Nerabezaroan neskato-mutikoek haurtzaroko jolasak apurka-apurka alde batera itxi eta hamasei-hamazazpi urteko neska-mutil egin arte haziz joango dira. Gaztaroari jagokon adin-tarte horretantxe egongo dira harik eta sasoiko neska-mutil egin arte.
Gaztaroan sartzean janzkera eta orrazkera bera be aldatu egiten eben gazteek. Lehengo mendearen erdira arte sasoi horretan hasten ziran mutilak praka luzeak janzten eta neskak txirikorden eta trentzen ordez ulea luze ixten. Mende hasieran buruan koloretako painelua janzten hasten ziran (ezkonduak zuria, alargunak baltza).
Sasoi horretan eskolea itxi eta lanean hazten ziran mutilak, morroi edo lanbideren batean ikasle. Neskak etxeko zereginei erantzuten ikasten eben.
Gaztaroaren beste ezaugarrietako bat izango da maitasun kontuetan hastearena: errondak eta neska-mutilen arteko lehenengo hartu-emonak, jaiak eta dantzaldiak sexu bietako gazteek bat egiteko gune aproposa izango dira.
Mendearen hasierako hamarkadetan eguneroko zereginek, (iturrira uretan joatea, askotan neskentzat arratsaldean urteteko aukera bakarra), taldetan egiten ebezan lanek eta urtaro bakotxaren amaierako zereginek (arto-zuritzea, gari-jotea, linu-igurtzia) alkar ikusteko aukera emoten eutsien gazteei. Eleizako ospakizunetarako urteera be une aproposa zan horretarako. Neskak ahalik eta ondoen preparetan ziran, mutilak portikuan itxaroten egoten ziralako. Mutilak beti egoten ziran prest bidean apur baten laguntzeko.
Baina bat egiteko, erlazionatzeko eta hartu-emonak hasteko unerik aproposena domeketako dantzaldia zan. Hara joaten ziran gazte guztiak jantzirik dotoreenakaz (askotan baserritik abarkakaz urten eta plazara heldukeran zapatak ipini), auzoko herrietako jaietara eta erromeriara joaten ziran modu-moduan. Leku batzuetan beste herri batzuetako jentea b etorten zan, eta horrek hartu-emonak erreztuteko aukera emoten eban. Garizuma garaian ez zan dantzaldirik egoten, galazota egoan, eta horren ordez domeketan paseoaldiak egiten ziran.
Horregaz lotuta dago neska laguntzea. Jolasaren ostean, mutilak neskatoari etxera laguntzen eutsanean alkarregaz ebiltzan seinalea izaten zan. Batzuetan, etxekoak edo herrikoak enterau ez eitezan, plazatik banatuta urteten eben eta gero lekuren baten geratu eta alkarregaz egiten eben bidea.Alkarregaz hasteko modua izaten zan mutilak neskeari galdetzea etxera laguntzea nahi dauan.