Tindategi edo garbitze-denda baten iragarkian agiri ei da: denpora ezebezean. Soinekoa edo dana dalakoa garbituko dala denpora ezebezean. Ondo esanda ete dago?
Asier Txakartegi irrati-lagunak dinosku, Lekeition esakera normala dala. Aulestian be, Jabi Onaindia irrati-zuzendariak dinoskunez, ontzat emotekoa litzateke, baina beste egitura honegaz: ezebez-denporan, izen alkartu lez josita.
Baina ezebezean, bakarrik erabilten da batez be, eta nekez edo urri esango neuke, denpora balioaz. Ez asko, horraitino. Ikusiaz batera, denpora ezebezean egitura horri kalko sundea barruntau deutsat: gaztelaniazko “en nada de tiempo” esapidearen antz handiegia dauelakoa. Edozelan be, neure entzutez ez jat ezagun egiten, euskeraz manejau nazan inguruetan, denpora ezebezean esamodu hori. Horrek ez dau esan gura, non edo han halan erabili izan ez danik. Ondo letorkigu gure entzule gehiagoren eretxia horren gorabeheran.
Gure itauna beste hau da, ostera: ea zelan esaten dogun gaztelaniazko “en poco tiempo, en un momento, en un santiamen, en breve periodo de tiempo” dalako kontzeptua, batez be geroari begira. Denpora izenari oratuta, esan leiteke: Denpora gitxian. Denpora laburrean.
Eta ze beste baliabidez baliatu geintekez ideia hori transmititzeko?
– Sartaldean arin hitzaren inguruan egituratzen dira hainbat forma: arin-arin, arintxu, arin baten, arintxu, arin be arin, sekulakorik arinen, arin baino arinago.
– Laster adberbioaz be garatu leitekez: laster baten, lastertxu, laster bai laster, laster asko, laster baino laster, lasterrean. Eibarko esakera bat: “Gorra izan arren, laster asko entzutzen dau berari komeni jakona” (Tor.Etxba Eibar). Juan Jose Mogel Markinako idazleak: “Lurreko […] ondasunak laster baino laster, oraintxe, oraintxe; […] bizitza on bat artu, gero, gero” (Baserritar Escolia).
– Aurki adberbioa be etortekoa dan denpora laburraren balioaz erabilten da hainbat hizkeratan. Azkuek baturiko esaldi bat: “Aurki agiriko Maria Mañariko, en seguida aparecerá Maria la de Mañaria”. Eibarko berbetan: “Aurki naiz zuregaz, nai deizunerako» (= Pronto, sin tardar, enseguida; sin. beriala) (Toribio Etxebarria Eibar).
– Bertan adberbio bihurkaria be lehen asko erabilten zan, berehalakosuna adierazoteko: bertan, bertatik, bertatixe, oraintxe bertan, laster bertan. Mikoleta bilbotarrak XVII. mendean dakarren amorezko kopla bat: “Alkar on baderetxe (alkar maite badabe), / bertan zeloak; / penaz betetan ditu / bien gogoak” (Mikoleta).
Aditz partizipioaz batera be bai, eta bertan gehituta: “Ikusi ta bertan, enseguida de verle» (Azkue). “Jangoikoari otoitz egin ta bertan sendaturik uztera” (Mendiburu IArg I). “Oriek aditu ta bertan esaten dio Josepek” (Mendiburu IArg I). “Bein asi ta bertan au jazo bear!” (Azkue Bein da betiko). “Ikusi eta bertan / moruak igesi” (Canc. pop. in Lek SClar)”.
– Berehala, berehalaxe, berehalako baten formetariko bat dogu beste aukera bat. Sartaldean era laburtuan beralan, belaxe: “Itxoidazu puxkat, belaxe nator eta» (M. Elexpuru Bergara). «Iruretatik belaxe etorri zan” (G-azp) (Garate Erdarakadak).
– Agudo adberbioaz be adierazo leiteke bat-batekotasun hori.
– Atoan berbaz erabili izan da gehiago, idatziz baino. Bizkai partean ugaria. Eta hizkera batzuetan indarturik: ato bizian.
Lehenengora etorrita, ezebezean, ezer bere ezean, esangura orokorragoan darabilgu gehiago, denpora eremuan baino. Zeozer asko zalakotzat euki eta azkenean ezebezean gelditu dala. Corpusean baturik daukadazanak dira: Dana geratu da ezebezean. Batzarra ezebezean amaitu zan. Ezerberezetik jaioak gara.
Adolfo Arejita