Dakienak dakiHizkuntza

“Elei esan bagila danik be, hainbeste eurigaz”

Posted on

Bizkaieraren erdialdean eta sartalderengo partean erraz entzun leiteken aditza: elei esan (ez lei esan) ezezka, edo: esan lei, pentsau lei baiezka.

Maiatza edo bagila danik be ez lei esan dinogunean, ez gagoz berez eta derriorrez ahalerazko edo potentziala dan aditz baten aurrean. Jatorrian behintzat, ez lei esan eta ezin leiteke esan ez dira gauza bera. Hurrago gagoz esatetik: ez genduke esango era inpertsonalean. Gaztelaniaz esaten dana: “se diría que no estamos en mayo o junio”.

Baiezka honelan esango leuke hiztun horrek: Esan lei ze neguan gagozala. Dagoan denporeagaz pentsau lei aurten udarik ez dogula izango. Berez, etorki zaharreko adizkiok, ahalerazkoak baino gehiago alegiazkoak dira. Euren esangurea, “se diría que”, “pensaríamos que” erakoa da gehiago, “se podría decir” edo “se podría pensar” erakoa baino.

Lehenengo oharra: balio inpertsonalaz darabilguz adizkiok, lei eta elei, bata baiezka, bestea ezezka. Baina aldiz, esango bagendu: pentsa nei, esan zengi edo horrelakoren bat, adizki pertsonalaz lirateke: nik pentsau, zuk esan.

Bigarren oharra: Kasu batzuetan ahalerazko balioa gordeten dabe, baina gehienetan ez. Nik esaten badot, itaun modura: “Jakin lei nondik nora zabilzan?”, eredu idatzian jakin leiteke aditzaren balioa adierazoten gagoz. Gazt. “Se puede saber…?”.

Baina esaten badot, adierazpen modura: “Daukazun arpegi horregaz, esan lei gaixorik zagozala!”, bietara ulertu leiteke: esan leiteke… edota: esango neuke…

Iparraldeko hizkeran be egitura beretsuko adizkiak ditugu. Halan: Erran nezake bihar eguraldi ona eginen duela. Erran nezake hori ez da gazt. “podría decir”, ezpada: “diría”.

Alegiazko adizkien balio zaharrak dira, euskera zaharrekoak, baina hondino be bizirik eta indarrean dirauenak, bai Iparraldean, bai Bizkaiko erdi eta sartaldean. Bazterretako hizkeretan, azken baten.

Gaur egungo euskera landuan, euskera modernoan, zelan darabilguz aditzok? Ahaleraren legea aplikatzen ez bada: esango litzateke, pentsauko litzateke, edo esango genduke, pentsauko genduke tipoko adizkiakaz. Eta beste aukerea, gehienetan darabilguna, ahalerazko adizkiak erabilita: esan leiteke, pentsau leiteke eta abar.

Zehaztasun gehiagoz esateko, lei, leio tipoko adizkiak, baldintza-egituran darabilguzanean: balei, baleio…, orduan alegiazko balio garbia gorde ohi dabe, ez ahalerazkoa. Mateo Zabala bilbotarraren adibide bat, dotrina girokoa, zazpigarren mandamentuagazkoa. Ondoko pasarte horretan bietara eskeintzen deusku baldintzazko aditza, esaleari zein entzuleari aukera bi emotea lez: “gurasoak agindu baleio [aginduko baleutso] umeari pekatu dan gauzaren bat: berbarako, esan balegio ain etxetan, ortuan edo basoan zerbait ostuteko, […] ezteutso umeak egin bear” (Irun).

Adolfo Arejita