Eguraldiaren, negu-eguraldiaren gaineko esakuntza esanguratsua dogu hau, gaur egun bizirik dirauen errefrau zaharra. Zergaitik dagoan bizirik euskaldunon buru-ezpanetan? Nekazari munduan batez be, egunean eguneango bizi-esperientziaren adierazgarri dalako.
XVI. mende akabuko esakuntzen arteko batek antz-antzean, baina laburrago, dino: «Loitzaen ganeko leia euria». / «Helada sobre lodo lluvia» (RS 44). Loitza, basea, lokatza da aldi horretan. Euria dino soilik, eta ez euriaren deia.
Justo Mª Mokoroak bere lokuzino-bilduman antz-antzean dakar, lehengo mendearen gerra aurrean edo batuta: «Euriin ganeko leie, euriin deie» (OE 57170). Ez dakit ziur zein herritan, baina hizkeratik ezagun da, Ipar Uribe alde horretakoa dala esakuntza hau.
Labayru Hiztegiak be, lei hitz-sarreran, baturik dakarren errefraua: «Euriaren gaineko leia, euriaren deia». Leia, gazt. «helada» danarentzat Bizkai erdi eta sartaldean erabilten da batez be. Eta Bizkai ekialdetik, Gipuzkoan ezeze, Nafarroan eta Iparraldean be izotz hitza da nagusi. Iparraldean horma be bai. Eta eremu mugatuagoetan, eta esangura murriztuagoaz berariaz, antzigarra, lantzurda, karroina eta beste izen gehiago be hartzen ditu eguraldi-fenomeno honek.
Euskaltzaindiaren EHHA atlasean datu interesgarriak datoz leiaren gainean. Diman, hango behinolako informatzaileak lei zuria eta lei baltza bereiztu ebazan bere azalpenean: «Leizurie dok bat, zuri ikusten dana kanpoan; da leibaltza dok, ori zuritasun ori eztok ikusten, bea yak kristela bardin». Otxandion beste informatzaile batek antzera argitu eban: «arboletan da eske(g)ite (eg)oten direnean, zurdie (da). Leibaltza da ikuste(n) (ez)tana, da dana gogortu. Leizurie da ikusten dana».
Leien ganeko euria, euriaren deie esakuntza horretan, lei zuriaren gainean da adierazpena.
Adolfo Arejita