Oraintsuan, leku batera joateko nintzan edo ez ziurtatzeko, telefonoz itaun hau zuzendu eustan itxaroten neukanak: Etorteko zara? Baietz erantzun neutsan, joateko (edo etorteko, zelan begiratzen dan) ustea nebala agindutako ordurako. Neure burmuinetako gramatikari sena berehala hasi jatan jirabiran, eta neure buruari esan: Hara! Ez deust itaundu ea etorriko nazan, ea etorteko nazan baino. Hiztun askok sarri bereizten ez dituan diferentziak, edo bardintzen dituan gerokotasun kontzeptuak.
Aditz perifrastiko bidez etorkizuna adierazoteko, geroan gertatzeko prozesuak aditzen emoteko, jakina, bide bat baino gehiago dira, baina aurreko biok dira funtsezkoetariko bi. Etorriko zara eredua dogu orokorrena, zelan-halan esateko: aditz partizipio burutuari -ko atzizkia gehituta, leku-genitiboko atzizki berbera. Etorteko zara eredua antz-antzekoa da, baina aditz izenaren gainean eregia, etorte + -ko. orfosintaxiaren aldetik ikusita, aspektuan dago diferentzia: lehenengoak burutua, bigarrenak bururagabea.
Eta esanguraz guztiz bestelakoak dira, etorkizuneko prozesua ulertzeko eta epaitzeko era diferenteak. Etorteko zara egitura horren azpian datzazan balioak dira idatzi honetan aurrera dakarguzanak. Etorriko zara ereduarenak ezagunagoak eta amankomunagoak dira, orohar.
Etorteko da egitura hartzen badogu eredutzat, etorkizuneko denporaren barruan esangura bat baino gehiagotarako erabilia da; lehenean balio batzuk ziran ezagunagoak, eta gaur beste batzuk beharbada.
Gaur egungo balioen artean gehien gailentzen dana, uste, asmo edo intentzinoagaz lotuta dagoana: ekintza edo prozesu bat (etortea) beteteko ustea edo asmoa adierazotera zuzendua, dala adierazpen gisa, dala itaun modura. Etorriko zara? itaun egiten danean, galdera zuzena eta zorrotza egiten dogu; bai edo ez dira hor noraezeko erantzunak. Etorteaz edo dalako ekintza-jardunaz, bete ala ez bete, erantzun zuzena eskatzen da. Ebatzia zorrotzagoa eta erabatekoagoa izatea eskatzen da, geroan edo gertakizun dan denporan izan arren. Etorteko zara? itaunaren bidez, ostera, itaunduari bere asmoaz edo usteaz galde egiten jako. Gure alaba zaharrena laster ezkontzeko da dinoanean guraso batek, horretarako asmo sendoa hartuta daukala esatea lez da. Geure buruari esaten deutsagu batzuetan: Joateko naz eta joateko naz, baina horretarako astirik harrapau ezinik nabil. Intentzinoa hor dago, asmo garbia da, baina bete ezin.
Gure klasikoetan bakan agiri bada be, ondo lekukotua dago aditz egitura hau, eta esangura beronegaz. Mogel: Jakin izan baleu Maria nire emazteak etorteko zineala zu, ipiniko eutsun apari galanta (PAb).
Baina etorteko da ereduaren azpian datzan balio zaharra, helburu-asmoa baino gehiago, etorkizun dagoala adierazotea da, oraindino ez dala etorri izan, hain zuzen. Pedro Astarloaren ondoko esaldiak islatzen dauelakoan nago esangura hori: bada izanik memoria iragoriko gauzen gomuta izateko, ez dau bear Jaungoikoak, norentzat ez dagoan iragoriko edo etorteko dan gauzarik. Esaldi horretan iragoriko eta etorteko lehengo eta geroko prozesu edo gertaeren erreferentzia dira.
Leizarragak Testamentu Berria euskerara bihurtzean, Joanes Bautistak Jesusi zuzenduriko galdea honetara itzultzen dau: Hi aiz ethorteko zena?. Eta beste pasarte baten be antzeko balioaz darabil: hek guziak etziraden Kristen moienez ethorteko ziraden on handien figura eta seiale baizen. Pasarte bien azpian datza, etorteko zen/ziraden horreen azpian, etorriko dan edo diran esperantza.
Aditz konposatu egitura horrek, partizipioa mugatzaileaz lagundurik erabilten dan azpieredu bat be ezaguna dau: etorteko da barik, etortekoa da edo etortekoak dira egiturak. Idatziz bakan agiri da tradizinoan bigarren egitura hau; lehenengoa baino hainbat urriago. Berbaz, ostera, zabal dabil. Pentsa lei, egitura barriagoa, modernoagoa dala, baina guztiz zuzena eta ondo egituratua. Aholku-ohar bat honelan egin daiteke, domeka goiz batez mendira joateko diranai zuzendua, bezpera iluntzean: Bihar mendira joatekoak zarienok soineko lodiak hartu gorako, ze hotz egingo dau goietan. Mugatzaile barik erabili zein mugatzaileaz, ez dirudi esangura aldetik alderik dagoanik. Hizkera modernoaren eboluzino naturala dala esango neuke, berariaz aditz laguntzailea plurala danean: joateko gara > joatekoak gara.
Aditz perifrasi honek izan laguntzaileaz jokatzen dau beti. Nekezago ikusi edo entzungo dogu edun laguntzaileaz. Etorteko zara? itauna berez darabilgun moduan, ekarteko dozu? itauna nekez erabiliko genduke. Eta entzun, gitxiago.
Aditz perifrasi honek sartaldeko hizkeretan eboluzino natural bat ezagutu dau beste aditz perifrasi batzuetan jazo dan antzera?, izan aditz laguntzailea baztertzera jo da, eta horren lekuan egon eta euki aditz laguntzaile gisa erabiltera. Horrelan sortuak dira: joateko nago edo esateko daukat egiturak. Erabilera datuei erreparatu ezkero, berehala ohartuko gara, berbaz zein idatziz askoz ugariagoak dirala bigarren taiu honetako egiturak, lehenengoak baino.
Baina forma aldaketaz batera, esangurak be aldatu dira neurri baten. Baten batzuk garanduko ditugu labur, adibide ezagunak dirala medio.
?Bazkaldu dozue? Ez, bazkaltzeko gagoz itaun-erantzun alkarrizketan, erantzuleak aditzen emon gura dauena da, oraindino ez dauela jan, bazkaldu barik dagoala. Sarritan oraindino, hondino erako adberbioez laguntzen ditugu horretariko esaldiak. Bigarren esaldi bat: Gaueko hamabiak dira eta oraindino ohera joateko nago. Ez garala joan adierazoten da, joan barik gagozala. Adierazpen baten ezeztapena daukagu hor funtsean, -teko egon egituraren bidez adierazota. Hirugarren esaldi bat, partidu baten gorabeheran: -Nork irabazi behar dau ba- Itxaron partidua amaitu arte. Hori hondino ikusteko dago.
Bardintsu jazoten da -teko euki egitura iragankorraz be. Eta hau bai esan, entzun eta erabilten da, -teko edun eredua egiten ez dan arren. Testuinguru bi. Bata: Artikulua idazten hasi naz, baina hondino amaitzeko daukat, amaitzeko, berrirakurteko eta orrazteko daukat. Oraindino bete ez diran prozesuak. Bigarrena: Ezagutzeko daukat zuen umetxoa. Ea noiz ekarten dozun!. Adierazoten da, oraindino ez dogula ezagutzen, ezagutu barik daukagula.
Beste batzuetan, zerbait jazoteko puntuan edo zorian dagoala adierazoteko darabilgu egitura hau. Etxe haretan aitita zaharra hilteko egoan eta alaba gaztea, laster umea egiteko (egoan). Hilteko dagoana bizirik dago, baina ustez ez luzaroko. Aibarrok bere dotrina laburrean atal bati izenburu hau ipini eutsan: Ilteko dagoanen esturea. Idazle berberak, beste testuinguru baten honako itaun-erantzunak idazten ditu jausi beharrean dagoan etxe baten kontura: Eta jausteko dagoan etxe bati [non ezarten jako] estribo eutsigarria? An, non jaustera doian..
Hirugarren esangura bat be adierazoten dau egitura honek, goiko egiturakoen beretsua edo antz-antzekoa: asmoa, guraria, gogoa. Zamarriparen esaldi hau izan bedi horren adigarri: Ta itxi daiogun Peruri esaten esateko daukana. Tira, Peru, esan esateko daukazuna. Nik esateko daukadana arin esatekoa da. Arin esan ba, apalordua be egin jaku ta. Bai, nik esateko daukadana, gauza handia dala, arin esatekoa da, itxiten bajat. (Kili-kili).
Errose Bustintza Maariko idazlearen berba batzukaz amaiera emongo deutsagu idatzi honi: eta beteteko daukadan azkenengo eginbeharra behar danez beteteko ahaleginak ahalegin egin behar dodaz. Halan izan bedi.
Iturriko
2017-10-03