Egurra urez hantu. Zer esateko? Arrazolako berbetako adibide honetan, deigarria da hantu aditz honen gorabeherea, ez hantu aditza ezezaguna dalako, ezpada, non eta Arrazolako herrian batua dalako. Egurra dala-ta erabili izan da bertan. Sugarritzat daukagun egurra aterritan, aterpean, leku sikuan gorde ohi da, euriak edo urak hantu ez daian. Egurra urez hantu danean, sugarritzat balio ez dauelako.
Azkuek baturik dakar aditz hau, baina handu aldaereaz, eta Markinaldeko berbetakotzat. Baina beronen adierea, Arrazolakoaren hur-hurrekoaz: “Andu (V-m), hincharse los tablones en el agua”.
Baina deigarria da, bestetik, idatzizko tradizinoan Iparraldean eta Nafarroaren iparraldean baino ez dala erabili izan hantu aditza, eta ez, dakigula behintzat, hegoaldeko tradizino idatzian.
Ekialdeko hizkeretan hantu aditzak esangura-eremu askoz zabalagoa hartzen dau gainera. Halan:
– Burua hantu dakar Harriet lexikografoak: “Horrenbertze oihuk hantu dautet burua”; burua ‘bero-bero ipini’, ‘handitu’.
– Bularrak hantu darabil Duvoisinek, ‘handitu’ adieraz: “Bulharrak hantu zaizkit eta hestutu, eta jadanik hatsik ezin har dezaket” (LEd 165s).
– Itsasontziaren oihalak haizeaz hantu. Halan darabil Etxeberri Ziburukoak: “Haize onez hant etzatzu othoi bela gureak” (Man.Dev. II). Axularrek, itsaso giroko irudi hori gizakiaren izaerara darakar: “Kostaraino ethorriko zara, eta ez aitzinago, hemen geldituko zara, hemen hautsiko’ituzu zeure uhinak eta hola hantu urguilluak” (Gero).
– Ibaiak be hantu egiten dira, urez gainez egiten dabenean. Halan: “Ibai guziak hantu zitzauzkun, / denak fundituz zelaian” (Etchamendi 122).
Larramendik bere DT hiztegian baturik dakar hantu, baina pertsonen izaera-sentieren gorabeheran: “Ahuecarse, entonarse, envanecerse, […] hantu«, baina Iparraldeko tradizinotik baturik, dirudienez.
Gure entzule zoliei itaun-erregua. Ezaguna dozue hantu edo handu aditza, ‘puztu, handitu’ edo hurreko esanguraren bategaz? Zein esaldi edo ingurunetan erabilten da, baldin ezaguna badozue?
Adolfo Arejita