Atzizki hau, -kuntza, aurrez pentsa leiteken baino ugariagoa da gure tradizino idatzian, oraintsuan edo azken hamarkadetan ezagutu dauen hitz-sorkuntza indar barritua edo aurrerakuntza bazter itxita be.
Euskera kultura-hizkuntza lez garatzen eta hedatzen joan dan ginoan, kultura-hitz barrien sorkuntza be bizituz joan da, eta eratorkuntza prozesu horretan atzizki hau izan da mesedetuenetariko bat. Izan be, euskal edo jator usaina darie beronegaz sorturiko eratorriei, batetik. Eta zentzun dinamiko baten adierazle diran izen abstraktoetarako ondo ekantzen dan atzizkia dogu, bestetik.
Jakina da badituala lehiakideak be -kuntza atzizkiak. Hitz edo berba hartzen baditugu oin-hitz modura, hizkuntza eta berbakuntza garatu dira, baina bi horreen aldamenean badira beste batzuk: hizketa eta hizkera batetik eta berbakera, berbeta, berbaikune bestetik. Ibili aditzaren gainean eregia da ibilkuntza, lehiakide dituala ibilkune, ibilketa eta ibilkera, zein bere adiera edo zehetasun bereziakaz.
Hizkuntza eta berbakuntzaren antzeko kideko eratorriak beste gehiago be badira. Halan, antolatu eta eratu aditzen gainean sorturiko antolakuntza eta erakuntza izenak.
Euskerazko zientzia-izen moderno asko sortu dira -kuntzari esker. Medikuntza arloan ebakuntza, adibidez, edo urigintza (hirigintza) arloan eraikuntza.
Hazi aditzean oinarrituak dira hazkuntza guztiak, besteak beste abelazkuntza. Eta hezi aditzaren gainean eregia, hezkuntza. Ikasi aditzean, ikaskuntza, eta irakatsi aditzean, irakaskuntza. Ikertu aditzean, ikerkuntza. Prestatu aditzean, prestakuntza. Barritu/berritu aditzean eta ez horren jatorriko adjektiboan, barrikuntza /berrikuntza, gitxi batzuk izentetearren.
Gaur egungo gai eta jakintza arlo diferenteetan dago ondo ordezkaturik atzizki hau. Dala irakaskuntza, dala ekonomia, dala filosofia, edo bardin artea.
Baina jo daigun atzera azterren zaharragoen bila. Azarri (ausartu) aditz zaharretik garatua da azarkuntza (ausardia), gure errefrau zaharretan agiri dana: Azarkuntzeak bildurra uxa bez, ze ilteko edo biziko gudura goakez (RS 165).
Zemai izen zaharragotik garatua dan zematu aditzetik eratorria dogu zemakuntza izena be, zemai edo mehatxuak egiteko berbazko egintza adierazoten dauena. J. Mateo Zabalaren idatzietan ugaria: iragarteko ze gorrotogarriak dituzan seme-alaba gaisto, gurasogin gogorrak, egiten deutsez kontrako zemakuntza itzalak. Juramentuetan lau eratakoak dagozala gogorarazoten deusku idazle berorrek: Lau modutakoa da juramentua: baieztua, edo baiezkoa, zematugina / zemakuntzazkoa edo amenazazkoa, biraozkoa eta aginduzkoa. Aibarrok juramento conminatorio erdal kontzeptuaren ordaintzat dakarsku berori.
J. Mateo Zabala bilbotarra dogu atzizki honi emendioa ondoen antzekoa ateraten deutsana, baina artean Mogelek eta Aibarrok be polito ustiatu izan dabe euren idatzietan. Hiruron testu marapiloko hariari tenka eginez, hainbat kontzeptu abstraktu adierazoteko izen eratorkuntzagaz topo egingo dogu. Abede ordenaz aitatuko ditugu batzuk. Arkuntza, presentzia adierazoteko: Sinistu egidazue, guztizko kalte negargarriak etorri dira, gurasooak umeen arkuntzan (parean) alan eginagaiti. Haserrakuntza (haserrekuntza), haserre edo haserretu hitzen gainean sortuak dira, artean batez be Mogelek eta Aibarrok darabilen hitza, baina ugarien idazle bilbotarrak horraitino; ondoko pasarte zorrotz honetan zehatz txertaturik: Kanpora bada, biraoak, kanpora juramentu alperrak, kanpora aserrakuntzak ta ordikeriak, kanpora berba loiak, zantarkeriak ta seigarreneko guztia. Atzerakuntza be taiu zaharreko izena dogu, baina ez gaurko adieran, ezpada retraimiento, desgana zentzunean. San Pabloren hitzetan: Jaunak, zeuek dakizue Asian sartu nintzanetik, zer ta zelan egin dodan zuen artean egon nazan aldi guztian; zelan izan ez dodan atzerakuntzarik zeuei Jangoikoaren bidea erakusteko. Berbakuntza eta hizkuntza izenen gainean eihoriko eratorriak dira (berba eta hitz), batzuetan lengua, lenguaje esangurarik orokorrenaz: Euskaldunak bagara, zetarako berba egin ez geure asaben berbakuntzan? abertentzi eta epai zorrotza zuzentzen deutse Mogelek herritar euskaldunei. Beste batzuetan berbaldi, alokuzino edo diskurtsoa zentunaz darabil: Alexandroren berbakuntzia bere gaixotasunian adiskide ta osagileai. Baina berbakuntza, berbeta modu, berbakera, modo de hablar adieraz agiri da beste idazle batzuetan: Biraoa, berbakuntza gaiztoa, kanta soinu loiak ta berba zantar desonestuak ta ain lotsagarriak (Aibarro). Bilakuntza dogu, gaur nekez, baina gure klasikoetan sarriago agiri dan beste berba bat, baina esangura espezifiko bategaz, gaur azterketa, esamina esango gendukenaz, batez be kontzientziako bilakuntza kontzepturako. Egikuntza, hau be gaur mehats erabilia, hazaa adierarako erabilia da: Sein-jokoak izango dira orduan geure begietan erreinuetako gorabeerak, gerrak eta osterantzean erregeak eskuartean erabili oi dituezana egikuntzarik andienak eta mundu zabaletik atxina ikusi doazan jazokerarik astunenak (J. Mateo Zabala). Estukuntza hitza baino estura, esturasun, esturaldi eta oin bereko beste batzuk zabalago dabilz gaur, baina ez jat ukatuko eratorri bikaina danik, idazle beronen honango pasarte bietan kasurako: Zure adiskide batek bear dituz eun dukat bear-ordu edo estukuntza baterik urteiteko; Baia onelango estukuntzetan estuak leku emoten badau, oba da abade maisuari lizentzia eskatutea, ta gero bere baiezkoagaz bear egin. Gertakuntza eta jazokuntza izenak be gaur bakan entzunak dira, gertaera, gertakizun, gertaldi, jazoera eta honangoak zabal dabilzan bitartean. Bilbotar idazlearen adibide bana: Eneunkio bein bere azkenik emongo onen ganean jazo direan gertakuntza edo exenpluak esan gura banituz. Entzun, gurasoak, zeuen bildurgarrirako san Jeronimo andiak dakarren jazokuntza [jazoera] arrigarria.
Eratorri gitxi entzunak dira beste honeek be: Gurakuntza (naikunde ta gurakuntzak goiturik). Ibilkuntza (munduko zorakerietatik, ibilkuntzetatik), gaur ahaztuxe, ibilera, ibilkune, ibilketa, ibilaldi hitzen mesedetan. Larrikuntza (estutasun ta larrikuntza andiak). Luzakuntza (penitentzia egiteko erabili nituzan atzerapen ta luzakuntzak). Gaur baztertuxe ditugu era berean batzakuntza eta bilkuntza hitzak, batzar, bilkura, bilera eta beste batzuen mesedetan.
Hainbat eratorri zahar, gaur be zabal dabiltzanak dira. Gorago aitatu dogun haserrekuntza dogu horreetariko bat. Errakuntza dogu beste bat, tradizinoan zein gaur zabal dabilena. Zeinbat errakuntza ta oker-uste ez da izaten pasartean sinonimo eta guzti argitzen deusku idazle bilbotarrak beronen esangurea. Eta bide beretik, kobekuntza, okerkuntza eta prestakuntza.
Azkenekoz zenbakiekin eregiriko eratorriak aitatu nahi neukez. Bakuntza, batzakuntza eta bikuntza zehazki. Bakuntza, unin, alianza esanguraz lekukotua dogu ekialdean: Ta kongregazio ta kofradi, kofradeen ta kongreganteen noizean beingo bilerak, bakuntzak eta juntak dituena. (Mendiburu), baina Azkuek Orozkon neska-mutilen arteko bakuntza erregistratu deusku, ezkontza edo hurreko esanguraz. Batzakuntza izenaren atzean batzan eta batzandu hitzak ditugu, sartaldean guztiz ezagunak, eta gure idazleetan ondo lekukotuak. Neska-mutilen gau-bigirak dirala-ta darabile behin baino sarriago gure sermoilariek izen hau: Izan doaz bigirak, gauetako mutil-neskatilen arteko batzakuntzak, erroldak, oletara batuteak (J. Mateo Zabala).
Bikuntza, lehenago, etxe edo teilape berean bizi ziran auzo edo familiakaitik erabilten zan: baita bere litxurrerietan dabiltzazanak, emen artaburu batzuk ostu, an gari puska bat, bestean kabilla batzuk; edo bikuntzako lagunari orain abiko arrautzak, guero oilo bat eta alan. Bikuntzan biziteak gure artean oirantsura arte beste esangura bat euki dau. Etxe edo baserri berean guraso zaharrak eta euren seme edo alabearen familia, senar-emazte gazteak, etxe horretara ezkonduta bizi diranean, baserrietxe horretako irabazi guztiak erdibana egin behar ditueneko kasua. Etxea pobrea bazan endemas, bikuntzan bizitea estukura handikoa izaten zan. Gaur ahazturik gagoz ia bikuntzako bizimodu horregaz. Baldin etorkizuneko ekonomia larrialdiren baten atzera horretara ez bagaroaz.
Iturriko
2016-12-16