Berbazko euskerea (eta edozein hizkuntza) idatzizkoa eta, batez be, tradizinokoa baino aldakorragoa dana gauza agiria da, eta gure tradizino idatzian eredu bateratu samarrak ezagutu ditugun moduan, berbeta bizian, lurralde batean edo bestean, egitura barriak eta bereziak be sortu izan dira. Hizkuntzaren aldakortasunak hainbat gehiago eta handiagoak gertatzen dira euskeraren bazter eta ertzetan, bizkaieran eta zuberotar hizkeretan euskeraren kasuan batez be.
Erakusleen sintaxian erdiratu gura dot sintaxi aniztasun hau gaurko idatzian, bizkai- edo sartalde-euskeran jazo diran barrikuntza batzuez ohartarazoteko.
Nork ez dau entzun behin edo behin Bizkai inguruko bati esaten: Hori gizona jota dago, edo horrek andreorrek burua galduta dauka, edo Honi umeoni kokoteko on batzuk emon ezik, gainea hartuko deutsu.
Erakusle kategoria izen sintagmari aurretik ipinteko joerea bizkai euskeran aspalditik dator. Frai Bartolome etxebarritarra dala esan lei, sintaxi horren arrastorik zaharrenak itxi deuskuzana; izan be, idazle hau ahozkotasunetik hurrago dago idatzian, beste edozein klasiko baino. Gitxitan baino ez darabil halanda be. Bada, eurak erantzunda, eurak lagunduta ta eurak eskuetan artuta jaio zan a seina bautismoan graziara (Bart Ikasik III, 79).
Arazoa zein izan da Frai Bartolomerentzat edo bizkai euskerea darabilenentzat? A bokala izenaren atzean agiri danean, noiz dan mugatzaile artikulua (-a) eta noiz erakuslea (a) erraz bereizteko modurik eza. Ondoko adibidea kasurako: Ontziaren puntako senaileak esaten dau, ontzi a ze erreinutakoa dan.
Erakuslea izen sintagmari aurretxoan kokatzeko joerea bizkai euskeran orokortu egin da apur-apurka, eta hirugarren gradutik lehen eta bigarren gradu hurbiletara be hedatu da. Eta absolutiboan edo ergatiboan erabilten bazan lehenengoetan, beste kasu guztietara ere zabaldu da, orio orbana zabaltzen dan antzera.
Zelan finkatu da sartaldeko ahozko erabileran erakusledun izen sintagmaren egitura modernoa? Sintagma bikotxaren bidez: ha mendia, hori etxeori edo hau andreau esaten dogunean, izen sintagma paralelo bi ditugu alkarren ondoan: lehenengoa hau, hori edo ha izenordainak ordezkatua eta bigarrena /Izen + mugatzailea/ egituraz osatua. Bigarren sintagma lehenengoaren aposizino funtzinoan dala. Lehenengoak, erakusleak, seinalatzen dau zein dan (hurreko edo urrunagokoa) eta bigarrenak eduki semantikoa bereganatzen dau.
Bizkaiera barruan joera bi dagoz eredu horren barruan: bizkaieraren erdi eta sartaldean erakusleak bakarrik markatzen dau hurbiltasun-urruntasun gradua: hau andrea, hori etxea; eta bizkaiera ekialdean, ostera, bigarren sintagmako mugatzaileak be erakuslearen gradua zaintzen dau; gradu-akordioa gordeten dau: honeek gazteok, horreek umeok, honek sorginonek, horri etxeorri e.a.
Sartaldeko hizkeretan sistema osora hedatu da egitura barri hori eta gaur egun ondoko eskema honen arabera darabilgu gitxi gor behera. Kasu batzuk azalduko ditugu:
3gn. graduan:
Ha etxea hareek etxeak
Haren etxearen hareen etxeen
Hagaz etxeagaz hareekaz etxeakaz / hareekin etxeakin
1ngo. eta 2gn. graduan:
Hau etxeau / hau etxea hori etxeori / hori etxea
Honek etxeonek / honek etxeak horrek etxeorrek / horrek etxeak
Honi etxeoni / honeri etxeari horri etxeorri / horreri etxeari
Honen etxeonen / honen etxearen horren etxeorren
Honegaz etxeonegaz / honegaz etxeagaz horregaz etxeorregaz
Eta leku-denpora kasuetan zelan ekandu da sistema barri hau? Egitura berari jarraituz, leku-espazio eremuan tokauko liratekenak, ondokoak gendukez: honetan, horretan, haretan tipoko erakusleak. Baina singularrari jagokonez, euskal hizkuntzak gurago izan dau adberbioetara jo. Leku-espazio eremurako inesiboan garatu diranak: 3gn graduan, han etxean, 2gnean hor etxean eta lehenengoan, hemen etxean edo hemen etxeon, hizkeren arabera.
Sartalde-euskerako sintaxi moderno hori zehaztasunez eta goiz samar deskribatu ebana, R. M. Azkue izan genduan. Barbarismotzat joko dau harek joera hori; baztertu beharreko joeratzat, beraz. Kasu absolutiboan eta ergatiboan erabilten dala, dino, gehien, erakusle arrunten kasuan: ha etxea, hak etxeak edo hau etxeau, honek etxeonek tipoko ereduak. Baina leku-denpora kasuetan adberbioen bidez lortu dauela, gehitzen dau, hedakuntzarik handiena:
As, en caso pasivo y activo, donde no hay desinencia declinativa como en estos tres ejemplos, el barbarismo fluye espontneamente. Su brote es ms trabajoso con desinencias. Si se trata de nombres locales suelen recurrir a los adverbios demostrativos de lugar emen, on, an. Por etxe onetan en esta casa, se oye emen etxeon, y en Guernica sin el demostrativo o: emen etxean; por zubi orretatik desde el puente, ortik zubitik; por kale atara, ara kalera. (Morf. 442-443.or.)
Leku-adberbioen ondoren denpora adberbioen garapena dau berbagai Azkuek:
Si se trata de nombres de tiempo, los barbarizadores recurren a adverbios de igual especie: orain ahora, orduan entonces. En vez de urte atan en aquel ao, se oye orduan urtean. Por il onetan en este mes, no recuerdo sin embargo haber odo orain ileon. La locucin gaur egunean hoy en da (egungo egunean de los vascos orientales) , ser producto de barbarismo? ()
Aadamos que el pueblo, que casi nunca habla el castellano, incurre rara vez o nunca en tales barbarismos. En la cancin de ronda dedicada a San Agueda, cuando en una casa reciben algn presente, como huevos, chorizos o dinero, cantan: Etxe onetako ugazaba jaunak / urrezko bizarra dauka, el seor amo de esta casa tiene barbas de oro, y a ningun cantador, que sepamos, se le ha ocurrido decir emengo etxeko ugazaba jaunak. (Morf II, 443).
Erakusle singularren kasuan garatu da adberbioen garapena, hatan be.
Leku adberbioetan: hemen, hor, han inesiboan; hona, horra, hara adlatiboan, hemendik, hortik, handik ablatiboan, eta hemengo, horko, hango leku-genitiboan. Halan sortuak dira: han mendian (mendi haretan), hor errekan (erreka horretan), hona etxera (etxe honetara), horra landara (landa horretara), hortik bidetik (bide horretatik), hango etxeko (etxe haretako).
Era intentsiboetara be hedatu da: hementxe etxean (etxe honexetan), hortixek bidetik (bide horrexetatik), honaxe ezkaratzera (ezkaratz honexetara).
Eta zer esanik be ez bihurkarietara: bertan lekuan (lekuan bertan, leku beratan), bertako etxekoa (etxe beratakoa).
Pluralerako, ostera, erakusleei eutsi deutse berbazko hizkerak: honeetan etxeetan/etxeotan (etxe honeetan) lehen graduan, horreetan kaleetan/kaleotan (kale horreetan) bigarrenean, eta hareetan mendietan (mendi hareetan) hirugarrenerako.
Birraipuzko formen artean aitatu leitekez: bertan lekuan (leku berean), bertara solora (solo beratara) edo herriko bertakoa (herri beratakoa).
Denpora adberbioakaz be estrategia bera garatu dau hizkuntzak, baina gradu bigaz batez be: orain eta orduan. Gradurik hurbilenerako oraingo (oingo) adnominala garatu da: aste honetan esan ordez oraingo astean, edo hile honetatik esan ordez oraingo hiletik, eta hile honetako esan ordez oraingo hileko (soldatea).
Era intentsiboak erabili ezkero, aste honexetan esan ordez oraingoxe astean, edo hile honetakoa esan ordez oraingoxe hilekoa.
Urruneko denporarako orduan garatu da batez be. Egun haretan esan ordez orduan egunean. Urte haretakoa esan ordez orduko urtekoa. Eta era intentsiboa aplikatu ezkero, urte harexetan esan ordez orduantxe urtean, edo egun harexetakoa esan ordez ordukoxe egunekoa.
Bigarren graduagaz beste aukera bat garatu beharra euki dau hizkuntzak. Egun horretan esan ordez hor egunean, edo hile horretakoa esan ordez horko hilekoa.
Birraipuzko erakusleak, erreflexibo diralakoak, bertan ereduko adberbioakaz ordezkatuak dira: Egun beratan edo berean esan ordez bertan egunean eta ildo horretako beste hainbat. Eta pluralean, egun beretan esan ordez euretan egunetan edo bertan egunetan.
Labur esanda, idatzirako ez ditugu bultzatzen ezelan be ahoz garatu diran sintagma egitura bikotx honeek, baina ez dira txartzat edo desarautzat jotekoak be. Bizi beitez euskera biziaren eremuan.
Iturriko
2017-06-29