Erdi berbea, gaztelaniazko medio, mitad, semi- eta kidekoen antzera, gramatika kategoria diferentetan darabilgu; hitz malgua eta askotakoa da, kategoriaz anitza.
Izen kategoriakoa dogu sarritan, neurri-, kantitate-izenen sailekoa. Ondoko esaldioetan, esaterako: Auto txiki honek beste handi horren erdia balio dau. Erdiagaz nik ez daukat ezer; osoa behar dot. Horregaitik beragaitik, izenlaguna aurrean ipintea onartzen dau: Liburuen erdiak akatsakaz publikatu dira.
Adjektibo kategoria be gordeten dau batzuetan; ez sarriegi, dana dala. Hatakotzat joko gendukez honango esaldiak: Plazan egoan jente erdia edadekoa zan. Bide erdia egin dogu; orain beste erdia falta.
Graduatzaile kategoriaz dogu berariaz emonkorra eta bizitasun handikoa erdi hitza, beste hitz kategoria batzuekaz alderatuta. Graduatzaile lexikala da gehiago, gramatikala baino, baina edozelan be era libre eta malguan erantsi ohi jake aurretik, graduatzen dituan hitzoi. Gaztelaniaz be, erdi honen antzera jokatzen dabe medio eta semi- hitz-markek.
Graduatzen dituan kategoriak ia danak ohi dira. Batzuetan, izenak: erdi gizona, erdi basoa, erdi baserri erdi txaleta. Sarriago eta errezago gertatuko dira adjektiboak: erdi zoroa, erdi leloa, erdi itsua, eta askoz sarriago, adberbioak edo aditz partizipioak. Adberbioen kasua: erdi txarto, erdi ondo, erdi gaixorik. Aditz partizipioen kasua: erdi mozkortu, erdi poztu, erdi argitu, erdi galduta ibili.
Postposizino kategoria autortzen deutsagu beste batzuetan, gaztelaniazko en medio de balioaz: etxe biren erdian, bidearen erditik, gau erdian.
Eta akabukoz, zenbatzaile kategoria, eta horren barruan zenbatzaile zehaztuen azpikategoria. Izan be, bat, bi, hamar, hogei, ehun zenbatzaile zehaztuak ?-numeralak ohi deritxe honeetarikoei?? diran moduan, azpikategoria horretan sartzekoak dira, erabileretariko batzuetan, bete, lauren, bana eta beste batzuekin jazoten dan antzera.
Zenbatzaile dogunean erdi
Zenbatzaile garbi izateraino garatu da erdi, izen-adjektibo kategorietatik, bete aditz-adjektiboa egin dan antzera. Bidearen erdia izen sintagma, hau da, distantziaren erdia izendatzeko adieran, bide erdi izatera etorri da formula batzuetan. Halan desafio edo aupada gisa, pertsona bik, batak besteari zuzentzen deutsezanean, burruka egiteko edo: ?Etorri hona! Ez, etorri zeu hona ea! Bide erdi! Lehiakide bat bestea dagoan lekuraino joan beharrean, bata eta bestea erdi puntuan alkartzea, erdiguneraino etortea. Hanka erdi! be erabilten da, aupada formula modura.
Esapide finkoa da gatx erdi / gaitz erdi, itxura baten hitz konposatua, baina berez gatx erdi, hau da, gatx osoaren erdia, bigarren osagaia zenbatzaile gisa erabilia. Mogelenean daukagu testigantzarik zaharrenetarikoa: berorrek amau gaikezala gu, bere gorputza janaritzat emoteraio, igarokorra ta gatxerdi litzate, baina berez gipuzkera eremuan sarriago entzuten dana. Agirre Asteasukoren testigantzak, ugariak dira, adibidez.
Izen be erdi, neurria, zenbatekoa, finkatzeko erabilten dan berbea da: unitatearen erdia, hain zuzen. Eta berez, neurria, zenbatekoa aplikatzen dan eremu diferente guztietarako baliagarri da: espazioa eta distantzia, bolumena, pisua, denporea e.a.
Botila erdi eredua eta botila eta erdi eredua
Egitura bi dira, zenbatzaile gisa, sarrien erabili ohi diranak: a) Izen + erdi, eta b) Izen + ta erdi.
Botilea hartzen badogu edariaren neurritzat, neurri horren 50%a adierazoteko, bata: botila erdi. Eta neurri hori osoa eta horren erdia adierazoteko bestea: botila eta erdi, azunbre eta erdi, litro eta erdi (edan genduan).
Denpora eremura etorrita, ordutegiaren inguruko esapideetan ikusten da garbien erdi zenbatzailearen papera: Ordu erdi darabilgu, ordu bete edo ordu lauren darabilguzan egitura eta sintaxi berberaz. Baina denpora eremutik urten barik, bardintsu erabilten dira edo erabili leitekez. Denpora tarde luzeagoetan: urte erdi, hile erdi, eta bide beretik mende erdi edo mende eta erdi, eta usadio gitxiagoko beste batzuk be bai: egun erdi, goiz erdi, gau erdi, arratsalde erdi Eta denpora-unidade laburragoetan be bardin: minutu erdi, segundu erdi. Eta bide beretik, minutu eta erdi edo segundu eta erdi, zehatz kronometratzen hasi ezkero.
Espazio eremuan, luze-zabala eta nondik norakoa, distantzia, dira aitatzekoak: metro erdi edo metro eta erdi, kilometro erdi edo kilometro eta erdi eta ildo horretako beste asko.
Bolumenaren eremukoak be ugariak dira, berariaz isurkari eta edariekin; bardin deutso ura, ardao edo esnea izan. Edari edo bestelako isurkari baten neurria emoteko ontzi edo zelan-halango edukin bat hartzen badogu, haren erdia edo haren neurria eta beste erdi bat adierazo nahi badira, hainbat esapide darabilguz geure egunerokotasunean. Edukin edo ontzi jakin batzuen izenak ohikoak dira gure artean: basu, katilu, botila, koilara, lapiko, kazuela Halan garatuak dira: basu erdi ardao zuri; katilu erdi esne (edo katilu eta erdi); botila erdi txakolin (edo botila eta erdi). Gure inguruko herri baten bazan lehenago gizon bat, Koperdi ezizena ipini eutsena, bazkalosteko edaria, kopa osoari gehiegi eretxita, kopa erdi eskatu ebalako.
Neurri estandarragoetara etorrita: litro erdi edo litro eta erdi, klasikoagoak diran azunbrea edo kuartilua aintzat hartuta: azunbre erdi edo azunbre eta erdi, kuartilu eta erdi. Kopla zahar baten hitzak gogoratuz: Neure kapela makurra, / beti tabernara gura. / Halakoan baten itxikot / azunberdiren kontura. Hau da, azunbre erdiren kontura.
Pisuaren eremua be emonkorra dogu erdi edo eta erdi zenbatzaileen erabileran. Unidade zaharretariko batzuk hartuko ditugu. Arroako unidadea, txarriki pisurako asko erabilitakoa, hartuta, arroa erdi urdai idatzi eban Mogelek. Librea, arraina neurtzeko sarri erabili izan dana, lehenago esaten zan: libra erdi antxoba edo libra eta erdi txitxarro. Anegea, laborea neurtzeko erabili izan dana hartuta, esaten izan da: anega erdi indaba edo anega eta erdi gari. Eta gaurko unidade ohikoetara etorrita, bardin aplikatzen da: kilo erdi angula edo kilo eta erdi indaba.
Diru kontuan, berariaz eta erdi, usu erabilia da moneta unitate jakin bati darraiola, gaurko kasuan euroa. Halan: Euro eta erdi kostau edo bost euro eta erdi ordaindu. Eta lehenagoko moneta-unidadeetara jota, erreal, lauko e.a., garatu izan dira: bost errial ta bost lauko ta erdi, bost errial ta bost kuarto ta erdiraino.
Berez, neurri zehatza eskatzen dan edozein eremu semantikotan egokitzen da erdi zenbatzailea. Hizkuntzaren joan-etorrian eboluzino txiki bat gertatu da berez-berez gramatikaren aldetik adjketibo kategoriatik zenbatzaile kategoriara. Txokolate tabletearen erdia jan dot esatetik, Tableta erdi txokolate jan dot edota Tableta erdi jan dot txokolatea esatera. Edo kategoria biak batera hartuta: Txokolatea tableta erdi baino ez dot topau; beste tableta erdia saguren batek jan dau, antza.
Eboluzino edo garapen hau ez da atzo goizekoa, aspalditik datorrena baino. Gure klasikoen artean ondo lekukoturik agiri da, ugaria ez bada be; baina idazle batzuetan beste batzuetan baino gehiago, dana dala. Sarri ohi dogunez, Mogelen idatzietara joko dogu aipu bakan batzuen bila. Batzuetan erdi eta beste batzuetan ta erdi egiturak agiri ditu. Eremu semantiko diferenteen artean, denporea eta pisua dira nagusi. Denpora eremuan erdi zenbatzailea (batzuetan konposatu antza euki arren) ohikoa da egun, gau, ordu izenen atzean: egun erdi artian igaro ezkero, gaberdi ezkero joan edo edan baga, ordu erdi baino egingo ezpalu ere, ordu lauren da erdi igaro artian. Bitxia jazoten da, gaurko erabileratik ikusita, Mogelen pasarte hau: orduerdi.
Eduki-izena agirian ohi da beste batzuetan; gitxienetan. Isurkarien eremuan, pitxar, katilu, basu, kikera, kantin, terrin Halan Mogelenean: Pitxar erdi ardao, amar lauko, Asmatu zuan erostea baso erdi aguardiente.
J. Mateo Zabala bilbotarraren lekukotasunak urriak dira, eta ia beti denpora eremukoak, edo are estuago, ordu eta erloiu izenakaz batera darabilzanak: neurri-izentzat erdi zenbatzailearen, edota lauren eta bete-ren aurretik. Gramatika egitura honen adierazgarri bardinbagea, honakoa: kontu daigun berbarako, abarkaak josten iru ordu lauren, atea konponduten ordu erdi; esia zarratuten ordu bete; edo frakaak ifinketan erloju bete, gona batzuk eta panizelu bat garbituten erloju erdi; artoa garaunduten erloju erdi, eta alan puskaka puskaka aldi luzea bearrean emotea.
-rik erdia egitura
Asko, nahikoa, gehien eta beste zenbatzaile zehaztugabeakaz sortuak diran eskerrik asko, nahikoa beharrik eta beste halako beste egitura askoren antzera, erdi hitzagaz batera, honen aurretik doan izena -ik partitiboaz markaturik agertu ohi da sarri.
Baina zehatzak izanda, erdi kasu honetan ez da zenbatzaile kategoriakoa, ez da zenbatzaile mugagabea, adjektibo kategoriakoa baino, eta -a/-ak mugatzailea atzean dauela dihardu sintagma katean, eta inola bere ez mugatzaile barik.
Horretarikoak dira berbaz sarri darabilguzan batzuk: Biderik erdia oinez egin dogu. Etxerik erdiak jausita egozan. Jenterik erdia erdi birlorauta ikusten zan. Sartaldeko euskeran agiri da indartsuen, idatziz zein berbaz, egitura bitxi hau.
Klasikoen artean, J. Mateo Zabala bilbotarra dogu honetan be bide-erakusle bardinbakoa. Hara beronen pasarte gitxi batzuk, goian azaldutakoa on egiteko: biderik erdia eginik daukazue; laster loak artuten dituz, eta ez dabe gorurik erdirik bere egiten zein lagunen artean; Arakatuten dau mundurik erdia eta alan bere irapazi on bat etaraten badau, pozik iragoten dituz izerdi eta neke andi guzti oneek.
Oraintsuagora etorrita, Zamarripa sondikoztarra dogu beste lekuko ereduzko bat: Ohostu deuskue etxerik erdia (Firi-firi), Bosgarren paperaren erdia be baltzitu dogu, irakurlea. Paperaren erdia eta paperik erdia (Firi-firi), Erromerian dagon / jenterik erdia / berorren adi dago oin (Gora.begira), Baltzeoan ibilida, / gorputzik erdia / lurrean dabilela (Gora.begira).
Gomendio gisa, erdi zenbatzaileari bere estatusa, bere lekua autortu behar jako idatzian be, ahozkoan aspalditik egina eta sendotua dauen lekua.
Bego honenbestean gaurko idatzia.
Iturriko
2018-09-07