Erletxe edo Erletxeta esan, hori da auzia kasu honetan. Antzeko auzia edo ezbaia daukagu beste leku askoren ganean be. Badaukagu ikastola bat Lauro izenekoa, baina auzoaren izena bertakoentzat Lauroeta da (Laurota berbaz). Zamudioko lurretan be bada auzo bat, batzuetan Geldo edo gaztelaniaz Geldos irakurri eta entzun doguna, baina bertako eta ingurukoentzat euskeraz Geldoeta dana. Eta horretariko beste asko be badira.
Erletxe eta Erletxeta izenen artean fenomeno bera jazoten da. Behinola etxe bat egoan bide-kurutze inguru horretan Erletxe izenekoa, eta auzoan etxe barriak egin ahala eta auzoa hazten joan, pluralez izendatzen hasiko zan: Erletxeta. Eta gaztelaniaz «Erletxes» esan izan bajako, pluraltasun hori ezagun dalako oinarrian izan da.
Galdakaoko lur-eremuan dago Erletxeta. Auzoa zeharkatzen dauen errekeari be Erletxetako errekea izena emon izan jako.
Badira bertso ezagun batzuk, oker ez banago Kepa Enbeita Urretxindorrak onduak, Matxalen Kardu izenaz ezagutzen diranak, Labayru Fundazioak Katuen Testamentua liburuskan argitaratu eta Oskorri taldeak interpretau zituanak, guztiz barregarriak eta Erletxeta aitatzen dabenak:
“Matxalen Karduk asto gañian / Bilbora bostehun arrautze / daruazala, Erletxetako / mutil koskorrak dirautse: / -Matxalen Kardu, Matxalen Kardu, / zer daruazu astoan? / -Zera jaroat… asto korotzak / zuek joteko lepuen. // «Añaniñoen atso sorgiña» / esanda, danak harrike, /hartzen deutsoe asto zaharrori / aurretik arin-arinke. // Halako baten zapalduten dau / kurebixoen etxie. / Honeek hasarrez lau aldetarik / astuari heltzen deutsie. // Ene mutillak! Zer zoan hango / putz, arrantza ta dantzie! / Agur Matxalen, zure astua… ta / arrautzak Bilbon saltzie!». Erletxetako mutil koskorrak aitatzen dira bertso barrregarriotan.
Bertako eta hurreko auzoetan (Kortederra…) eta inguruko herrietan (Larrabetzun, Arratia partean, Zornotzan) bizi dan jente euskaldunari itaundu baino ez dago, paraje horri Erletxeta jakola euskeraz izen nagusia ohartzeko, batzuetan erderazko Erletxes be entzun izan arren. Azken baten, pluralez izendatzeko joerea beti be nagusi.
Adolfo Arejita