Añibarro idazle klasikoaren errefrau-bilduman agiri da, dakigula, lehenengoz esakuntza eder hau: “Burugin ona = lagungin txarra” (Añib. 121). Eta geroago Mateo Zabala frantziskotar frailelagun eta idazle handiak atzera darabil bere alegi-ipuinetariko baten. Alegi-ipuin hori bertsoz ondua da, izenburu honegaz: “Asto nekeak amaitua ta ila, ta zaldi biozgogorra”. Lehenengo partean dino:
“Astaemeak pisu geiegi / eroian bizkar ganean, / ta albaintinkaka joian bideti / arnasa ezin batean, / emen gelditu, / gero igitu, / txarto batean bestean. / Beragaz joian zalditoari / dirautsa onez ta lotsaz: / “Ai zaldi laztan, lagun zamari! / Il bear joat pisuaz, / jaukaat larregi; / ezin naiegik / nik onen zama astunagaz. / Arren ta arren, zaldi maitea, / euk izan nizaz erruki! / Arindu egidak ene kargea, / eutsirik euk atal bati. / Egiten beustak, / emongo deuat / eskerrik asko, o zaldi!”. / Zaldi musturrak, purrustutzarrak / eginik, ai! ta entzun ez! Burugin onak, lagungin txarrak / dirautsa orri destaiñez: “Asto ta asto! / gaisto ta gaisto! / Irea beti; besterik ez! / Gogora joan gura enduken / pisutxu iski bategaz! / Bestek eztanda ta… baiegiken / ez deuna deus bestenagaz. / Ez jonat ezer! / Egin emen ler, / il adin or nekeagaz!”.
Astoari lagundu ezagaz zalditoak erakutsi eban burugin ona zala, eta haxegaitik lagungin txarra.
Oraintsuago Azkuek bere bilduman (EY 2164) birritan agiri dau, singularrez eta pluralez: “Burugin ona, lagungin txarra” lehenengo eta “Burugin onak lagungin txarrak” hurrengo. Eta osterago Justo Mª Mokoroak barriro Ortik eta Emendik lokuzino bilduma mardulean: “Burugin onak, lagungin txarrak” (OE 36723).
Burugina, norberekoia, norbere buru zalea dan persona-moduagaitik esan izan da. Frai Bartolome Etxebarriko semea dogu berba honen lekukorik ziurrenetarikoa.
Behin darabil Seneka filosofo klasikoaren emaztea zelangoa zan zertzelatzeko. Dino:
“Entzun, bada, Senekari zer jazo jakon. Ak gizonak eukan emaztia zitala, miin gaistokua, burugina ta agindunaikua.” (Bart Elex).
Beste behin, golpe zorririk emoten ez daben harrapatariak salatzeko darabil:
“Egija esateko, penagarrija da, noberak nekez bere izerdijagaz irabazita edo eginda, Jaungoikoz daukan gauzia, alper batek, burugin batek edo kodizijoso batek, artuta eruatia” (Bart Ikasik II).
Beste behin dino:
“Nekez pensetan da ondo inorgaiti. (…): Pazienzija onekua bada bat, bildurti koitautzat ta arpegi biko kristinautzat; alegeria bada, nasaitzat. Zuzena ta arteza bada, sutsuntzat ta erengautzat. Guztia sinistuten daben on, aingeru bat bada, senbagakotzat. Kontu onekua ta adin onekua bada, malezijotsotzat edo askotako gaistotzat. Sosigu onekua bada, burugintzat. (…) Bere konzienzijan ondo ez juakolako isten badeutsa; bere eginbiarrari kobru emoten ez deutsan alpertzat. Jentiagaz ondo eukiteko grazija badauka, miin labanekotzat. Inoren labankerijak ta enbusterijak entzun gura ez baditu, andiustekotzat.” (Ikasik II). “Bada, ni eldu nintzanian komentu atara, edo obeto esateko, negarlekura, ikusi nituban bene benetan, onan esatia ondo bada, alperren begijak inos ikusi ez ditubeenak; buruginen belarrijak inos entzun ez ditubeenak; ta nagijen bijotzera inos eldu ez dirian gauzaak” (Bart Ikasik III). Burugina danak besteena ez dauela entzuten, ez dauelako entzun gura, esateko.
Lagungina, hurkoen lagun ona, edo, hobeto esanda, besteei laguntzekoa. Mateo Zabalaren pasarte bat, bere sermoi batetik.
“Itanduten deutsu ezkondu gura daben batek, ea ain lekutako neskatillea ona bada, modu onekoa, egillea eta beargina (lagungin ona). Zeuk dakizu ak gaixoak errakuntzatxo bat izan ebala; baia gauza ori ixilik dago, eta zeuk eta alango besteren batek baxen eztaki.
Bada pekatu egingo zenduke olango erezia besteari iragarriko bazeuntso. Iñoren pekatua edo gauza deungea errian zabaldurik badago, eta guztien artean badabil, edo laster beste alderen bateti zabaldu bearko bada, ezta pekatu mortala izango, erri atan orren ganean berba egitea; baia izan leiteke beste erriren baten zabaldutea edo zabalduteko bidea emotea”.
Adolfo Arejita