Esaldi arrunta da, baina zelan dago hobeto: «Ez dago hainbeste hotz» ala «Ez dago hainbesteko hotzik«.
Hainbeste, zenbatzailea dogu kategoriaz, zenbat itaun-hitzaren esparru berekoa. Zenbat itaun egiten dogunean, ohiko erantzuna da: Hainbeste. Erantzun bideragarriak dira, aldi berean, honenbeste eta horrenbeste be, baina hirugarren graduko hori dogu zabalen eta orokorrena; neutroena dalako, hatan be. Ze honenbeste dinogunean, aurre-aurrean dogun zeozer ipinten dogu konparagarritzat: honen, honexen beste. Eta horrenbeste dinogunean be antzera: hor hurrean daukagun zeozegazko konparagarria egiten dogu.
Hainbeste zenbatzaile hori ez da ondo buztartzen hotz izenagaz. Izan be, hotza ez dogu zenbatekoagaz neurtzen, graduak neurtzen diran moduan. Zenbat gradu dagoz itaunaren erantzuna bai izan leiteke: hainbeste gradu dagozala esatea. Baina hotza, sentsazino bat da, beroa dan moduan, edo epela dan legetxe.
Zein bide hartu horrelako izenakaz? Hauxe bat: hainbeste zenbatzailea adnominal bihurtzea -ko atzizki genitiboa erantsita: hainbesteKO hotza egiten dauela, edota hainbesteKO hotzik ez dauela egiten formulatuaz.
Zenbakarri edo kontagarri ez diran izenakaz be josten da hainbeste zenbatzailea, baldin neurgarria bada, kontagarria izan ez arren, izen horren esangurea. Halan ohi dogu, denporea, dirua, jentea, zeregina, arazoa lango izenakaz. Halan esan daroaguz: Zelan dauka hainbeste diru morroi horrek, beharrik egin barik? Zelan izan leiteke hainbeste jente pilotzea leku baten, pandemiaren bildurrik barik? Hainbeste zeregin eta beharleku badaukaguz hondino zuzentzeko! Umeari ez eiozu hainbeste kasu egin, ze igarri egingo deutsu.
Iparraldeko berbetan ugariago erabili izan da kontagarri ez diran izenakaz hegoalde eta sartaldekoakaz baino. Halango adibide batzuk: hainbeste ur on (Xalbador), hainbeste amorio (Egiategi), hainbeste denboraren buruan (E. Larre).
Baina hiperzuzenketaz be entzun edo irakurten da hainbesteko batzuetan. Halan: “Ez da *hainbesteko denpora ohitura horreek beteten zirala”. Normalean egokiago: Ez da hainbeste denpora…
Baina badira beste izen mota batzuk, zenbatzaile bidez neurtzekoak ez diranak. Gogoa, bildurra, ardurea eta halakoak, hainbesteko adnominalaz erabiltea da ziurrena eta artezena. Ez daukat urrunetara joaten ibilteko hainbesteko gogorik. Nondik deukotsazu hari hainbesteko bildurra? Nork pentsau eukean hainbesteko ardurea eskatuko euskula plan horrek?
Edozelan be, hiztunon erabileran hainbeste eta hainbesteko hitzen erabilera zuzenaren banakuntza-marrea ez da beti hain zorrotza. Uste baino lausoagoa ohi da hiztunon ezpanetan.
Adolfo Arejita