Gaur Eguen Zuri eguna da, Euskal Herriko ospakizunetan zabalera handikoa. Erderaz Jueves Lardero edo Jueves Gordo esaten jako. Nafarroako herri askotan, eta Araban be bai, egun honetan umeak dirua batzen eben jaiegun honi jagokozan abestiak eta bertsoak kantatuaz. Gero diru horregaz merienda ederra egiten eben.
Bizkai aldean neska-mutilak ondoren datozan koplatxuen antzekoak kantetan zituen. Durangaldean oraindino bizirik dagoan Eguen Zuriko koplen bildumea dakargu hona Labayru Ikastegiak argitaratutako Urte sasoiak bildumako Hou pitxu hou! liburutxuan agertzen dana.
Eguen Zuriko astea
Jangoikoak emona guztia,
eskola-mutilak ibilteko
limosna on baten bila.
Eguen Zuriko eguna
Jangoikoak berak egina,
eskola-mutilak ibilteko
limosna on baten bila.
Eguen zuri honetan
hasi gara gu kantetan,
zuri-zuria maixuarentzat
beste enparauak geuretzat.
Hor goian-goian goldea
haren gainean belea,
etxe honetako nagusi jauna
nekazari langilea.
Sibilia ta Granada
urdaiazpia ona da,
urdaiazpia ona da baina
hiru lukainkaz hoba da.
Emongo badozu emoizu
bestela ezetz esaizu,
ateondoko haizeok hartzean
amak ez gaitu bialdu.
Labayru Ikastegia eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartea (1998): Hou pitxu hou!
Labayru Ikastegia eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, Bilbo.