LiteraturaZahar-barriak

Eustakio Larrabeiti Eulea

Posted on

Eustakio Larrabeiti (Loiu 1848-Galdakao 1936) Eulea gatxizenagaz ezagutzen dan bertsolariaren ekarpena berreskuratu dau Asier Legarreta mungiarrak.

Eustakio bigarren karlistadan sarjento ibili ei zan, eta gerra zibilaren aurretxoan EAJren inguruan, bertso-saioetan Urretxindorragaz batera agertzen da eta.

Biografia ezeze, Asierrek bertso partidea batu dauz, handik hortik hemetik, baita liburua osatu be bertsolari hau ezagutu daigun: Eustakio Eulea ilbindu trespunte (Laukizko Udala, 2012).

Bertso-paper egilea dogu, plazan ibilitakoa be bai, Euzkadi egunkarian argitaratzen ebazan bertsoak eta testuak, Galdakaoko barriak tartean. Gizon ekintzailea dogu eta interesgarria.

Hona bertso batzuk:

Ointxe gara ba

Zeugana nagor ni Kirikio
Berbaldi labur bategaz,
Ondo badagoz iragarteko
Zeugana zuzenduten naz.
Izparringie betetan bozu
Neure berbaldi honegaz.
Ostera bere biralduko dot
Neguen hilten ez banaz.

Hauteskundeko egune dogu
Semendiaren hamaikan.
Alkate onak iminiteko
Bizkaiko herri danatan.
Alkategaiek egiten dira
Uzentau egun horretan,
Nortzuk direan ikusiten da
Arratsaldeko lauretan.

Aupa mutilak! Egun honeri
Emon daiogun berea,
Euzkadin laster imini daigun
Geure asaben legea.
Gure Euzkadi lehen bakarrik zan
Bere buruen jaubea,
Zorigaiztoan erbestetarrak
Gaur aginduten deudea.