Berto-bertokoa ala berbertokoa? Zein hobeto?
Norbait bertokoa edo bertakoa dala indar edo intentsidade gehiagoz zehaztu nahi dogunean, errepika-egituraz baliatuta, ber- aurrizkia birritan erabiliz egingo genduke: berbertan, berbertatik, berbertara esaten dan moduan, nongo leku-genitiboa berbertoko egituraz indartuko genduke.
Ber- aurrizkia da birritan darabilgun bakarra: berbertan eta ez *berta-bertan; berbertokoa, eta ez berto- oina, eta ez genduke bultzatuko *berto-bertokoa, hiztun batzuen ahoz behin edo behin halan entzungo bada be.
Leku-denpora adberbioetan ber- horren errepikaz indartzen diranak honeek dira: bertan, bertatik, bertara, bertaraino, bertarantz eta bertakoa batetik, eta euren forma hurbilak: berton, bertotik, bertora, bertoraino, bertorantz eta bertokoa. Ezagunenak, beti be, non eta nongo kasuak.
Baina orokorrean, gure tradizino idatzian urriak dira berber- oinaz eregiriko adberbioak. Berbaz dira erabiliago, idatziz baino. Hara, idoro ditudan gitxi batzuk:
– Adlatiboan, berbertara. Tene Mujikaren luman: “Ama Birjiñak, [Jesus] ohialetan batuta askatxoan jarri zuan toki ber-bertara” Tene (in Etxaburu Kontu).
Ablatiboan, berbertatik. Denpora eremuan: “Euren zotin ta negar, zizpuru tristeen alde, / jaso’izu jaso, zure besoa berbertatik” (F. Arrese-Beitia Ama.Euskeria). Esangurea: ‘berehala, segiduan, atoan’. Espazio eremuan: “Idazkolen eralguntza eta aritzea berbertatik zaindu ditzan” («Organización y funcionamiento») (EAEg 15-1-1937, 810).
Askoz ugariagoak dira berber- bikotxaz darabilguzan izenordain edo determinatzaile kategoriakoak. Hau da: bera deklinatzen dogunekoak. Horreetarikoak:
– Bera nor kasuaren indartua, berbera da. Halan, Pedro Astarloaren idatziz: “Esaterako, Ama Birjina Arantzazukua berbera da, zein Begoñakua edo Arratekua” (UD II). Edo Urretxindorra bertsolaria: “Jainko ber-bera / aren aurrian / apal-apalki makurrik”.
Ergatiboan: berberak. Halan: “Azalduaz Jesukristok berberak antzesandea edo parabolia” (J.J. Kortazar Sermoeliburua). Edo: “Egin daben kaltea berberak aguro desegin daiala” (Dom.Agirre Auñemendi).
Genitiboan: berberaren. Halan: “Ez ete da, ba, zori gaiztotik / gure aberri laztana / aldatuko bein, jaritxiteko / bizikera berberana?” (Urretxindorra). “Jentillak, Barri Onaren bidez, gorputz berberaren oiñordekide ta atal, eta agintsariaren lagunkide dira Jesukristogan” (J. Kerexeta Biblia).
Soziatiboan: berberagaz edo berberarekin. Halan: “Gau ta egun gogoakizun berberarekin ausnarka zebillen” (Etxaide Joanak joan). “Beronek aurka dituben eragozpen berberakin burruka ibilli biar izan […] duben edozeiñek, erraz-erraz igarriko du lanegite orren alderik nausiyena ta biarrena idazlien gain egoten dala” (Ees 1916, 221).
Instrumentala: berberaz. Halan: “Esan amari, birrindu dogu / zure arerio arrotza, / kendurik berai eskuetatik / zu ilteko eukan aiotza. / Aiotz berberaz emon dautsagu / zeuri opa’utzun eiotza” (Urretxindorra). “Erri-kopla onenak bezin oldez ta indar berberaz ditxekie belarriei” (Gaztelu Musika ixilla). Baita: berbertsuaz, –tsu atzizki graduatzailedunaz: “Bertze asko ikhusgailu miragarrien artean, badire aise gau ortzaizkietan hautemaiten ahal direnak, bi izar aralde, izen ber-bertsuaz izendatzen direnak”.(Darricarrere RIEV 1913, 224)”. Baita berberez, berez posesiboaren errepika: “Bakoitzak berberez erantzun bearko du egiten duanatzaz […]. Ortaz, ezin beste iñor aztundu dezake” (EAEG 31-5-1937, 1728).
Ablatiboan, berberetik. Halan: “Eta, ara! zorten berberetik zazpi galburu aletsu eta eder garai” (Olabide Biblia) (Gen 41,5).
Leku-genitiboan, berbereko. Halan: “Araude edo ejenplar geiago ere ikusi izan ditut, gisa berberekoak, Gipuzkoako plaza beakurgarrietan” (Iztueta Condaira).
Pluralez be, gitxiago baina, erabilten da. Halan:
Absolutiboan: eurak 3. pertsonakoa, berberak bihurtzen dogu: “Nere aberritik egotzi naute nere seme berberak” (Jokin Zaitegi Sofokel).
Inesiboan: berberetan, pluralez: “Eta, ain zuzen, len biotz-eragiñak izan nitun abelera berberetan, eta batez ere Biblia irakurtzean, lengo toki berberetan gertatzen zaizkit oraingo auek ere” (Orixe Quiton arrebarekin). “Trikuarri saillak gaurko artzai-saroberik haundi eta ospetsuenak dauden toki berberetan arkitzen dira” (J.M.Barandiaran Euskal Leen gizona).
Berau izenordain hurbila indartzen danean, berberau daukagu. Kepa Enbeitak bere bertso baten dino: “Euskelerrijaz berberau egin / gura dau Jel alderdijak”. Esatea lez: ‘hauxe berau’.
Adolfo Arejita