Izen morfologia
Izenaren “deklinabidea” deritxagun arloan, bizkaiera ez da asko aldentzen beste euskalkietatik, baina baditu atzizki batzuk, bereizgarriak diranak, eta beste batzuk aldaerak diranak.
Lehenen aitatzekoa -gaz soziatibo atzizkia dogu, sing. -agaz, pl. -akaz. Halan: zein lagunegaz, neure lagunagaz, zuen lagunakaz. Ez dogu esan barik itxi gura, bizkaieraren erditik ekialderantz plurala -akin (-ekin) egiten dala, gainerako euskalkien bidetik.
Kausatiboa edo motibatiboa, zergaitik kasua be, -gaitik (edo -gaiti zaharragoa) atzizkia nor absolutiboaren gainean eregirik egiten dogu: nigaitik, hagaitik, semeagaitik, etxekoakaitik, zuekaitik, eta ez ekialderagoko -gatik, -arengatik, -engatik erak.
Datiboko nori kasuan be, lekurik gehienetan -i > -eri bihurtu da, nahiz idatzirako aurreko era zaharrari eutsi. Halan zein gizoneri esaten da zein gizoni idazten doguna; Mikeleri esaten da Mikeli idazten dana. Pluralean be -ai > -ari ahoskatzen da gaur egun hainbat lekutan: alabari, gizonari, nahiz alabai, gizonaiidatzi.
Benefaktiboko norentzat kasuak, idatzirako -entzat/-rentzat erak gomendatzen badira be, baditu aldaera indartsu bi bizkaieraren alde banatan: norentzako eta norendako, idatziz be aintzat hartuak: aititarentzako, gurasoentzako batetik, aitarendako, gizonendako bestetik.
Inesiboko non kasuan -an atzizki nagusiaren ondoan, -n/-en atzizki zaharra be indarrean daukagu berba batzukaz. Halan: baten edo behin baten esaten da nagusiro, eta hainbat eskualdetan, atxurren, itaurren, beharren, lapurren edo gerraginen eredukoak be bizirik dagoz.
Ablatiboko nondik kasuan be, -tik atzizki nagusiaren ondoan, -ik/-rik be zabal dabil eremu askotan, batez be denpora esparruan: lehengo asterik hona, atzorik aurrera, datorren urterik, baina ez bakarrik: mendirik mendi, harik eta, honik aurrera lako beste batzuk be indarrean dira. Bizkaiera sartaldean bizirik dago hondino -ti atzizki zaharra be: menditi, etxeti, handi, hemendi, nahiz idatziz horren lekuan -tik erabili gaur.
Ablatibo partitiboa, zertarikoa kasua, bizkaieraz –tariko eta pl. -etariko atzizki-erakaz agiri da: Zuetariko zein? Gutarikoren bat. Hareetariko bat. Honeetariko batzuk.
Aldatiboaren lekuan inesiboa erabilten da bizkaieraren eremu zabaletan ekintza kontestu batzuetan; hau da, zertan zoaz, zertara zoaz erabili ordez: beharrean noa, jaten doa, ikasten goaz, erdi eta ekialdean -ra edo -tera atzizkiez erabilten diran lekuan.
Adlatibo norabidezkoa, norantz kasua, -a batez osatzen da sartaldean: Norantza? Mendirantza. Eta bizkaieraren ekialdean, -runtz dabil zabalago: goruntz, beheruntz. Baina -runtz edo -rontz zaharragoa gipuzkeran barrena be ugaria da zeharo.
Bizidunakazko kasuetan -ga- artizkia sartzen danean be, bizkaiereak -agan, -agandik, -agana singularrez, eta -akan, -akandik, -akana pluralez egiten dau, erdian -en- genitibo barik, ekialderago legez. Halan: alabeagan, emazteagana, umeakandik.
Erakusleak
Erakusleetariko batzuk bereziak ditu bizkaiereak. Halan hirugarren graduan, sing. ha dogu, gainerako euskalkiek hura daben bitartean. Bizkaiera-gipuzkera muga horretan haura erdibidekoa be bada, idatziz nekez idazten dana.
Pluralak be diferenteak ditu: honeek (honeik aldaereagaz), horreek (eta horreik), hareek (haek aldaera zaharragaz).
Eta pluralok deklinatueran be bardin: honeei / horreei / hareei; honeen / horreen / hareen; honeekaz / horreekaz / hareekaz; honeetan / horreetan / hareetan, eta holantxe kasu guztietan.
Erakusle indartuak, -xe- atzizkiaz horniduak, hauxe, horixe, haxe erakoak, ugariagoak dira orohar ekialdeko hizkeretan baino.
Beste hainbeste esan daiteke erakusle bihurkariakaitik: berau, berori, bera, eurok, eurak, beronetan, berbera eta kidekoak.