Gaztelaniaz hori bera normalago esan gendukean: ‘Mucho mejor’, baiezkako egiturea erabilita. Berbazko euskeran zahar edo aspaldiko dogun estiloaz baliatuta, ezezkako egiturea erabili dau goiko horretan hiztunak, baietza, baieztapena indartzeko.
Euskaldunok estilo joera handia dogu, zeozer indarraz edo enfasi bereziaz adierazo gura dogunean, kontrakoa ezezka adierazotea. Estilo horren erakusgarri garbia dogu, hatan be, goiko esaldi hori: asko(z) txarrago ez. Esatea lez: hainbat hobeto, asko(z) be hobeto, are hobe(ki).
Artajorran egitea, lehenago artoa eta indabea erein eta ostean, landarea behin erne ezkero sarri egiten zana, bedar txarrak kentzeko ‑askia, txomin bedarra edo beste edozetarikoak‑, ilaretan etozan landara ernebarriok ito barik eta indarrez gora egin egien. Atxur, jorrai, atxurkula edo dalako erremienteagaz jorratu. Artajorrearn eta jorradorearen autua generabilela ‑lehengo eran gaur ia galdua behintzat‑, lagun zahar on batek atera eban ahotik: “Neu be artajorran egin bakoa ez nok”. Esan gura ebana zan, sarritxo atxurren jardundakoa zala ereinda egoan ortu edo solo txatalean.
Ezezkako lokuzino edo esapide baten bidez baieztapen sendotua adierazoten daben esaldi-egiturak, euskeraz berez lez berbaratzen ditugu. Baiezkako adierazpen neutroa erabili ordez, kontrakoaren ezeztapena, indarra emoteko. Hara Zamarripak bere estilo-liburuan hauturik dakarskuzan batzuk: – Goizean goizetik -> Eguna barik (antes del amanecer) (Man.Vasc. 225). – Ixilik egon -> Txitik ez atera (no decir esta boca es mía) (Man.Vasc. 234). – Gauza izan, baliokoa izan -> Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula (no es grano de anís) (Man.Vasc. 234).
Ezezkako itaun erretorikoez baliatzea be guztiz ohikoa da. Halan, zalantzaz esatea: Ez gero? (¿Seguro que no?).
Harridurazko esaldietan are ugariagoa: “Hoba ez!” (¡claro que sí!) (Man.Vasc. 227). “Ez ba ze!”, “Ez behar be!” (¡vaya que sí!) (Man.Vasc. 238). “Ume hori ez dala berarena? Ez ba! Izan barik! Igual-iguala da ba eta!” (¡Por supuesto que es!). “Ez ba!” (¡Claro que sí!).
Ezezkako aditz egitura baten bidez harridura adierazotea be ohikoa da: “Joango ez gara, ba!”. “Etorri ez, ostera!”. “Ez dau gitxi jan, ia afari guztia berak garbitu dau eta!”. “Ez da hori makala!”. “‑Ez dakizu ala? ‑Bai, zera! Jakin barik!”.
Izen-adjektibodun sintagma bat izan daiteke batzuetan: “Ez dauka akordu txarra!”. Adjektibo sintagma soila beste batzuetan: “Ez da makala!”. Adberbio bat be bardin: “Erabagi zuzena hartu dau. Oker ez dabil.” Edo zenbatzaile bat: “Ez daki gitxi horrek, lelo antzak erakutsi arren!”.
Goiko esaldira bihurtuta: Asko txarrago ez! esapideaz baliatzea, ‘asko(zaz) be hobeto izango zan’ esateko.
Adolfo Arejita