Dakienak dakiLiteratura

Don Domingo Zuluaga Ibarrangeluko euskaltzalea

Posted on

Ibarrangelun, jaiotetxean bertan, hil da Don Domingo Zuluaga. 96 urte egin barri, esan daiteke azkenera arte ondo egon dala, beharren ekin eta ekin behinik behin.

Biografia

Don Domingo Ibarrangelun jaio zan 1914ko irailaren 18an, eta han hil zan 2010EKO irailaren 22an. Umetan arreba zaharragaz bizi izan zan urte batzutan, gurasoak Ameriketara joan ziran eta. Hamabi urtegaz Seminariora joan zan, Castillo-Elexabeitira lehenengo, lau urte, eta Gasteizko Seminario Nagusira gero, beste bost urte. Seminarioko aldian igaro eban gerra, Eusko Gudarostean komunikazino arloan. Gernikako bonbaketa izan zanean be, handik pasau zan herrirako bidean, itzelezko triskantzea zala bertan.

26 urte zituala, 1940an, egin zan abade. Ibarrangelun meza barria emon eta Iurretara bialdu eben lehenengo. Han hiru urte eginda, Durangora, Santa Anara joan zan. Durangon beste sei bat urte egin ebazanean Ibarrangeluko parrokoak deitu eta herrira bueltau zan 1949an, lehenengo parrokoaren laguntzaile, eta 1970etik aurrera parroko. Ibarrangelun jubilau zan 1989an, berrogei urte herrian abade eginda. Bitarte horretan Akordako parrokiaren ardurea be euki eban 1986-87 bitartean. Omenaldi ederra egin eutsen herritarrek.

Euskaltzalea

Don Domingo Seminarioan ikasle zan denporan ez zan euskerarik ikasten, ezta euskeraz berba egin be. Baina Gasteizen irakasle ospetsuak euki ebazan, don Manuel Lekuona eta don Jose Migel Barandiaran, eta han zaletu zan euskereagaz eta euskal kultureagaz. Han irakurri ebazan lehenengo liburuak euskeraz, eta herri kulturaz Lekuonak irakatsitakoa sustartu egin jakon. Seminarista talde batek, Lekuona buru zala, Kardaberaz taldea sortu eben, euskeraren alde egiteko konpromiso moduan.

Iurretan egin zituan hiru urteetan euskal kulturaren adierazpen batzuk lehenengoz ezagutu zituan don Domingok, dantzariak batetik eta bertsolariak bestetik. Hainbeste zaletu zan, bera izan zan aurrerantzean eragile. Durangon dantzari talde ederra osotu eban; Ibarrangelura joan zanean be, dotrina eta musika-eskolaren atxakian, dantzan, txistua joten eta euskera irakatsi eutsen herriko umeei; eta Akordan beste horrenbeste. Berak ikasi behar izan eban horretarako lehenengo, bai dantzan bai txistua joten. Euskereari eta euskal kantu, dantza eta, orokorrean, kultureari duintasuna emotea zan bere ardurea.

Ibarrangelu kantu eta kontu

Don Manuel Lekuonaren esana betez, don Domingo Ibarrangeluko berbetea batzen hasi zan Seminarioko ikasle zala, eta horretan jardun eban hil arteko denporan guztian. Metodologia apartekorik erabili ez arren, intuizino onagaz jokatu eban eta horren emaitza dira Ibarrangelu kantu eta kontu izeneko liburuan batu eta argitaratutako ondarea (Ibarrangeluko Udala-Labayru Ikastegia-BBK Fundazioa, 2009).

Berba, esamodu, esaldi egin eta errefrau corpus zoragarria osotu eban. Eta horregaz batera, kantu, kontu, ipuin, historia, ohitura, pasadizo zoragarriak datoz liburuan, bizkor, zoli eta bizi kontauta. Estilo zuzena, erreza, berbaz esaten dan modura, ahozko tradizinotik harakoa darabil, berbaldun onaren tankeran.