Labayrulagunen sarekoei itaun-mezu bat bialdu deusku Zeanuritik Maider Etxebarria bertako alabeak, kokotxo horreen ilara luze baten argazkia lagun dauela, ea ze izen emoten jakon itaunduz, eta argazki barrenean ohar-komentario hau: “Atzo paseoan urten eben. Goizetik aurten”. Zeanuriko Uribe auzoan ateratako argazkia.
Hainbeste erantzun jaso doguz berba beragaz: Amorototik Fauxtin Urrutibeaskoak: Pinukokoak. Cristina Mardarasek Oromiñotik: Piñukokoa. Markinatik Iratxe Lasak berebat: “Piñukoku. Atzo mendi osteran mordue ikusi genduzan”.
– Beste izen batzuk be baditu, hizkera batetik bestera aldatzen diranak. Halan:
Harra, izen orokor samarra, hainbat lekutan. Hortixek eratorria da har-zorroa. Boltsan batuta dagozanean kokook, boltsa horri jakon izenetariko bat: har-zorroa. Hara hiztegian zelan definitzen dan: “HAR-ZORRO. Bolsa de seda formada por la oruga procesionaria en torno a las hojas de algunas coníferas”. Munita idazlearen esaldi bi: “[Errege-zakurraren] ar-zorroak piñudian agertzen diran bezin laxter […] (Munita 95). “Zedroan ere ar-zorroren bat edo beste ikusi izan da, etzaio, ordea, oso gogor erasten” (Munita 93).
Beldar, edo pinu-beldar da ekialderantz jakon izenik ezagunena. Edozelan be, hainbat lekutan pinu arbola-izena aurretik dala. Pinu-adarretan ikusten diran zorro zurixka horreetan egoten diralako.
Iparraldean beldar soila da erabiliago. Herria aldizkarian idatzia da: “Har ferde edo beldar zikin horiek sorho edo pentze bat biluzi-eta osteka iragaiten dituzte bideak auzoko lurretarat joaiteko” (Herria 1961-10-12).
Erregeren xakhurra ere baderitzo Iparraldean beldar edo pinu-koko honi.
Labur esanda, kokoa eta harra izen orokorrak dira ‘gusano’ dalakoaren ordaintzat, baina ‘procesionaria’ deritxon har-kokoa espezifikoagoa da, mota bereziko harra. Ilaran ikusten dan koko hori-beilegi antzeko horri sartalde honetan pinu-kokoa deritxo.
Adolfo Arejita