Ez da asko entzuna gure artean hitz hori, baina aspaldion hedabide batzuetan sona eta arrakasta irabazi dituala dirudi. Bistan, bistara, bistatik, bistakoa ohiko hitzak ditugu euskeraz, baina –izo atzizkiaz ez horrenbeste. Atzizki horregaz ezagunagoa da mila bider pasadizua.
Gaztelaniazko atzizki garbiak diranak euskeraz sartzeko joera hori ez da barria: epeldadea, artezidadea, tristezia, finezia. Batzuk zabal onartuak dira, bakardade esaterako. Beste batzuk gitxiago: nekoso, nazkante lakoak.
Sortzen diran berben indarra denporeak frogatzen dau, lapikoa sutan probatzen dan antzera. Horretariko batzuk aurrerako dira, beste batzuk ez. Nazkante edo nahastoso hitzek nekez ailegau leitekez urrun, nazkagarri eta nahastatzaile lehiakide indartsuagoak izanda. Horrek ez dau kentzen, herri-erregistroan erabilgarriak izatea, batez be halako adierazkortasun apartekoa erantsi gura danean.
Hizkera jasoan behintzat, bistadizo baino egokiagotzat ditut: begirada bat, begiratu bat eredukoak.