Uria, gaztelaniazko «villa» izenaren kide-kidea da. Eta gaztelaniaz “villa” horrek ezagutu dauen eboluzino antzekoa ezagutu dau euskeraz be.
Uria, adiera zaharrean, biztanle-moltsoa gune baten bizi dan lekuari esan izan jako. Geroago, gaztelaniaz “villa” izenak hartu eban administrazino estatus bera hartu eban uri izenak euskeraz. Eta orohar uria, kale edo kalle izenaz be izendatu izan da.
Uria eta baserria aurrez aurreko kontzeptuak dira. Uria, etxe-moltsoa dagoan lekuari deritxo, ez etxe bakarrari. Baserriak «etxealdearen» hurreko kontzeptua adierazoten dau gehiago.
– Euskal izen arruntei, geografia-izen jakinei atzetik dautsela sortu dira hainbat lekuizen. Horreetarikoak ditugu honeetariko hainbat:
Aberasturi: “Rekabarri, término de Aberasturi (Araba)”.
Atauri, atean, mendatean dagoan uria.
Atxuri, Mungiako auzoa, hatxean dagoan, hatxa dagoan edo hatxaren ondoan dagoan uria.
Basauri, basoan eginiko uria. Trebiñun be badaukagu Baxauri lekua; etorki berekoa, seguruen.
Etxauri, Araban: etxe + uri.
Ibarruri, ibarrean dagoan uria. “Existe en Leioa (Bizkaia), un barrio llamado Peruri, que bien puede ser degeneración de lberruri (poblado de la vega).”
Larrauri, larrean datzan uria.
Solauri, soloko uria. “Solauri, casería de Laudio (Araba); Solabilla (la heredad circular)”.
Urturi. Trebiñun daukagu Urturi lekuizena, ortu oin-hitzaren gainean eregia.
Zufiuri. Errioxako lurretan, Oxa ibaian alde bietan hainbat lekuizen dira -uri osagaidunak. Horreetarikoa dogu Zufiuri, zubiaren ondoko uria.
Busturia herri-izenaren azpian datzana bost-uri dogu, gaztelaniaz “cinco villas”.
– Uri lehen osagaitzat hartuta finkatu diran izenak dira:
Uriarte, deitura gisa ugaria. Beranduagokoa dogu segurutik Bilboko Uribitarte, baina esangura berekoak.
Uribarri eta Urizar lekuizenak be alkarren aurrez aurrekoak dira. Zahar dan baten hurrean eregiten da Barri dan bat. Uribarri izeneko hainbat ditugu euskal eremuan. “lberlanda, campa de Uribarri, en la anteiglesia de Arrankudiaga del Señorío de Bizkaia”. Uribarri, Durangoko uri barruan. Uribarri Oñatin: “Errekazulo, barranco de Uribarri (Oñati-Gipuzkoa)”.
Urizar, berbaz Uxarre, hainbat herritan daukagu: Zeanurin, Lemoizen… Araban be ugaria da: “Barrundia, Ayuntamiento alavés que comprende los pueblos de Ozaeta, Ermua, Larrea, Zuatzola, Eredia, Dailo, Andikana, Etxabarri-Urtupina, Etura, Gebara, Maturana, Urizarr, Otatza y Elgea”.
Uribe eta Urigoiti be aurrez aurreko izenak ditugu. Uribe Bizkaiko merindade zaharraren izena dogu. Eta Urigoiti, Orozkoko auzoa.
-Leku-izen baten gainean eregitako uri izenak be badira. Hara batzuk:
Arijauri Orozkon. “Arijo, cordillera de Garbea, en Orozko, le conocen por Arija, bajo la cual está Arijabe y el río del mismo nombre o también Arijauri.”
Ollauri, Errioxa goieneko herri txiki polita: Olla (gaur Oja ibaia) uria.
– Pertsona-izenen gainean loturik agiri diran -uri osagaidun izenak gehiago dirala dirudi. Dokumentazino zaharrean, ugariak dira berariaz, Goi Errioxan agiri diranak, batez be Ebro eta Tiron ibaien inguruan:
Bardahuri, Goi Errioxan.
Belaskuri, Belasko baten uria. Era laburtuan:
Blaskuri eta Baskuri
Bermuduri, Vermuduhuri. Bermudo izeneko baten uria.
Galbarruri edo Galbarruli lekuizenaren azpian Galbarra izena daukagu, ziur asko Galbarra ezizendun baten izena.
Garniouri
Gipuzauri, Goi Errioxan (Tiron)
Hatumanhuri, Goi Errioxan (Tiron)
Harramelluri, Errioxako herritxo baten izenaren atzean Arramel edo Erramel izena daukagu.
Izahuri (= Villahizan)
Margaluri
Maruri
Mutilluri
Nafarruri
Nunno falzahuri
Obekuri leku-izenaren atzean Obeko pertsona-izen zaharra legoke.
Ollauri, Olla edo Oja ibaiaren alboetan eregitako uria (Errioxa).
Ogganduri, atzean Otxanduri leku-izenaren atzean Otxanda izeneko emakume bat.
Ozturi
Peruri, Leioako auzunea.
Renduri leku-izena be badogu, euskerazko Erranduri baten era erdaratua: Errando baten uria.
Semenohuri, Semenuri eta Xemeinuri leku-izenen atzean Semeno eta Ximeno pertsona-izenak.
Urturi leku-izenaren atzean, Urtu pertsona-izeneko jaunen bat.
Zirikiouri.
Eta hain hurreko eta ezagun egiten jakun Zeanuri herri-izenaren atzean Zean izeneko jaunen bat legoke.
Adolfo Arejita