Bilboko gabon-kantak (1755-1832) liburua argitaratu barri dau Gipuzkoako Foru Aldundiak Auspoa sailean. Antonio Zavalak hil aurretik prestatuta eukan liburua da, bai testu bilduma bai sarrerea. Horreri Jabier Kalzakortak epilogoa gehitu deutso, interesgarria hatan be.
Pello Esnal eta Jabier Kaltzakorta arduratu dira Zavalak batuta eukazan testuak atondu eta argitaratzeko prestatzeaz.
Gabon-kanta honeek Bilboko eleizetan Gabonetarako beren-beregi sortutako kantuak dira. XVIII eta XIX. mendeetakoak dira, eta Zavalaren ustez, halako askoren egilea Bizenta Mogel izan ei zan.
Antonio Zavala 2009an hil zanetik, berak 1961ean sortutako Auspoa bildumaren ardurea Pello Esnal, Jabier Kalzakorta eta Joxemari Iriondoren esku dago, Zavalak berak halan itxi ebalako. Argitaratu, ostera, Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten dau.