Gaitik, bizkaiera klasikoan gaiti (eta gaur egun be holantsu Bizkai sartaldeko hizkeretan) postposizinoa dogu berez, denporearen joan-etorrian hiztunok atzizki bihurtu doguna. Eta euskera arautuan be bere aurreko berari jagokon sintagmari (izen edo aditz ingurukoa izan) eratxikita idazten doguna.
Bizkaieran gaiti(k) horrek beregaintasun handiagoa erakutsi dau erdi-ekialdeetako hizkeretan baino, eta idatzi orduan be XIX. mendean zehar be idazleek, edo banan, edo aurreko sintagmagazko loturea marratxoaz adierazota idatzi izan dabe. J. M. Zabalaren adibide bi, horren frogagarri. Bata: eta santu asko gaiti bere liburuak alantxe dirauskue, eta bestea: eurai, euren aurrean ta eurak-gaitik berba eginik.
Lotura estuagoa erakutsi dau tradizinoan be, erakusleekin erabili izan danean: honegaitik, horregaitik, hagaitik, mod. haregaitik. Ohar bedi hon-, hor- har- erakusle-oinen gainean eregi izan dirala erakusle kausalok, eta ezagunak izan arren gure artean absolutiboaren gaineko eraikuntzak (haugaitik, horigaitik, hagaitik), askoz apalagoak dirala erabileraz zein tradizinoz.
Izen sintagma bati dautsanean -gaitik markak, kasu absolutiboaren gainean lotu izan jako sartalde eta erdialdeko hizkeretan, orohar. Izenordainekin: norgaitik (berbaz nogaitik), zergaitik (berbaz zegaitik), gugaitik, zuekaitik (tradizinoz zuek gaitik). Zenbatzaileekin: numeralekin: bategaitik, bigaitik, hogeigaitik, ehunegaitik, eta zehaztugabeekin: askogaitik, gitxigaitik, horrenbestegaitik, hainbategaitik. Izenekin, mugatzaile barik: edozein gauzagaitik, mugatzaile singularraz: ardureagaitik, mugatzaile pluralaz: arazoakaitik.
Ekialdeko tradizinoan -en gen. atzizkia izan da izen sintagma edo inguruko kategoriak postposizino zaharragaz (gatik, gatikan) batzeko lokarri: horrengaitik, zuengatik, zerengaitik, arrazoirengatik-arrazoiaren-arrazoiengatik. Izan be, postposizino zaharkituekin zein indarrean dagozanekin, -ren genitiboaren (edo -re gen. Zahar) lokarri papera funtsezkoa gertatu da funtzino-marken garakuntzan. Soziatibo kasuan bertan, -gaz sartaldekoaren bardinean -rekin garatu da, -re gen. eta kide-n postposizino zaharra bateratuz. Sartaldeko tradizinoan bakanago garatu da -regaz edo antzekorik.
Baina gatozan aditz kategorian -gaitik markak garatu dituan egitura eta balioetara.
Aditz ezjokatuetan, aditzizenari dautsala sortua da emo-te-agaitik, eta aditz partizipioaz sortua da emon-agaitik. Lehenengoetatik abiatuko gara.
Lehenengo egin beharreko oharra da, bizkaierazko tradizinoan zein ahozko erabileran, -teagaitik markako mende-perpausak askoz urriagoak dirala -tearren markakoak baino, baita kausalitate balioa adierazoteko be. Eremu semantikoz hur-hurrekoak izakeran bata eta bestea, -tearren askoz indartsuagoa da sartaldean, -teagaitik markaren erabilgunea mehatsagotuz. Gipuzkerazko tradizinoan, eta ekialdekoetan orohar, joerea alderantzizkoa da: -tearren gipuzkeran ezaguna da, baina sartaldean batez be, eta beronen balioa helburu-zentzuko mende-perpausetara mugatzen da, eta kausazkoetan nekez erabilia da. Gainerako guztian, eta guztirako, -teagatik edo aldaeraren bat erabilten da.
Sartaldeko euskalkian -teagaitik markak dauen erabileraren ispilu egokia dogu Mogel idazlea. Gipuzkerazko idatzietan (sartaldeko gipuzkera da ohi darabilena) askoz erabiliagoa da -tearren baino, eta batez be kausazko balioaz darabilen arren, helburuzkoaz be bai: Ori geiegi gauzak ponderatzea da gu beldurtzeagatik. Baina funtsean ia sinonimo modura darabiltza bata eta bestea, balioak be, kausa eta helburua, nahasian dirala. Gipuzkeraz idatzi eban ondoko esaldi honek erakusten dau ondo asko baliokidetasun hori: baina gaurko erromes ebiltariak beste asmoekin dabiltza, erriak ekusteagatik ta olgatzerren galanki nasaitasun andiena artean.
Sartaldeko tradizino idatzian kausa objektiboa adierazoteko balioaz erabilirik agiri da gure idatzietan -teagaitik menderagilua. J. Mateo Zabalaren adibide bi ekarriko ditut hau erakusteko. Bata: Eta zelangoak izango ete dira, arako dirua edo gauzea epetan ta itxaronean emoteagaitik beste bagarik, urtean edo ilean onenbeste daroenak?. Bestea: Egin daroe askok eta askok testigantzetan, informazinoetan, alkate-aurreetan eta alangoetan, besteari kalte ez egiteagaitik, edo mesede ekarteagaitik guzurra eta eztana emoten dabeenak.
Ezezkako mende perpausetan, salbuespen barik ia esan daiteke, ez aditzizen atzizkituaren ezkerreak kokatzen dala: ez esatagaitik. Salbuespenik egotekotan, Txorierri aldeko berbetan ohi dan postposizino erabilera izan daiteke: esan eztearren esaten dan modura, esan ezteagaitik esatea, baina nekezago erabilten dala esango neuke.
Aditz partizipioaz garatuak dira joanagaitik, ibiliagaitik ereduko aditz menderatuak. Eta arren mende-markagaz jasoten dan antzera, balio kontzesiboa izan ohi da nagusi. Halan: Zuk hori pentsauagaitik, besteek beste eretxi bat euki leie.
Ezezkako kontzesiboetan ordena biak dira ezagunak: ez emonagaitik zein emon ezagaitik.
Aditz partizipioari ezezka eransten jakonean -gaitik funtzino-markea, ordena bi ditugu lehian, aurrez aurre; biak ondo dokumentatuak eta batean edo bestean erabiliak.
Bata, ez ezeztapen-marka, aditz egitura osoaren ezkerrean ipinten danekoa: ez emonagaitik, ez egonagaitik, ez ibiliagaitik. Hau da egiturarik zaharrena berez, eta tradizino idatzi klasikoan nagusi agiri dana.
Bestea, ez + gaitik baturik, ezagaitik postposizinoa garatzen danekoa. Gau jakina da, sartaldeko euskereak, eta hizkera horretako hiztunek, joera indartsua erakutsi dabela ez ezeztapen hitzaren gainean eratorkuntza garatzeko eta postposizinoak sortzeko. Horreexetarikoak dira: eza (ez + -a), ezaz (ez + -az), ezik (ez + -ik), ezean (ez + ean), ezta (ez + eta), ezteko (ez + -teko), eztearren (ez + -tearren) eta beste gehiago. Estrategia bera erabiliz garatu ditu euskereak (sartaldekoak, berariaz), ezarren (ez + arren).
Ezagaitik postposizino modura erabilita eregitako mende-egiturea ez da horren bazterrekoa, ez baztertzekoa. Tradizino idatzian ondo dokumentaturik egonaz gainera, gaur egun berbaz indartsu eta emonkor agiri dan egitura da.
Semantikaren aldetik, esangura eremu bietan erabilia da, gainera: kontzesiboaz zein kausazkoaz.
Balio kontzesiboa dario Zabalaren ondoko esaldi honi: ta esan bear dozu zeinbat bider izan zatekean, beti jausi ezagaitik. Horren lekuan eroso sartuko litzateke: jausi ez arren. Idazle berorren bigarren egitura bat, balio kontzesiboduna: Zer da eskatu ezagaiti? Nai eskatu, nai eskatu ez, emon bear jakaz konfesoreari egin direan pekatu mortal guztiak.
Kausazko esangurea dario idazle berorren beste pasarte honi: pekatu mortalean bizi dira, bear dana jakin bagarik errietan paretan direan mediku-ofizialeak; edo leen ios beekien bere, liburuai autsa kendu ezagaiti, aaztuten itxi izan deutsenak. Hor, kendu ezagaiti horren baliokide genduke: kendu izan ez deutselako. Kausa esangurakoa dogu idazle beronen hurrengo hau be: Ta nondi konfesadu bearko eztau jaubeak edo jagoleak, auntzari edo solo-beiari bear dan ardurea artu ezagaiti, onek landara gazteetan edo soloetan egin izan dituzan kalteak?
Erlijino sunda handia darie, -teagaitik, -agaitik menderagailuen erakusgarritzat ekarri ditugun testu klasikoei, baina dana dala, daukagun gramatika helburuari erantzuteko eraz datozalako usterik onenaz ekarri ditugu.
Iturriko
2017-11-10