Bai bokaletan, bai kontsonanteetan, badira joera batzuk, bizkaiera osoan edo bizkaiera barruko berbakera batzuetan apartekoak diranak edo bereizgarri egiten diranak, nahiz beste batzuetan be bakanago jazo izan batzuetan.
Bokalak
Bokalen juntaduran, batez be hitzen ebakeran, ahozko bizkaieraz maiztasun handiz jazoten da “bokal armonizazinoa” deritxon fenomenoa. Eskualde guztietan ez dira bardin egiten, baina bizkai berbakera gehienetan gertatzen da bokalen itxidura. Halan, euskera jasoan eskua dana, eskuba idazten eben gure bizkai ekialdeko klasikoek, eta berbaz eskue eta eskû ebaten dira lekurik gehienetan; astoa idazten dana astua, astue, astû edo astô; bidea idazten dana, bidia, bidie, bidî edo bidê; eta txikia idazten dana, txikidxa, txikie, txikidxe, txikixe edo txikî. Bizkaiera idatzian ez dira aintzat hartzen ahozko ebakerok, baina gogoan izan behar da gure klasiko askok (Mogel, Astarloa, Frai Bartolome eta euren harikoak) munduba, zorua, etxia eta txikija idazten ebezala, bizkai sartaldekoak (Añibarro, J. M. Zabala eta euren jarraigokoak) mundua, zoroa, etxea eta txikia egiten ebena. Luzarora, jakina, beste euskalkietako eredu bera nagusitu zan bizkaiera idatzian be.
Lexiko arloan be ezagunak diran joerak ditu bizkaierak bokaletan, batzuk eredu idatzian jasoak, beste batzuk, barriagoak diranak, ez. Halan, berba barruan ingurune jakin batzuetan -e- > -a- bihurtzeko. Halan: barri, barriz, garri, txarri, bardin, garnu, bartzun erak dira nagusi bizkaieran, edo zarratu maileguzkoa, erdi-ekialdeetan berri, berriz, gerri, txerri, berdin, gernu, bertzun edo zerratu dan bitartean. Ahoz urrunago doa joera hau, idatziz baztertzen dogun kasuetan be: aztartu, baztar, hasarratu, edar, akar, atara eta haretarikoak. Beste ingurune baten, bokal-edegite bera dogu baltz (beltz) berban.
Bokal zarratzeak arrazoi askogaitik jazoten dira: -e- > -i- bihurtzen da bildur hitzean.
Ondoko silaba biko bokalak bardintzea be ugaria da bizkaieran, nahiz maila jasoan beti ontzat hartu ez. Halan: gezur > gizur, guzur; atera > atara; ikutu > ukutu eta beste asko.
I bokalak ondoko frikari eta afrikarietan eragindako bustidura edo palatalizatzea da beste ezaugarri garrantzitsu bat: haitz > hatx, gaitz > gatx, bakoitz > bakotx ditugu maila arautuan. Beste batzuetan, goiz > gox ahoskatzen dogu, eta bardin eleiza > elexa, haize > haxe, leizar > lexar, izetu > ixetu edo baizen > baxen.
Kontsonanteak
Kontsonanteetan be ezaguna da txistukari diferenteen bardinketa, bai frikarietan, bai afrikarietan. Idatziz tz eta ts bereizten ditugu, baina ahoz ez. Halan: atzo hil ziran hamar atso kantu-atalean bardin ahoskatzen ditugu atzo eta atso. Era berean bereizten ditugu s eta z idatziz, baina ahoz ez: zu izenordaina eta suizena bardin oguzten ditugu: Zu, su emoiozu bedar-piloari. Bardin oguzten ditugu ikusi eta ikuzi (garbitu). Eta aspaldi bardindu genduzan itxi (zarratu) eta itxi (laga) aditzak.
Berba hasierako p-, t-, k- hotsak, gor ahoskatu edo ozen ahoskatu, batzuetan beste euskalkien bidetik doa bizkaiera, beste batzuetan ez. Halan gor ixten ditugu: torre, parkatu, kerexa, katigu, kurutze, edo berbakeren arabera batera edo bestera (kamara / ganbara, kili-kili / gili-gili), edo ozen egiten ditugu: bake, gorpu eta beste asko.
“J” fonemaz irudikatzen ditugun ebakerak be diferenteak dira eremu batetik bestera: yan, yo, yoan sartaldean, jan, jo, joan, giputz erara, erditik sortalderantz, baina dxan, dxo, dxoan erako erdibideko ahoskerak erdialdeko eta kostako herri eta uri batzuetan.
Hainbat berba zahar badira euskeran, bizkaieraz, alderdi batzuetan behintzat, “f” hotsaz darabilguzanak: afaria, ifini, frakak, infernua lakoak, nahiz era arautuan beti gomendatu ez.
Badira berba batzuk, bokal artean -d- daukienak, ekialderago -l- edo -r- daben lekuan. Halan bedar (bat. belar), edur (bat. elur), enada (bat. enara), edegi (bat. ireki), usadio, idar (bat. ilar), ida (ira) eta beste.
Ez ukatzailea aditz jokatuaren aurrean doanean, ahoz behintzat, aldaera fonetikoak jazoten dira, euretariko asko ekialderagoko hizkeretan be antzera egiten diranak: ez dabil > eztabil, ez noa > enoa, ez gatoz > ezkatoz, ez zara > ezara, ez jako > etxako, ez leuke > eleuke, ez badaki > ezpadaki, esaterako.