Dakienak dakiHizkuntza

Ardi-txakur, Artzanor eta Artzain-txakur

Posted on

Herri-kirolak indarrean dagozan aldi honetan, ardi-pastore edo artzainena be ez beste batzuk baino gitxiago. Gure herri telebistan zuzenean ikusteko erea izaten da aspaldiko urteotan aldiro edo eratzen dan bakotxean zorioneko artzain-txakur lehiaketa. Idatzizko zein entzunezko hedabideetan be bere oihartzuntxoa dauena.

Pastoreek, artzainek edo ardi-pastoreek beste batzuen esanean, bizimodua ardizainen emon eta bizibidea ardizaintzatik dabenek, ezinbestekoa dabe, lehen zein orain, txakur bat edo biren laguntasuna, hainbeste ardiri jabe egiteko, batez be ardi-errebainu, artalde edo ardi-aldra ugariaren jabe diranek, euren jarduera latza arintzeko.

Ardiak jagoten dituen txakur mota berezi horri ardi-txakurra esaten jako gehienbat sartalde-euskeran; halan deitu izan deutsagu guk be. Esangurea garbia da: ardiak jagotea da txakurron zeregin nagusia.

Badira, dana dala, beste txakur mota batzuk be, euren zeregin edo jarduera berezitik izena hartzen dabenak. Badira: luki-txakurrak, sagu-txakurrak, arratoi-txakurrak... Ezagunagoak dira kaza-txakurrak edo ehiza-txakurrak Badira eurak dabiltzan lekuetatik (ura, itsasoa) izena hartzen daben txakur antzeko baina txakur ez diran animaliak be: urtxakurra nutria, itsastxakurra foca edo lur-txakurra alacrn, kasurako, baina benetako txakur diranak be bai: kale-txakurrak edo basatxakurrak, otsoari zein azeriari emoten jakola izen hau. Badira beste animalia baten antzeratik izena hartzen daben txakurrak be: zezen-txakurra, gazt. perro dogo, berbarako.

Baina ardiak jagoten dituan txakur mueta horri, ardi-txakurraz ganera, beste izen bat emoten jako euskerazko tradizino idatzian itzal handiagoa daukana: artzanora, gaur tamalez indargetuta hiztunen erabileran, baina idatzizkoan ardurea hartzekoa. Halan zinoan Mogelek giputz artzainaren ahoz Peru Abarka-n: «Artzaien txakurrei esaten zaie Artzanora».

Gaur modaratu dan artzain-txakur zorioneko izen horrek ez dauka ibilbide luzerik, eta zaharrik hainbat gitxiago, baina berau zabaldu da orioaren antzera gaurko euskal hedabie guztietan; ha ta guzti be ez nago ziur hiztun naturalen iturriari jaramon handirik egin jakon hautu horretan. Hiztunentzat esangura gehiagokoa da txakurraren jardunbidea, hau da, ardi zaintza, haren jabe dan artzainaren izena baino.

Edozelan be bizkaieraz bat erabiltekotan ardi-txakur hobetsiko genduke, sinonimotzat artzanor zaharra lagun dauela.

Iturriko
2013-09-20