Orioa lez zabaldu da gure artean, batez be kazetarien artean, aditz partizipioari ostean atzean ipinteko moda barria. Ikusi eta gero edo ikusi ondoren erabilten diran antzera, horreen lekuan, ikusi ostean eta honen sokakoak barra-barra irakurri edo entzuten dira hedabideetan, zelan-halango bizkai usain bat testuari emon gurarik edo, dala batuaz, dala bizkaieraz.
Ostean postposizinoa aditzagaz erabili nahi danean, erdian eta juntagailua ipintea dala zuzenena esango neuke nik, gero postposizinoaz jazoten dan antzera: ikusi eta ostean, ikusi eta gero. Berbaz erabilten dabenen artean hori dala lege nagusia esango neuke; halanda be, bestea txartzat jo barik.
Tradizino idatziak ez deusku, tamalez, asko laguntzen erabilerarik artezena ebazteko orduan. Tradizino laburra eta oraintsukoa baino ez dauka idatziz egitura honek aditzagaz; nekez eta mehatz agiri da, harik eta XX. mendean aurrrera egin arte. Izen, erakusle edo izen sintagma bategaz erabili izan da gehienbat postposizino hau, edo mugagabez, edo -en genitibo atzizkiaz. Aditzizenagaz be bai euskera zaharrean: jatostean eta halakoetan.
Mugagabeko erabilerak dira: On eginaren pagua, ate ostean palua (errefraua). Etxe ostean. Hatx ostean toki eremuan; edo: Meza ostean, afalostean, denpora esangureaz.
Erabilera mugatuak dira, -en genitibodunak, besteok: denpora zentzuaz: Gure ostean zelan izango ete da zuen bizimodua! Euriaren ostean eguzkia. Tokiarenaz: Baso horren ostean landa eder bat dago.
Aditz partizipioagazko egiturea oraintsuagokoa da berez, eta berbaz hainbat zabalago dabil, idatziz baino; eta bizkaieraren sartaldean gehiago, ekialderantz urriago. Baina berbaz darabilgunon, guztion ez bada gehienon, egiturea honako hau dala esango neuke: Jan eta ostean egingo dogu berba. Etxetik urten eta ostean jakin dot deitu dozula.
Egia osoa esateko, Zamarripa lango idazle seguruek: jan ostean, saldu ostean, jaio ostetxuan eta halakoak darabilez, ostera.
Arazoa agirian ipini dogu, bai, eta bakotxak zuzena deritxon bideari ekin beio.
Iturriko
2013-06-25