HizkuntzaZahar-barriak

Eingule?

Posted on

Berbakereak egiten gaitu, nortasuna emoten deusku. Edo hori pentsau dau Bermeoko Udalak behintzat. Hori dala-ta, Eingule? deitu daben kanpainea sortu dau, bertako euskerearen indarra eta prestigioa handitzeko eta herriaren zuztarrei balioa emoteko helburuagaz.

Bermeotarrak euren berbeteagaz harro egotea gura dabe, gehiago erabili daien. Horretarako, herriko berbetea olgeteagaz eta ondo paseteagaz lotu dabe. Izan be, urriaren 3tik abenduaren 3ra bitartean, astero-astero lehiaketa bat egingo dabe. Sare sozialetan eta webgunean zabalduko dabez bai erronkak bai galderak, eta puntu gehien egiten dituana izango da irabazlea. Halanda be, abenduaren 3an, Euskerearen Egunean, herri osoak parte hartuta egingo dabe lehiaketa.

Banaka zein taldeka parte hartu daiteke, baina ganera, herriko lau ikastetxeen bitartez kanpainea gazteakana heltzea gura dabe. Zortzi astean beste horrenbeste bloke landuko ditue ikasgelan, eduki zehatzakaz: Berbak eta esaerak; Euskerea; Kultura eta sortzaileak; Toponimia, geografia eta naturea; Eraikinak eta eskulturak; Kirola; Arrantza eta itsasoa; eta Ohiturak eta sinesmenak. Eta Euskerearen Egunean ikastetxeentzako lehiaketa berezia egingo dabe.