Hatarikoak dira hainbat eta hainbat izen, euren esangura propioan zenbatu ezin diranak, edota ekanduz zenbatzeko ohiturarik ez daukaguzanak. Bildur izenaren kasua horixe da. Bildurra esaten dogunean, ez darabilgu *zenbat bildur ditugun esateko, eta bai, ostera: zenbaterainoko bildurra, zein neurritako edo zein gradutako bildurra; hau da, azken baten zertaraginoko bildurra, zelaseko bildurra dagoan aditzen emoteko.
Horreetariko kasuetan, asko zenbatzailea barik, handia edo beste adjektibo edo adnominal bat erabilten dogu. Ez dinogu: *bildur asko daukagula, ezpada aukeran emon geinke esatea: bildur handia, bildur itzela, negargarriko / itzelezko / sekulako / upealako bildurra edo horreetarikoren bat.
Gaztelaniak ez deusku asko laguntzen bereizkuntza hori zehatz egiten, ze ohikoa da esatea: “tengo mucho miedo”. Eta bardin esaten dogu: “tengo muchos amigos”.
Zelako izen motak sartzen dira hemen, *asko barik handia tipoko ereduaz hanpatzen diranak? Sailkapen labur bat egingo dogu
– Batetik, giza sentipenen adierazle diran izenak, bildurra bera dan lakoak. Berbarako: Gogoa. Haserre. Ikarea. Izua. Lotsea. Mina. Penea. Poza. Sentimentua. Susmoa. Tristurea edo tristezia. Gogoeta. Bengaia. Mehatxua… eta asko luzatu leiteken izen-zerrendea.
– Gizakion sentsazino psikosomatikoak be hemen sartzen dira. Horreetarikoak dira: Gosea. Egarria lango izenak.
– Eguraldiaren eremuko hainbat izen be bai: Beroa. Hotza. Edurra. Euria. Txingorra. Sargoria. Lehia edo Izotza.
– Abstrakzino munduko zenbat gura izen. Taiu honetakoak dira euskeraz -tasun atzizkiaz erakarririko izen asko, kualidade-adierazleak. Abstrakzino puntua daben izenen artean aitatu leiz: Balioa. Estimazinoa. Eskandalua. Itsutasuna… Halan esango genduke: “Bizimoduan eza ezagutu dauenak balio handiagoa emoten deutso daukantxoari edo irabazi dauentxo horri”.
Izen honeek guztiok, adiera normalaz darabilguzanean, ez ditugu asko-gitxi diran legezko zenbatzaileakaz laguntzen. Izaeraz neurgaitzak diralako. Nekez esaten dogu:*bildur asko, *hotz asko, *lotsa asko, *gose asko edo *min asko.
– Baditugu hainbat eta hainbat izen, neurgarriak diranak, baina jeneralean zenbakarri ez diranak. Horreetarikoak dira: Barrea. Negarra. Neurria. Prezioa legezko izenak.
– Zein da, zenbakarri ez diran izenekin normalean hartuko dogun estrategia?
Goranzko neurria emoteko, *asko, *hainbat moduko ‘askotasun edo aniztasun’ zentzuna daben zenbatzaile zehaztugabeak baztertu, eta adjektibo edo izenlagunen aukerea ustiatu.
Hartzen badogu haize izena, bazter itxiko dogu *Haize asko esatea, eta hautatu geinkez honango batzuk: Haize handia | haize itzela | sekulako haizea | itzelezko haizea | ikaragarrizko haizea | negargarrizko haizea e.a.
Baina ez daigun ahaztu, berez ez neurgarri ez kontagarri diran izenak be kontestuak zenbakarri bihurtzen dituala batzuetan. Errefrau zahar baten lekukotasuna: “Bildur bat da abereetan ta asko gizonetan. «Un miedo hay en los animales y muchos en los hombres»” (RS 391).
Adolfo Arejita