Dakienak dakiEtnografia

Bizitzako ohikuneak I: Jaiobarriak

Posted on

Bizitzako ohikuneak, egoera aldaketako erritoak edo egoera aldaketako ohikuneak, adin maila batetik besterako igaroaldia adierazteko ohikuneei esaten jake, edo gizarte, politika edo erlijino-maila barri batera igarotean egiten diran ospakizunei.

Erritoak mailaka agertzen dira eta euron sekuentziak bizitzaren prozesua osatuko dau helduarora arte: jaioberriak, haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa, ezkongaiaroa eta ezkontzaroa.

Jaiobarriak

Umetxuaren sexua jakiteko egiten ziranak: gaur egun dagozan bitartekoakaz laugarren edo bosgarren hilabeterako badakigu jaioteko dagoan umea neska edo mutila izango dan. Baina horretarako modurik ez egoanean be, egoten ziran umearen sexua igarteko bide edo sineskerak:

  • Amaren triparen formeagaitik:
    tripa biribila = neskatoa Tripa aurrerantza = mutila
    Tripa handia = mutila Tripa eskasa = neskatoa
    Tripa altua = mutila Tripa bajua = neskatoa
  • Amaren aurpegiko mantxak:
    Aurpegi garbia = neska Mantxak = mutila
  • Bota gureak, bihotz errea, molestiak = neskatoa; Haurdunaldi ona = mutila
  • Ilargiaren eraginaren arabera:
    Ilbeheran haurdun geratu ezkero = neska Ilgoran = mutila
    Iretargi betea = mutila Iretargi barria = neskatoa

Jaioberriakaz lotuta dago haurrei umeen jatorriari buruz emoten jakezan azalpenak, edo umeen sineskeraren arabera asmatutakoak. Orain dala gitxira arte, umeen jatorria, gai tabua zan, sekula be umeen aurrean aipatzen ez zana, eta gauzak diran moduan azaldu beharrean edozein azalpen emoten jaken euren jakingura hori aldetik kentzearren.

  • Zikoinak, Parisetik. Umea trapu edo izara baten batuta ekarten dau mokotik eskegita, eta beti gabaz, gero tximiniatik sartu eta sehaskan ixten dau. Hau da umeen artean egon dan sineskerarik zabalduena, batez be Nafarroan eta Araban, herrialde bi honeetan zikoinak egoten direlako. Bizkaian eta Gipuzkoan beranduago sartu zan sineskera hori, 50-60ko hamarkadetan. Geroago telebista eta marrazki bizidunen eraginez, guztiz zabalduta egon dan sineskera da hau.
  • Emaginak (partoan laguntzen eban andreak) edo medikuak ekarrikoa. Sineskera hau aurrekoa baino zaharragoa da. Emaginak edo partoan laguntzen eban beste edozeinek: medikuak, enfermerak, praktikanteak… ekarten eban kaja baten sartuta.
  • Zerutik ekarriak. Hau da azalpen guztietatik zaharrena. XX. mende hasieran, umeak zerutik etorten zirela be pentsatzen zan, aingeruak edo Jaungoikoak ekarten zituela.
  • Ume barria erosi. Batez be Nafarroan jaso da sineskera hau. Umea jaioteko egoanean, gurasoak euren seme-alabei, dirua aurreratu dabela eta ume barria erosiko dabela esaten eutsien. Uri handietan erosten ziran: Iruean, Donostian, Bilbon.
  • Etxe inguruetan aurkitu: Lekua beti aitaren lanbidearen araberakoa izaten zan. Artzainek artzain-bordan aurkitzen eben, ikazkin eta egurginek mendian edo basoan; arrantzaleek, itsasoan, sare artean.

Gaur egun, bai etxean eta bai eskolan informazino gehiago emoten da, eta urte batzuk euki orduko gitxi gorabehera jakiten dabe umeak nondik datozan. Horregaitik aurreko azalpen guztiak, 70eko hamarkadan galtzen hasi ziran.

Joan dan mendearen erdi aldera arte, emakumeek etxean bertan eukiten ebezan seme-alabak, herriko emaginaren, senitarteko emakumeen eta auzokoen laguntzaz. Erditzea etxeko gertaera zan eta emakumeek baino ez eben bertan parte hartzen. Medikuari partoa gatxa zanean edo arazoak egoten zirenean baino ez jakon deitzen.

Erditzeagaz amaitzeko bitxikeria bat: XX. mende hasieran, batzuetan emakumeak umea ohe gainean izan beharrean, aulki berezi baten edo bere senarra, edo beste andra baten altzoan jesarrita ekarten eban umea mundura. Kasu batzuetan orduetan egoten ziran postura horretan. Era horretara partoa erraztu egiten zala pentsatzen zan.