Gauza jakina da gaztelaniaz que es edo que son funtzino eta esangura bi guztiz diferenteetarako erabilten dirala; bata erlatiboa eta bestea konpletiboa. Eta euskeraz be, inguruko erdereari hain makurtuta gagozanez, Mogelen berbaz esateko tximino eginda gaztelaniari oker jarraiturik, dala erabilten dogu dana kontestu batzuetan, eta dirala, diranak erabili beharrekoetan. Hau da, erlatiboa toketan dan lekuan konpletiboa; erderaz que es esaten dan guztietan dala edo que son horren ordez beti dirala.
Sarritan entzun ditut irratiz honen taiuko esakerak: Lezaman hainbat biztanle dagoz, ez dirazela hondino trenean ibilten edo: Bilbon jente asko dago, euskera bape ez dakiela. Lehenengoan ez diranak toketan da, eta bigarrenean ez dakiena.
Esaten badot, kasurako: Ezagutzen dot mutil bat, sekula barkuan ibili ez dana, erlatibo egitura baten aurrean gagoz, eta mutil izenari aurretik be eratxiki geinkio: Sekula barkuan ibili ez dan mutil bat ezagutzen dot.
Ibili ez dala esaten badot, kontestu diferente bitan erabili geinke. Konpletiboa danean: Edonork esango leuke barkuan sekula ibili ez dala edo ez dala ibili. Baina erlatiboagazko nahasketa, modu-adberbioen balioaz darabilgunean egiten dogu: Zelan ezagutuko dau mundua horrek, barkuan sekula ibili ez dala. Gaztelaniazko gerundioaren antzeko esangura dauka hor: no habiendo andado nunca en barco.
Belarriz entzun ez eze, idatziz be behin baino sarriago irakurten dira dana, diranak erlatiboen ordez okerreko dala edo dirala adberbialak, batez be ikasle gazteen idatzietan.
Ikasiko ete dogu behingoz: euskeraz dana eta dala guztiz bestelakoak dira, bai funtzinoz, bai esanguraz. Ez daiguzan nahastau, arren eta mesedez.
Iturriko
2013-06-03