Zer dala-ta jalgiten jaku ezpanetatik esakera hori? Bizi garan denporan, gauza bakotxak bere aldia eskatzen dauela argitzeko; edonoiz ezin dala dana dalakoa egin. Ezkontzeko, umeak eukiteko, gurasoen etxetik urteteko, lanean hasteko…, bizitzan garrantzia daben pausuak emoteko batez be, urrats bakotxak bere aldia, aldi ajutua, behar izaten dauela. Horren harira erabili ohi da sasoian sasoikoa esaera hori.
Sasoia, soilik darabilgunean, sasoi ona adierazoteko ohi da. Sasoian dagoana sasoi onean dago. Pello Mari Otañoren bertsoak dinoan lez: “Hobeago da sasoi dan arte / saiatzea lanean, / negar eginaz ibili gabe / gero denbora joanean” (Euzkadi). Baina sasoia erazkoa ez danean, kontrakoa baino, adjektiboz zehaztu ohi dogu: sasoi txarra da ereiteko, sasoi txarrean zatoz momentu honetan, sasoi txarrean gagoz dantzan egiteko, sasoi txarreko zereginak e.a.
Sasoian egote hori gaztetasunaren adierazgarritzat darabilgu sarri: gazte sasoikoa, 50 urtegaz hondino sasoian egoan e.a. Bada errefrau bat, ironia puntu batez sasoi ona eta sasoi berandua aurrez aurre erakusten dituna: “Sasoi dan arte zentzu gutxi; zentzua irixtean sasoiak utzi” (A.Zavala EEZZ 2648).
Denpora eremuko beste izen ezagun batzuk be badira, mezu beronen adierazgarrirako: aldia, garaia, tenorea…eta beste gehiago “denporeagaz” zerikusia dabenak: unea, aroa, ordua.
Sasoian sasoikoa honako esangura-eremuotan agiri da gure literaturan:
– Gaztetasunaz eta gaztetako bizibehar eta zorotasunaz darabil T. Gerrikagoitiak bere oroipen-liburuan:“Gu be, etxera etorrita, zurrunbilo guzti horren erdian; eta, beste aldetik, jolasak, erromeriak, neskatxak eta sasoian sasoikuak” (Arantza). Hau da, sasoiari joakozan gaztetako zaletasunak. Errefrau baten harian: “Hau dok sasoia ta beharrik ez” (Zeberio. Etxebarria).
– Urteko aldiei, urtaro edo hileei jagoken eguraldia dala-ta be bai: “Sasoian sasoikua / beti da onduen, / udan beruak eta / edurrak neguen” (Urretxindorra). Ildo horrexetakoa dogu hurrengo esakuntza hau be: “Sasoian sasoiko. / San Antonez ospelak belarritako” (V-m). (A. Zavala EZBB II 108). San Antonio abataren neguko egunaz, urtarrilaren 17an, sekulako hotzak egin ohi ditualako.
Bere sasoian gauzak egin behar diralakoa gogorazoten deuskue beste errefrau batzuek be. Eguraldiaz, negu-udetako giroez konparantza eginez, errefrau batek dino: “Elurra neguan eta giro ederra udaran, gauza danak bere sasoiean.” (A.Zavala EEZZ 872).
Aldian aldikoa(k) esakuntzea be esangura berberaz erabili izan da, eta egiten da. Izan be, gure tradizino zaharrean aldi izena sustraituago dago “denpora” eremuko horretan beste izenok baino.
– Aldian aldikoa egitura honen pasarte argigarria darakusku S. Mendiburu oiartzuarrak XVIII. mendean: “Igandean igandekoak, hastean hastekoak, horduan hordukoak, eta aldian aldikoak” (Otoizgaiak III). Urteko liturgia-egutegiari lotua dirudi pasarte horrek.
– Baina lurraren giroaz, berariaz ganadua bazkatzeari loturik agiri da ekialdeko beste testu batzuetan: “Billatzen ditu udan udakoak eta neguan beste bero-epelak, eta eramaten ditu aldian aldiko belarretara” (S. Mendiburu 309). “Hezerik janarazten bada, aldian aldikoa ebaki behar da” (Duvoisin Laborantza).
– Ezkontzea autu darabilen errefrau bat bada, aldia aitatzen dauena. Errefrau zahar honek dino: “Beluko eskonzea deunga, / goxetikoa ez oba. Aldia gauzak daude; / aroari jarrain gakiozan” / “Tardío casamiento, malo. / El temprano, no mejor. / Tiempo las cosas tienen. / Al tiempo sigámosle.” (RS 440). Aldia eta aroa denpora-izenak aitatzen dira hor. Gauzek aldia dabela esatea, aldian aldikoa egin behar dala esateko beste era bat da. Eta aroaro jarrain gakiozan dinoan horretan, aroa, aro ona da, baina kasu honetan ez ereiteko (azaroa), ezpada ezkontza egiteko: ezkontzaroa.
Beste era batzuetara be esan lei hori berori: garaian garaikoa, tenorean tenorekoa, unean unekoa, aro danean aroari joakona, edo: toketan danean toketan dana.
Adolfo Arejita