Berton bertokoa eta sasoikoa # Bertakoak diralako.
Eslogan edo goiburu biren ereduak dira hor goiko biak.
Berton bertokoa eta sasoikoa, Durangaldeko eskola-ikastetxeetako jantokietan hurreko edo geure parajeko produktuak erabiltearen alde 2015-16 ikasturte honetan eratu daben kanpainea bultzatzeko.
Bertakoak direlako, gure artean ezaguna dan supermerkatu kate batek bere saltokietan ipini dauen iragarkia, bertoko haragiaren alde zabaldu dauen kanpaina baten barruan, orain dala denpora gitxi.
Super-, hiper- eta beste hainbat merkatu eta dendatan indarrez sartu da hurreko produktuen aldeko joera eta moda hori; mundu zabaleko hamaikatxu produktu eskeintzen diran tegi hedatsuetan, baztertxu baten geure inguru hurreko jeneroa opestea: okelea, gaztaia, esnea edo eztia dala. Eta behin eta barriro, zorioneko bertako produktuak gora eta behera.
Bertakoak direlako, iragarki honek, Bizkaiaren bihotz-bihotzean, atzera iratzarri deust, jaio eta bizi nazan parajeko euskalduna nazalako seguruen, neure subkonszientea, eta neure buruari egin deutsat: Nongoak dira ba haragiok? Argentinatik ekarriak ete dira, ba?
Ez daukat inork gogorarazo beharrik, bertan eta bertakoa tradizinoz han zein hemen, hangoa zein hemengoa esateko erabili izan dirala eta erabili daitekezala. Eta lehen zaharrean halan zala euskera osoan. Baina hizkuntzak, euskerea barru dala, ez dagoz sekula geldi. Ibili-ibili aldatu eta barritu egiten dira. Eta hara non, bertan bakarra geunkan esangura-eremurako era barri bat sortu zan orain dala aspaldi: berton, hurrekoari aditzeko, eta bertako bakarra geunkanaren aldamenean bertoko, geure hurrekoari jaramoteko.
Lehen-lehenean be gehienetan bereizi egiten ziran urrun-hurrekoak. Bertan, hutsean erabilita, han esateko, eta hemen bertan egitura bikotxa hurrekoarentzat. Lehengo testuetara adituta, bertan eta bertako gehien-gehienetan urruntasun eremuan erabili izan dira. Ez beti, jakina. Bertan eta bertakoa, gaur egun be, berton eta bertoko esaten ez dan lekuan, han zein hemen, hangoa zein hemengoa dira.
Mogelek Peru Abarka-n, ardaoa eta txakolina dala eta, Peru Landetakoren ahoz honako argibidea emoten deutso Maisu Juan osagileari: Leen ozta ezagututen zan matsardaua. Sagasti asko zirian, ta erriko ardao edo sagardauaz igaroten zirian bizkaitar ta beste euskaldunak. Diruba geratuten zan bertan. Bertan horregaz hemen Bizkaian adierazo gura eban. Mogelentzat, orduko markinarrentzat lez, bertan = hemen zan.
Baina euskerearen sartaldean berton eta bertoko hurbilak sortu edo garatu izan badira, hiztunen berezko senak agindutako arrazoiren bategaitik izan da. Hiztunek arrazoizko edo beharrezko sentidu izan dabelako urrun-hurrekoak bereiztea. Eta horretarako tresna egoki bat eukan euskereak, urregorri preziatua lez gehien sartaldean jagon eta gorde izan dana: -o mugatzaile hurbila. Eta inesibo kasuan be ezaguna dan on atzizki hurbila. Iparraldean, gaurko hizkeran, oixtion (arestion) esaten da hainbat lekutan. Eta Axularrek bardintsu: Eta orai bereon, presenteon hasten naiz, XVII. mende zaharrean.
Sartaldeko euskeran, gure jente edadekoak normal esaten daki: goizeon, goiz honetan, gabeon, gau honetan, iluntzeon, iluntze honetan, hemen etxeon, etxe honetan, edo dagoan hotzeon, orain egiten dauen hotzaz, adierazoteko.
Bide horrexetatik garatu dira azken mendeotan berton edo hemen bereon legezko egiturak. Eta nik dinot: ez al dira alagalako egiturak, euskerazko adierazpide adiutu baterako, berton eta bertoko hitzak, bertan eta bertako-ren ondoan? Berba bakarraz ez al ditue zehatzago adierazoten gugandik urrunagoko eta hurragoko espazioak? Labur eta zehatz, berba bakarraz: -a- neutroa edo urrunagokoa adierazoteko eta -o- markatua edo hurragokoa, geure ingurukoa, adierazoteko. Horretan nago ni. Eta ez al daukie hitz bikoiztuok, bizkaierarako ezeze, euskera baturako be balio erantsia? Horretan gagoz gu, behinik behin.
Non bizi zara? itaunari, Berton erantzuten dauenak, hemen esan gura dau. Baina erantzuna bada: Hemen bertan, hor hurrekotasuna hemen adberbioak markatzen dau, bertan neutroa dala. Hiztunak hurrekotasuna behin bakarrik markatzen dau normalean, ez birritan. Leku gitxiagotan esaten da hemen berton, hemen bertan baino.
Bego horretan auzia eta bakotxak bere senean erabili bei egokien dakusana.
Iturriko
2016-04-07