen aurkakoa; ezerbakoa, txiroa: Aberatsak eta ezeukiak. Bigarrenik, ondasunik ezaren, eztasun edo pobreziaren adierazgarri: “Zein beste erara aurkituten dan Gaztela, zorigaiztoko ta ezeukira biurtua” (J.A. Uriarte, Batzar Nagusiak).
Ezgauza, adieretariko baten, ezerezkeria, ardura gitxiko beharrarentzat darabilgu. Mogelen hitzez: “Nozian bein eguraldi txarrak eragozten deustazanean baso ta solo bearrak, jardun daroat mai, aulki ta ezgauza batzuk egiten” (Peru Abarka). Eta bigarren adiera bat be badauka, jateko kontuan, kapritxoko jateko apurra izendatzeko. “Angulak, pintxoak eta antzeko ezgauzak ez neukez jan gura, neuk behintzat”, Markinan baturiko esaldia (Jabier Kalzakorta).
Ezgaraia, gipuzkera eremuan ezaguna da, aldi desegokiaren adierazgarri. Eta hataraxe erabilten da ez-sasoia Markinaldean berbarako, berariaz lugintzaren eremuan: «Hazi bakotxa bere sasoian erein behar da; ez-sasoian ereitea alperrik da» (Jabier Kaltzakorta).
Eta denporearen eremutik urten barik, ezagunak ditugu aldi berean ezordu, ezune, ezurte eta gehiago. “Baserrian barriz, beharrerako ezordurik sekula be ez dagoala-ta, gazteria aurrez hasi zan Bilborantza”, Lino Akesoloren hitzetan (Ipiña).
Eta bitxikeria gisa, ezamarrenak aitatu daiguzan. Hamarrenak legezkoak eta aginduzkoak baziran be lehenagoko gizartean, eleizeari ordaindu beharreko zerga modura, ezamarrenak legez kanpoko edo isilpeko ordainketak ziran. Euskal mitologia zaharreko adibide bat: “Laminak, ez-amarrenakaz bixiten zirala esakerea da. Ez-amarrena, hamarrenak egon ta eztagozala esatea da” (Eusko-Folklore. Mater. y Cuestion.).
Eta gehitu daiguzan beste izen ezagun bi: ezizena, goitizena esateko, eta ezustea, inpentsadako zerbait adierazoten dauena.
Kontu jakina da, ez– aurre-marka lez, askoz ugariagoa dala adjektibo kategorietan, eta erabilia beste kategoria batzukaz be, baina oraingoz ez gara horretan luzatuko.
Adolfo Arejita