Gorane Intxaurraga, Labayru Fundazioko teknikaren ama, Maria Rosa Basterretxea, Erletxetako alabea, dogu esakuntza honen iturria. Zer esateko, orpoan arantzarik ez eukitea? Azalpen modura argitu deusku etxe bakotxean egoten dala arazoren bat, problemaren bat. Eta orpoan arantzeak min egiten dauen lez, etxean be halakoren bat subertetan danean, min egiten deutsiela hurrekoei.
Orpoan arantzea eukitea irudia guztiz ezaguna dogu euskeraz, berariaz sartaldeko hiztunontzat, eragozgarri, behaztopo, ataza edo arazo bihurtzen jakun horren metafora adierazgarri modura; mingarria dan zeozeren irudi gisa. Mendatan, geure famili artean entzuna dot, konparagarritzat esaniko esapide hau: “Orpoan arantzea baino hobea da hori”.
Orpoetan arra euki, edo zehatzago esanda, orpoetan arrik ez eukitea iruditzat hartuta eihoa da esakuntza hau: «Gura danerako orpoetan arrik ez» (G.Garate Atsotitz 6124). Beti prest egon, bape arazorik edo atxakiarik euki ez, adiereaz. Eta horren hur-hurrekoa hurrengo hau be: Orpoetan ar barik. Orpoetan arra euki edo arantzea eukitea, gauza bera dira. Eta esapide hau be ezezka erabilten da: «arin baten, bizkor, agudo» aditzen emoteko. «Jaten joateko gonbita egin eutsienean, orpoetan ar barik urten eban etxetik» (Zeberion jasoa. Juan Manu Etxebarria).
Gure idazleen artean be behin baino sarriago irakurten da orpoetan arantzea eukitearena. Ebaristo Bustintza «Kirikiño»k orain mende bete irudi gisa idatzia da: “Orpoan arantzea sartzen danean, bertan handitua egiten dau.” (Aberria, 213).
Arantzea eukitearen irudia pobre izatea adierazoteko be agiri da behin edo behin: honako esakuntza biotan, berbarako. “Pobrearen oinean beti arantzea” dino aldaera batek, Justo M. Mokoroak baturik dakarrenez (OE 30470), eta “Pobrearen oinian egundo arantzaren paltarik ez”, G. Garatek dakarren beste honek (Atsotitz 11371).
Damaso Intzak zaia eta errena (arantzea) iruditzat hartzen dituan errefrau hau batu eban: “Etzaio faltako horri zaien erren (arantza) bat”. Eta horren argigarritzat: «Zaian ez da izaten arantzarik; baina gizon horri bai, zaian ere aterako zaio arantzaren bat, nonnahi agertuko zaio beaztoporen bat» (Intza EZ 158).
Arantzearen irudia larrosakaz be erabilia da, mezu beretsua adierazoteko. «Ez dago larrosarik, arantza bakorik» da gure artean ezagunenetarikoa. Baina aldaera ugariak ditu hor-hemen eta zabal dabilen esakuntzea da. Erdialdeko hizkeran honelan batu eban A. Zavalak: “Ez dek larrosarik arantza gaberik” (EEZZ II 1097). “Larrosa arantz gaberik ez” (EEZZ II 1911). Nafarroako bertsino hau hitzez apurren bat diferentea da: “Ziztenik ez duen arros(ar)ik ez da” [Ziztena = arantza] (Intza EZ 1350)
Lorea eta arantzea batetik, eta gozoa eta mingotsa bestetik, aurkez darakusazan hau be poetikoa da guztiz: “Loreak arantzea, ta gozoak be mingotsa” (Zavala EEZZ II 1961).
Adolfo Arejita