Euskal aditzaren arlo zabaletik puntu batzuk hautuko ditugu, bizkaierearen ezaugarritzat batzuetan, bereizgarritzat beste batzuetan.
Aditz partizipioa
* Badira bizkaieraz -gi atzizkidun aditzak ekialderago eta batuan –ki egiten dutenak. Hareetarikoak dira jagi, edegi, ebagi, erabagi, esegi, jaurtigi, usigi, eregi edo etsigi.
* Badira erromantzetik mailegaturiko aditzak, -adu > -au, -idu amaiera dabenak, ekialderago edo batuaz -atu, -itu diran bitartean. Lehen eredukoak dira: ailegau, altzau, azertau, kantau, pentsau edo euskal errokoak diran beste batzuk: ziurtau, barriztau lakoak. Bigarren eredukoak dira: elejidu, eskribidu, kunplidu, sentidu, aborrezidu erakoak. Horreetarikoak dira obeaidu, prijidu eta koiu/koxidu be.
* Badira izen-adjektibo jakin batzuetatik eratorririko aditzak, -tu egin ordez –itu ebaten dabenak. Hareetarikoak dira: baltzitu, hatsitu, hotzitu, hutsitu, putzitu edo satsitu, nahiz bizkaieran osterantzekoak be erabiliak diran: puztu, hustu edo sastu, kasurako.
* Badira horreez ganera, bizkaieraz itxura berezia daben aditz partizipioak edota gehien-gehien bizkaieraz agiri diranak. Amaiera-hizkien arabera banatuta:
- urten (bat. irten).
- eretxi (bat. iritzi), ipini (ald. imini, ifini), ikuzi (ald. iguzi), irakurtzi, igarri.
- iruntsi (bat. irentsi), jatsi (bat. jaitsi), eratsi, jausi, jaretsi (ald. jadetsi).
- atseden, emon (bat. eman), etxun (bat. etzan), jagon, itxaron, jardun, jaregin.
- ixio,igaro, erazo, iramo (jaurtigi).
- izetu
Aditz izena
Bereizgarri garbiak ditu honetan bizkaierak, baina era berean bereizkuntza handi samarrak be bai eskualde batzuetatik besteetara bere barruan.
- Aditz izena eregiteko–te atzizkia darabilgu bizkaieran, ekialderako –tze darabilen kontestu askotan.
- Ibili ereduko aditzak: ibilten, biziten.
- Ikusi ereduko aditzak: ikusten, hasten.
- Urten ereduko aditzak: urteten.
- Bete ereduko aditzak: beteten, erreten, gordeten arautu dira, nahiz ahoz hainbat lekutan betetan, erretan, gordetan be esan.
- Jagi ereduko aditzak: jagiten, ebagiten, jalgiten, edegiten.
- Erromantzea jatorri daben aditzak, partizipioa -au ebaten ditugunak, orohar -etan atzizkia hartzen dabe aditz izena eregiteko, baina -aten eta beste aldaera batzuk bizk. ekialdean. Harako kopla zaharrak dinoanez: «Abadiñon San Blasetan, neskazaharrak bentanetan, mutilzaharrak engainetan». Eredu horretakoak dira amaibageko erreskada bat: olgetan, ailegetan, amatetan, barruntetan, ezkutetan.
- Aditz partizipioak -tu amaieradunak diranean, atzizki diferenteakaz bihurtzen dira aditz izen berbakera batean edo bestean. Halan ezagutu aditzaren aditz izen arautua ezagutzen da, baina bizkaieran zehar beste aldaera honeek be badira: ezagututen, ezaguketan edo ez(agu)etan.
- Aditz jakin batzuk, hartu esaterako, hartzen egiten dogu forma arautuan, baina ahozkoan badira besteok be: hartzean (antxina hartzaiten). Bardintsu: batzean (batzaitzen), kentzean (kentzaiten), galtzean (galtzaiten) edo sartzean (sartzaiten).
- Emonedo izan ereduko aditzek antxina emaiten egiten eben (eta gaur be Orozko aldean emoiten), baina ahoz zein idatziz emoten, izaten erabilten dira gaur egun.
- Aditz nominalizazinorako gehien erabilten dan atzizkia –ten / -tea da, nekezago ikusten da -tzen / -tzea forma. Bestalde, euskalki honek gainerakoetatik bereizten dituen formak darabiltza: 1) formarik eta hedatuena partizipioaren gainean eraikitzea da (zabalduten, amaituten…); 2) partizipioan -au amaiera daukaten kasuetan -(k)etan ezartzen da (kantau > kantetan, olgau > olgetan); 3) silaba bikoetan ostera -tzean forma ere erabilten da (hartzean, batzean…).
Aditz jokoan diran aldeak handiak eta askotarikoak dira, baina Atari honetan eskegirik dagoan Bizkaieraz idazteko jarraibideak atalean aurkituko dau behar dauenak bizkaierako aditzaren jokoa, dan-dana ez bada be, bai gehientsuena.
Zehaztasun labur batzuk bakarrik
Aditz trinkoan euki aditzaren jokoa askoz indartsuagoa da edun aditzarena baino. Dirua dauka edo gogo handia dauka askoz gehiago esaten da,dau aditzaz baino. Azkenengo hau bestelako honeetan erabilten da sarriago: laguna dau, osabea dot, alkate dogu; hau da, izan lokarri-aditzaren balioaz.
Egon aditzaren jokoa askoz erabiliagoa da izan aditzarena baino, trinko gisa darabilgunean, baina kopulatiboa izan barik. Aro ona dago esaten da gehiago, da baino; Jente asko dago gehiago, da baino.
Ibili eta jardun aditzakaz adierazoten ditugu ekintza edo prozesuak, beste euskalkietan ari izan multzoaz adierazoten diranak: Beharrean dabil edo Berbetan dihardu, ekialderago ari da esaten dana.