Izen edo adjektibo bati loturik erabilten da -ik atzizki partitiboa testuinguru batzuetan. Bi dira nagusiak: zenbatzeaz edo kantitateaz zerikusia daben inguruak, eta ezeztapenaren inguruak; hobeto esanda, baieztapenik ez daukeen perpausetako inguruak.
Batean eta besteak egiten dira sarri akats batzuk, eta ez gitxitan neurriz gora erabilteagaitik; hau da, berez ez dagokion kontestuan erabiltea, pentsaturik holan esaldi borobilagoa eta jatorragoa eregiten dogula.
Kantitate eremuko hitz batzukaz erabilten da sarri. Baina holakoetan atzizki barik be bardin erabili leiteke. Diferentzia: -ik markaduna indartuagoa dala, kantitateari hanpadura handiagoa emoten jakola. Asko, nahikoa, gitxi, erdia, eta atzizki bakoa, neutroa, markatu bakoa.
Halan esan daiteke: Ganorarik gitxi ikusten dot zuen artean. Edo era neutroan: Ganora gitxi ikusten dot
Asko hitzagaz errez esan geinke: Gazterik asko joan da kontzertua entzuten. Edo bardin: Gazte asko Sarriago erabili izan da asko izan aditz lokuzinoaz. Barrutia eskribauaren esaldi bategaz adierazota: Asko da lorik, esnaa zaitez!.
Erdia, unitatearen erdia adierazoten dauen izenak be zenbatzaile balioa daukanez, bardin jokatzen dau. Idazle biren esaldiez on egingo dot erabilera hau: Ohostu deuskue etxerik erdia (Zamarripa), Arakatuten dau mundurik erdia (J.M.Zabala).
Kantidade edo zenbatzaile hitzik agertu ez arren, erabilten da batzuetan -ik partitiboa, hain zuzen be zerbaiten ugaritasuna edo aniztasuna markatu gura bada, baina beti edo ia beti harridura edo adierazkortasun kontestuetan. Halan esaten dira, esaterako: Badago hobarik, mutilak! Badaukat nik zereginik, inoren arloetan sartu barik! Ikusten da jentemodu bakotxik kalean!
Baina aspaldion gehiegikeriaz eta tokaten ez dan kontestuetan erabilteko joerak hartu dira idazle, kazetari, hizlari eta gainerakoen aldetik. Egingo du bihar euririk, esan daiteke, baina sekulako euritzak egingo dituala adierazoteko, ze euria egingo dauela modu lauz esan gura badogu, partitibo barik adierazoko dogu: Bihar euria egingo du. Mahaiburu batek erantzun leio hitza eskatzen dauen bati: Itxaron apur baten; eukiko dozu aukerarik erantzuteko, baina horretara munduko aukera guztiak eukiko dituzu erantzuteko edo antzeko zerbait aitzen emon gura dogu. Modu lauz esan nahi bada, partitibo barik: Eukiko dozu aukerea erantzuteko.
Ezezkako perpausetan eta bide beretik galderazko, zehar galderazko eta mende-perpaus batzuetan: baldintzazko eta erlatibokoetan, besteak beste? tokatzen da sarri, IS-nor partitiboaz markatzea, baldin hau esanguraz mugagabea bada.
Baina horretan be badira mugarri batzuk. Halan, ezin da erabili aditz kopulatiboaz (da aditzaz, batez be) eregiten diran perpausetan. Hau ez da ona esango dogu, baina ez: Hau ez da *onik. Ez da komeni goizaldean kanpotik ibiltea esango dogu, baina ez: goizaldean kanpotik *ibilterik. Osasunarentzat ona da bazkaritan ardao apur bat edatea esango dogu, baina ez ardao apur bat *edaterik.
Aspalditxu da gure artean agiriko leku zarratuetan (taberna, kafetegi eta enparaduetan) erretea galerazo zala, eta iragarkiak ipinten hasi ziranean, danetarik ikusten zan. Debekua adierazoteko, batzuk idazten eben: ez dago erretzerik, adierazoteko han ezin zala erre. Baina egotegi barruan erre eitekela iragarteko, horren kontrako baieztapena be idatzirik ikusi izan da: Hemen badago erretzerik. Bigarren honek barruak be irabiatu egiten deustaz niri neuri behintzat. Hemen erre leiteke Ez, arren: erre ahal da? edo Hemen erreteko baimena dago edo antzekoren bat ipini ordez.
Atzizki partitiboen pilaketak be ez dira osasungarriak. Orekatsuago da: diru barik esatea, dirurik barik baino. Eta hizlari bati jasotako beste esaldi honetan: Ezinezkoa da kalitate onik gauzatzerik partitibo biak dagoz oker: Ezinezkoa da kalitate ona gauzatzea edo bermatzea edo jagotea, hainbeste ik edo rik barik.
Labur esanda: -ik partitibo atzizkia ondo dago, baina bere lekuan eta bere neurrian. Oker txikiagoa da, behar dan lekuan ez erabiltea, tokaten ez dan lekuan erabiltea baino. Bigarren hau oker bikotxa da.