Bizente Sarria 1767an jaio zan Etxebarriko eleizatean, Bilbo ondoan. Horrek esan gura dau Bizkaiko klasiko nagusiak baino gaztetxoagoa dala. Juan Antonio Mogel 1745ean eta Pedro Antonio Aibarro 1748an jaioak dira, beraz, belaunaldi hori baino hogei bat urte gazteagoa dogu Sarria.
Horrezaz ganera, Sarria egon zan San Frantziskoko komentuan Pedro Astarloa be egon zan. Pedro Astarloa Bilbon Gabon egunez egiten ziran Gabon-kanten egilea izan zan hainbeste urtetan.
Beraz, esan daiteke ez dala hutsetik hasi, bazituan aurretiko fidagarriak, baita ordena barruan be.
Bizente Sarria lekuko ezin hobea da XVIII. mendean Etxebarri eta Bilbo inguruetan egiten zan euskerea ezagutzeko.
Ospakizun handietan, jai ospetsuetan misinoak egiten ziran herrietan, eta halakoetara sermolariak ekarten ziran. Horreetarikoak, josulagunak Espainiako erreinuetatik aldenduak izan ziran ezkero, frantziskotarrak ziran ekinzaleenak edo gogotsuenak.
Sarriaren sermoiok euskeraz dagoz, arrazoi bigaitik. Alde batetik sermolari zehatzak eta finak ziralako, gero esango zituen sermoiak idatziz ipinten ebezan. Eta bestetik, behin idatzita, pleguetan ipini eta gorde egiten ziran, ze gai edo motibo euken, eta gero beste batzuk be erabilten ebezan sarritan.
Bizente Sarriarenak, berak idatziak gehiago izango ziran, baina gorde diranak berak Ameriketara eroandakoak dira. Eta pentsau lei zeozegaitik eroango ebazala, berak estimadu eukiko ebazalako edo. Horri eskerrak, eta hango biblioteka edo administrazinoari eskerrak gorde dira sermoiok. Hak idatzitako sermoi batzuk, euskerazkoak zein gaztelaniazkoak, Berkeleyko Bancroft Liburutegian gorderik dagoz.
Xabier Altzibarrek emon eban lehenengoz sermolari honen barri, berari zor deutsagu euron ezagupidea. Gerora, Josu Bijueska lankidea Santa Barbarako unibersidadean irakasle egoala-ta, hari eskatu geuntsan kopia bat zuzenduteko.
Bizente Sarria (1767-1835). Sermoitegia izenburuagaz haren testuak batzen dituan liburua atondu eben Nagore Etxebarriak eta Ainara Apraizek. Labayru Ikastegiak Jarein bilduman argitaratu eban liburua 2009an.
Liburuan, testuak gaurko grafian aurkezten dira. Horregaz batera, bertan datorren CDan jatorrizko moduan dagoz. Berehala ikusten da testuok gaurko grafian irakurrita bape gatxak ez dirana aituteko.
Euskereari jagokonez, Etxebarriko euskereak gehiago joten dau Nerbioi ibarrerantz Arratia alderantz baino.