Bietara esaten da, baina lurralde batzuetan batera eta beste batzuetan bestera. “Eskerrak etorri deN” ez da sartaldekoa; ekialdekoa eta, neurri baten, erdialdekoa da, Iparralde eta Nafarroakoa batez be, eta Gipuzkoa zati batekoa.
Hedabideetan entzuten dan ia bakarra, ‘Eskerrak etorri deN’ edo daN dala esan daiteke. Baina bizkaieraz egiten dogunok darabilgun (ia) bakarra –na atzizkiduna da: ‘Eskerrak etorri daNA’.
Bizkaiko leku askotan, eskerrak barik, graziak esaten da, eta ondo esanda hau be: ‘Athleticek graziak irabazi daueNA oraingoan behintzat!’
Bizkai partean normala da esatea: ‘Harek ondo daki errua berak daukaNA’. ‘Harek badaki bera bisitetan joango garaNA’. Holan berba egiten dan lekuetan bardin esaten dira aurreko biak be: ‘Eskerrak etorri zaraNA’. ‘Graziak etorri daNA’.