Lehengo domekan, urriaren 5ean, Logrooko Adarraga pelotalekuan agur-omenaldi bero bat eskeini jako Titin III pelotariari, bere pelota-ibilbideari amaiera emotearen atxakiaz.
«Euskal pelota» ohi deritxo mundu zabalean gaur egun «esku-pelota» jokoari, baina kontu jakina da Euskal Herriaz haruntzago be lur eremu zabaletan jokatu izan dala pelotan. Baina ez, inondik be, euskal herrietako trinkotasun berberaz. Baina Errioxan, Nafarroan eta beste euskal lurraldeetan baizen trinko eta sendo dirau esku-pelota jokoak, eta Augusto Ibaez, Titin III, haren aurreko hainbat pelotari ezagunen bidetik, eredu bikaina dogu. Eta ondoren datozan eta datorkezan gazteagoen erreferentzia-pelotaria be bai, Errioxa aldean eta harago be. Adarragan pelotari gaztetxu mordoa kantxaratu zan erdi joko, erdi olgeta, partidu nagusiak amaitu eta ostean. Etorkizuna orainean agirian dagoanaren seinale.
Pelota-jokoan euskal-errioxar lurraldean dagoan jarraikotasuna kulturaren beste arlo askotan be ezagun da. Jose Migel Barandiarani behin baino sarriago entzun geuntsan, siniskera, esaunda zahar eta osteango herri-jakintza gai batzuetan be kidetasun hori agiri-agirikoa zala.
Errioxaren antxinateko sustraien bila jo aurretik, ondo dator bere barruan lurralde bi bereiztea: goiena ?Rioja Alta deritxona? eta erdi-behetakoa –Rioja Media eta Baja deritxona-. Lurralde biotako biztanleak eta prozesu historikoak harean diferenteak diralako aldi zaharretara jo ezkero.
Erromatarrak etorri aurretik eta hareek agertu ziran sasoian, K.a. II. mendean eta hurrengoan, Errioxa goienean beroiak leinuko jendetaldeak bizi ziran, eta sartaldeko ertzean eta Burgos ipar alderantz, autrigoiak. Errioxaren erdi eta hegoaldean, Ebro ibaiaren alde bietan, baskoiak bizi ziran, euren uriburutzat Kalahorra -erromarren Calagurris- ebela, Plinio historiagileak Calagurris Vascona izenaz ezagutarazo eban uria. Zeltiberoak be han inguruetan bizi ziran arren, baskoiak Ebro aldean hedaturik egozan zalantza gitxi dago. Calagurris eta Gracchurris -gaur egungo Alfaro (Errioxa)-, bixeok, euskal sustarreko edo usaineko toki-izenak dira. Tib. Sempronio Graco prokontsula izan zan K.a. 179/178 urtean Gracchurris fundau ebana (Gracchus-en uria), Ebro haranaren behealdea «baketu» ondoren, zeltiberiarren artean sekulako triskantzea eragin eta ostean.
Aurretik uri honek Ilurcis eban izena. Sinesgarritzat joten da, baskoiak izan eitekezala, Ilurcis uri zaharrean bizi izan ziranak, eta zeltiberiarrek desegin ebelakoa uri zahar hori, lurralde haregaz jabetzeko. Geroago agertu ziran erromarrak, eta honeek zeltiberiar gudurako azarriak goitu ebezanean Kalahorra inguru horretan, euren gudarostea birrindu eta ostean, Gracchurris izen barriaz fundau eben leku berean uri barria. Sinesgarria eta zentzuzkoa da erromarrek ostera be baskoiekin poblatu izana uri estrategiko hori.
Dakiguna da, Sertorioren guduen aurreko denporan Vasconum Ager eritxon lurraldea Ebroz hegoaldera hedatzen zala. Uriaren izen zaharrak be baskoien oinatza dauela pentsa lei. Ilurcis uri-izenak ilu- oina dauka, euskerazko uri/iri erroen antz handikoa, eta baskoien beste uri-izen batzuetan be agiri dana: Ilun (< Ilu-n), Arax-ilun (Arakil). Calagurris zeltiberiarra zan erromarrak agertu ziran aldian; baita Gracchurris fundatu eta ostean be. Baina Sertorioren gerratean uri hau be birrindua izan ondoren, erromarrek baskoiez birpopulatu ebela ziurtzat joten da.[1] Ebroren alderdi biak eta honen ibai-adarretan diran ibarrak eta uriak Vasconum Ager deituaren barrutiak ziran, K.a.ko 200 urte ingurutik hasita. Erromatarrek lur eremu zabalari emoten eutsien izen hau, baina hegoaldetik hemen sartzen ziran Erribera (Nafarroa) eta Errioxa barrena, aitaturiko Gracchurris eta Calagurri barruan zirala. Arabaren hegoaldea be bai, Arabar Errioxa eta Biana (Nafarroa), eta beroien Ebro inguruetako lurraldea, Vareia (Logroo) eta Tricio uriakaz; eta autrigoien uriburua be, Birovesca, honetan sartzen ziran (cfr. Santiago Segura, Mil aos, 64). Euskal Herriaren lurralde osoa kontuan hartuta, Vasconum Ager lurralde zabal hori, lurgintzarako parebagea zana, Ebro ibaian gora goiz erromatartu zan, eta kristautu be bai gerotxoago. Augustoren denporarako guztiz erromanizaturik ei egozan hango biztanleak, berariaz urietakoak. Berba baten esanda, erromatarren lagun izateari esker -edo ez arerio behintzat- hedatu ziran baskoiak hegoalderantz, Errioxan eta Aragoan zehar, Ebron behera.
Errioxa goienaren euskalduntasuna bestelako historia da. Daukaguzan datuak urriagoak eta beranduagokoak dira. Hor be hipotesi bi badira, behintzat. Bata, Erdi Aro goiztiarreko euskal sustraiarena. Egia da, ziurtzat jo daiteke, sartaldeko euskaldun jendetaldeak -karistiarren artekoak eta beharbada autrigoien artekoak- joan zirala Ebroz beheragoko lurrak populatzera, Erdi Aro goiztiarrean, musulmanak atzeraka joan ahala hutsik geratzen ziran lurraldeak. Hipotesi horren arabera, birpopulatze uholde hori litzateke euskal aztarrenen sustraia eta arrazoia. Caro Baroja, aldiz, beste eretxi batekoa da: Errioxa goienean eta Burgosen iparraldean Briviescaraino dagoan euskal toponimia antxinatean han bizi ziran euskal leinuko jentearen hondarra dalakoa.
Errioxako euskerearen errastu garbiak zeintzuk dira, baina? Lurralde horretan euskera egin izan danaren frogarik zaharrena eta sendoena San Millan Kukullako glosak dira, 950. urte ingurukoak. Bi baino ez dira euskerazkoak, gaztelania erromantzezko zerrenda oparoaren ondoan, baina esanguratsuak: izioki dugu da bata eta guek ajutu ez dugu bestea.
1234-1239 bitarteko auzi-agiri bat da, ibar horretan euskera egiten zalako frogarik sendoena. Aldi bitarte horretako urte baten Ojacastro-ko alkateak Morial Merino Gaztelako merioa atxilotzeko agindua emon eban, herriko biztanle bati auzian euskera egiteko eskubidea harek bermatu ez eutsalako, hurrean. XIII. mendearen lehen erdian Ojacastroko urian euskera egiten zala garbi frogatzen dauen auzi-agiria.
Baina Oja ibarrean aldi horretan ezeze hainbat geroago be euskera egiten zalako susmo sendoak dagoz, bertako euskal toponimiaren trinkotasuna eta gardentasunari ohartu ezkero. Oja edo Oia izena, ibaiarena bera be euskalduna izan daiteke. Ibai horrek emon eutsan izena lurralde osoari. Ojacastro uria eta bere barrutiko albo-herriak «kuadriletan» banaturik egozan. Ezkerraldean Aldeurrutia, eta beronen barruan Amunartia, Matalturra, Zabarrula (Zabarrola), Arbiza auzoak. Eskumaldean, Garai edo Garaia, eta beronetan, Ulizarna, Uiarra, Eskarza, Larrea Ezpidia auzoak. Ezkarai (Izkarai) udalerri-izena be ondo gardena da: aitz + garai. Beronen auzoen izenak dira: Iturriza, Espezugaa, Zilbarrena, Altuzarra, Aiabarrena, La zalaia eta gehiago.
Merino Urrutiak toki-izen euskaldun moltso horretarik, maiztasunez agiri diran hitz-oin, aurre- eta atze-osagai eta atzizkien zerrenda bat zehaztu deusku. Atzizkietan, zabal dabilzanen artean: -aga pluralgilea, batzuetan -iga aldaturik (Arriaga, Iturriaga, Urtiaga, Arbeitiga), -eta toki-denpora pluralgilea (Undeta, Zaballetas), -ena jabetasunekoa (Lopena). Toki-erreferentzia izenak: barren (Bulunbarrena, Aranbarrena), buru bura desitxuraturik batzuetan (Lizpura, Sorabura), gan, gaa (Arendagaa), ondo (Irionda, Berrondo). Geografi-izenen artean: aran (Aranbarri, Arangutia), iturri (Iturrikalia, Lukuturria), larre (Larrizabala), leza (Lezabura), mendi (Mendikibela), ola, -ulla aldaturik (Zabarrola, Macurulla). Osterantzeko izenen artean: krozia, kurutze (Croziga, Krutzeaga), etxa- (etxe), aurre-bokala jausirik (Chavarre, Chazparria), arte, arta- zugatz-izena (Artamendia, Artaso). Adjektiboen artean barri (Olabarria, Ubarria), zarra, gutia (Arigutia, Badigutia), belza, gorria (Lezagorria, Bigorria).
Toponimia arloko corpus ugaria eta zehatza batu eban Merino Urrutia ikertzaileak, eta harrezkero be egin dira beste ahaleginen batzuk. Historia, kultura eta hizkuntza bilbatzen dituen kidetasunok gogora badakarguz, ez da iraganaren erostaz eta bihozminaz egonean egoteko, ezpada gaur egungo euskaldunen eta errioxarren artean diran kidetasunak eta lokarriak agirian ipinteko. Izan be, lehena gogoratuz, oraina hobeto ulertzen da eta geroa be hobeto asmatu.
Iturriko
2014-10-06
[1] Santiago Segura (1997): Mil aos de historia vasca a travs de la literatura greco-latina (De Anibal a Carlomagno). Universidad de Deusto, Bilbao.