Bi bizikleta egiturearen ondoan, zuzentzat hartzekoa da Bizikleta bi esatea? Hau da, bi zenbatzailea izenaren atzetik dala.
Entzunda eukiko dozue herri-igarkizun bat, neuk be txikitatik ezagutzen dodana: “Puntan punta bi, atzean zulo bi; artaziak dira ta ezetz igarri”. Azkuek aspaldi batu eban.
Bi zenbatzailea, izen edo adjektibo bategaz batera doanean, sartaldean eta erdialdearen parte baten atzetik ipinten dogu, eta erdialdetik ekialderantz izen edo adjektiboaren aurretik. Bi-biak dira artez eta zuzenak; baita euskera batuan be. Euskaltzaindiak ez dau horretan galgarik ipini: bi-bitsuak emoten ditu zuzentzat.
Iparraldean, barrualdean, biga erabilten da, beste enparauok bi soila darabilgunaren ordez. Gogoratu Mikel Laboak behinola zelan kanturatu zituan Baga, biga, higa… herri-errezitaduaren lehen zenbakiak.
Azkuek aspaldi ohartu eban bere Hiztegi Nagusian, bizkai-euskeran ez eze, gipuzkeraren sartaldean be bi zenbatzailea atzetik erabilia izan dala. Berenberegi dino: “En V y G-goi se pospone. Gizon bi (V, G-goi). Gipuzkoako Goierri aitatzen eban. Eta Beterrian (Tolosa aldea) eta ekialderantz: bi gizon. Eta hor sartzen ditu Nafarroa garaia, lapurtera, zuberera eta erronkariera. Zer esanik ez, Nafarroa beherea.
Baina zenbat eta atzerago goazan denporan eta geure hizkuntzaren lehenean, bi zenbatzailearen izen osteko jarlekua erabiliagoa zan. Hara datu bi, horren agergarri.
– P. Lafittek bere gramatikan, argiro gogorazoten deusku, lehenagoan Iparraldeko kostaldean be bi izen-adjektiboen ostean ipinten zalakoa. Eta horren sustraian “unidade duala” izatearen arrazoia darakus. Bat zenbatzaileak, oinarrizko zenbatze-unidade lez izenaren atzeko kokaera dauen legetxe, bi be, unidade dualaren unidade funtsezkoa izanik pentsaera zaharrean, bat zenbatzailearen ordena bera jagon izan dauela. Hitzez hitz dino: «Bi, deux, se rencontre en labourdin ancien construit exactement comme bat. Ex.: urhats bat eta urhats bi» (Gramm 165).
Larramendi hizkuntzalari ezagunak be, XVIII. mende erdian bere hiztegian normaltasunez erabilitakotzat dakar bi izenaren atzetik. Dino: “(A dos) manos, con mucho gusto, esku biaz, esku biakin» (Dic.Tril.). «(De) dos, lo que consta de dos, oin bikoa, de dos pies, kana bikoa, de dos varas” eta zehazki dino: “y se pospone el bikoa«. Zer esan gura dau horrek? Gipuzkerarik gehienean be bi, bikoa, atzetik ipinteko usadioa izan zala lehenagoan nagusi.
Beste era batera esanda: sartaldeko euskeran iraun dauela indarrean, beste hizkeretan galtzen joan dan bi zenbatzailearen sintaxi zaharra.
Danon ezagun diran esapide batzuk gogorarazoko ditut. Iparraldeko zahar bat: «Esku bietan, dans les deux mains». Sartaldeko besteok: «Anka-bikua (adj.), bípedo» (Tor. Etxeb Eibar), «Arpegi bikua (adj.), hipócrita» (Tor. Etxeb Eibar), «Egun birik bat, uno de cada dos días […]. Baita aste birik bat, urte birik bat» (M.Elexp Bergara).
Sintaxi-egitura horrek ekialdean be are luzaroan iraun dauela esan daiteke gizakion funtsezko izenakaz: gorputzeko atal “bikoak” adierazoteko, berariaz: begi bi, belarri bi, oin bi, esku bi… Txahal mardo haragitsuagaitik sarri entzun dot esaten: “atzebiko txahala”. Ordua esakeran be: ordu biak esaten dogu, ordu batak dinogunaren egitura berberaz. Osoaren parte lez erdia dinogun legetxe, osoaren parte biak aditzen emoteko berez erabilia da: erdi bi Pirineoz beheitian, bi erdi baino zabalago.
– Gipuzkerazko dotrina zaharretan ezagunen antzekoa izan dan bat, Juan Irazusta apaizarena dogu, XVIII. mende azkenetakoa (1793). Alkizako semea bera, eta Hernialdeko erretore izan zana: Gipuzkoako Beterrian. Dotrina honetan be, Gurutze Santua zelan egin, holan zertzelatzen dau: “Egitea gurutze bat eskuiko eskuaren beatz biakin bekokitik bularretaraiño, ta sorbalda ezkerrekotik eskuikoraiño, deitzen zaiola Trinidade Santisimoari.” (Irazusta Doctrina).
Baina aldi berean gogoratu daigun, badirala egitura batzuk, bi aurretik darabilguzanak guzti-guztiok. Halan, bi zenbakia zenbaki nagusiago baten barruan sarturik doanean: bi mila, bi milioi, bi miliardo esan daroagu. Eta honako esapide batzuetan be aurretik: bi bider, bi aldiz.
Adolfo Arejita