Hedabideetan irakurri dogu “Dozena lagunetik gora bildu ziren Urolan igandean” esaldia, gaztelaniazko “Más de una docena de personas” adierazteko. Baina euskeraz idatzi dan modu horretan okerreko gramatikaz josia dago. Arrazoia? Dozena izen kategoriako hitza dogu, neurri eremuko izena dogu, baina ez zenbatzaile kategoriako hitza. Halanda ze, egitura zuzena zatekean: dozena BAT lagunetik gora.
Dozena erabili ordez, hamabi egin baleu, orduan zuzen esanda egokean: Hamabi lagunetik gora. Hatan be, hamabi zenbatzaile kategoriako hitza dalako.
Dozena beste izen bategaz bai erabili daiteke, baina determinatzaile bat lagun dauela. Halan: dozena arrautze-A, edo dozena BAT arrrautza, edo goiko egitureaz baliatzen bagina: dozena bat lagun.
Ez da gauza bera gramatika alderditik, berba bat, edo zenbatzailea izan edo neurri-izena izan: hamabi zenbatzailea da, kopuru edo neurria markatzen dauen zenbatzailea; eta dozena, neurri-izena; baina izena, azken baten.
Era berean bi zenbatzailea da, baina pare izena, neurri-izena. Esan nei: zapata parea, baina ez *pare zapata edo *zapata pare. Gura nahiz gura ez, pare BAT edo pare BI zapata esan nei, edo zapata pare bat edo zapata pare bi.
Plazara baninoia orain udabarri aurretxoan kipula-landarak erosten, ezin eskatu nei ez *zientu kipula landara, eta hainbat gitxiago *kipula landara zientu. Eskatzekotan be zientu BAT kipula-landara, edo baita kipula-landara zientuA.
Badira neurri zehatza, kopuru finkoa adierazoten daben beste izen batzuk be. Zenbatzaile zehaztuak, numeralak, izen bihurtzeko euskereak dauen mekanismorik hedatuena -ko atzizkiaz eratorrita egitea da.
Halan, bi zenbatzailetik bikoa, karta-jokoan esaterako. Eta sarritan izen alkartuetan erabilia: hankabikoa. Eremu semantiko diferenteetan erabiliak dira: hirukoa, bostekoa, zortzikoa, hamarrekoa, hamaikakoa, hogeikoa edo ehunekoa. ‘Eskua’ esateko, bostekoa berbarako: Ekarri egik bostekoa!
Baina -ko barik izentzen diranak be badira. Berariaz egitura alkartuan: Hamarratza ohi deritxo gazt. ‘pulpo’ danari. Goldatzeko hainbat lanabes tradizional ditugu halan eregiak: zenbat hortz dituan are batek, halango izena hartzen dabenak: lauhortza, bostortza edo zazpihortza.
Diru-unidadeetan dogu berariaz ugaria eratorkuntza hau. Euroak dirala-ta: Hamarrekoa. Hogeikoa. Berrogeta hamarrekoa. Ehunekoa. Berrehunekoa edo Bostehunekoa, eskuarte zabala daukanak.
Neurri-izenak askotarikoak eta neurri-tipo diferenteetakoak daukaguz bestela be. Edukia neurtzekoak dira litroa edo azunbrea. Pisua neurtzekoak dira gramoa, kiloa edo toneladea. Luzerea neurtzekoak dira metroa, kilometroa edo milimetroa, berbarako.
Eta unidade zaharretara jo ezkero, adin batetik gorakoontzat behintzat ezagunak dira: erraldea (txahalen pisuan), arroa (txarrien pisuan), anegea (labore zorroen pisuan), kintala, lekua /legua (itsas distantzietan), e.a.
Goiburuko adibidera atzera joanda, dozena BAT lagun edo dozena BAT lagunetik gora joko dogu zuzentzat, baina ez ezetara be *dozena lagunetik gora.
Adolfo Arejita